Aste honetan berriro ere iraganeko mamuek bisita egin didate. Ez da erraza izan berriro hauei begietara begiratzea. Baina oraingoan ez dut korrika ihes egin. Begirada eusteko gai izan naiz eta berauei aurre egiteko ausardia izan dut.
Bizitza honetan baditugu itxi gabe uzten ditugun hainbat ate. Aspaldian izandako gaizki ulertu eta liskarrak, hanka-sartzeak eta maite ditugunei esandako astakeriak. Denbora pasatu ahala nolabait tapatzen joan garenak. Badakigu, ordea, egunen batean gainezka egin eta gela horretan presiopean gorde den guztiak eztanda egin dezakeela.
Nik baditut halako batzuk. Ate batzuk besteak baino garrantzi handiagoa dute noski, eta horiek dira benetan beldurra eman lezaketenak. Ate hori berriro irekitzean zer topatuko dugun ez dakigu. Gure barruan bertan egon daitekeena irudikatzen dugu. Munstro beltz bat izango balitz bezala hor dago zain, eta ez dugu ez gogo eta ez indarrik izaten bertatik aterako den mamuarekin solasaldirik izateko.
Banekien momentu honek iritsi behar zuela, ez nekiena zen noiz… eta atea irekitzera joan naizenean beste aldean zer topatuko eta… nire beldur berak zituen mamuak!
Nik beldur handia, ikaragarria nuela konturatu naiz, baina beste aldeko mamua ez da etorri nik espero nuen bezala ni zapaltzera, ez da etorri niri mina egitera, ez da etorri iraganeko zaborra astintzera. Bera ere beldurrez josita etorri da. Nik ze esango ote nion beldurrez, eta iraganaz hitz egiteko beharrez.
Ez da hizketaldi luzea izan, baina inoiz hitz egin gabeko gauzak mahai gainean jartzea lortu dugu. Barkamena eskatu diot; berak ere eskatu didala-koan nago. Barkatu diot eta berak ere barkatu nahi didala sumatu dut.
Ez da erraza izan, atea ireki nuenetik egun batzuk pasatu dira eta oraindik ere ateari begira nago… mamua barruan geratu eta itxiko den beldurrez. Ez dut mamua barruan geratzea nahi. Atea ixten bada, lasai itxi dadila, betirako. Nik mamu hau maite dut dagoeneko. Asko lasaitu nau berarekin izandako solasaldiak. Asko lasaitu nau berak ere beldurrak bazituela ikusteak eta asko lasaitu nau iraganaz hitz egiten jarraituko dugula sentitzeak… poliki-poliki… zauriak sendatuz.
Orain nahastuta nago. Gauza asko mugitu dira. Negar egiteko gogo itzela daukat… eta neke handia. Baina badakit hoberako izan dela. Aspaldi eman beharreko pausua dela pentsatu dut, baina ez. Momentua orain izan da. Ez atzo eta ez bihar, gaur. Ziur nago aukerak ez direla kasualitatez etortzen, eta etortzen direnean aprobetxatu behar direla.
Ate hau ondo ixtea kostatuko zaigu, mamuak eta nik, biok batera itxiko dugu. Indarrak batuz eta poliki-poliki barruak askatuz.
Ixtea lortu bezain pronto itxi gabeko beste ateei begira jarriko naiz. Ate horien beste aldean dauden mamuak irudikatuko ditut. Baina oraingoan ez dut pentsatuko krudelak eta bihotz-gabeak direnik. Agian, azken mamu hau bezala, beldurtuta daude, agian beraiek ere nirekin hitz egin nahi dute, agian… eta bakarrik agian, nire buruan irudikatu ditudan munstro krudel horien erdiaren erdiaren erdia besterik ez dira!