Goierrin boxeoa berpiztea da Ordizia Punch Boxing Kirol Klub talde sortu berriaren helburua. Adin tarte desberdinetako 25 neska-mutilek osatzen dute gaur egun. Astean hirutan entrenatzen dute Ordiziako Majori kiroldegian.
Euskal Herrian boxeo zaletasuna ez da ez gauza berria, hamarkada batzuk atzera, indar ikaragarria zuen eta horrek ere bazuen bere isla komunikabideetan; eguneroko jarraipena egiten zitzaion; egun futbolak eta beste hainbat kirolek betetzen dute leku hori.
Ordizia boxeo zaletasunaren erakusgarri nagusietako bat da; testuinguru horretan egin zuen debuta, 1968an, Jose Manuel Ibar Urtain boxeolariak, Ordiziako futbol zelaian. Hortxe dago baita ere, jaietan egiten den Ordizia Sutan jaialdia. Goi mailako boxeolariak hartu izan ditu boxeo gauak urteetan zehar, anekdota eta istorio ugariz inguratuta.
1936ko gerra baino lehen ere izaten ziren borrokaldiak Ordizian. Nahiz eta 50eko hamarkadan bizi izan zituen urterik oparoenak. Afizio handia zegoen Ordizian, ringean aritzen zirenak ere ugari ziren. Afizio horren seinale da baita ere, orain hilabete gutxi sortutako boxeo talde berria; Ordizia Punch Boxing Kirol Klub taldea.
Joan den urtean, kontaktu kiroletan aritu izan diren hainbat pertsona elkartu eta boxeo talde bat aurrera ateratzeko lanean hasi ziren. Tartean daude Anartz Azkarraga, taldeko maisu Francisco Romero, Iker Arizmendi eta Alfonso Lodosa . Beraiek izan ziren proiektu «berri eta ilusioz beterikoa» den horren sortzaile, Azkarragak berak adierazi bezala.
Nortasuna eta helburuak
Arauak dituen kontaktu kirola da boxeoa. Azkarragak berak boxeoa ez du kirol oldarkor bezala ikusten, «guztiz kontrakoa baizik». Borrokarako pertsona baten aurrean jartzerakoan, egoeraren eta parean duzun pertsonaren azterketa egitea komeni da: «Aurrean duzunari nola irabazi pentsatu behar duzu, hortaz, buruari eragin behar diozu». Horrregatik, «ezin duzu kolpeka hasi egoera aztertu gabe», adierazi du Ordiziako boxeolariak. «Momentu horretan burua erabiltzea oso garrantzitsua da, eta dena ez da indarra izatea», nabarmendu du.
Kontaktu kirolek, «eguneroko estresa askatzen laguntzen» dutela esaten du Azkarragak. Horretaz gain, kirol horretan ikasitakoak «bizitza pertsonalean sortu daitezkeen gatazkeei aurre egiten ere laguntzen» duela gehitu du. Egunerokoan ere, «egoerak aztertzen saiatzen» dela esaten du, «ring-aren gainean egingo» lukeen bezala. «Segurtasuna irabazten laguntzen du».
Momentu honetan, adin tarte ezberdinetako 25 kide inguruk osatzen dute Ordizia Punch Boxing Kirol Kluba. Ez dute lokal propiorik, eta horregatik, Ordiziako Majori kiroldegian entrenatzen dute astean hirutan. Azkarragak adierazi duenez, «instalazio propioak izatera heldu nahi» dute, eta horregatik Ordiziako Udalera ere jo dute laguntza eske.
«Kluba kontaktu kiroletan aritu izan garen hainbat pertsona elkartu eta sortu genuen»
«Aurrekoari nola irabazi pentsatu behar duzu, hortaz, buruari eragin behar diozu»
«Talde lana sustatzea da gure Punch Boxing taldearen helburu nagusiena»
Anartz Azkarraga, Boxeolaria
Talde lana sustatzea da klubaren helburu nagusiena, Azkarragaren esanetan. Horregatik, taldea osatzen dutenek, elkarrekin entrenatu ohi dute: «Bakoitzak bere erritmoan, baina batera, eta ahal dugun guztian laguntzen diogu elkarri». Hasi berriek eta beteranoek, hortaz, batera egiten dituzte entrenamenduak, horrela «gehiago dakitenek, oraindik ikasten ari direnei erakusten diete» eta bide batez «taldeko kideen arteko harremanak sendotzen dira».
Boxeoari eta kontaktu kirolei lotu izan zaien irudi txarra atzean uzteko pausuak ematen ari da Ordiziako talde gaztea: «Lan asko dago egiteko, baina pixkanaka-pixkanaka lortzen ari» direla uste dute taldeko kideek. Kluba sortu zenetik «geroz eta jende gehiago gerturatu da boxeoa eta praktikatzen ditugun beste kontaktu kirolak probatzera, eta horregatik harro gaude».
Beste kirol askotan gertatu den bezalaxe, boxeoan ere pisu handia izan dute generoari lotutako estereotipoek, alegia, ez dela emakumeentzako kirola, gizonek beraien artean gizontasuna eta indarra erakusteko besterik ez zuela balio, eta abar. Boxeoak gurean bizi duen goraldiarekin, zorionez, etiketa eta aurreiritzi horiek hausten doaz gutxika-gutxika eta gimnasioetan zein ring gainean ikusten diren emakumeak gero eta gehiago dira.
Horrelaxe, Ordizia punch boxing taldean ere «emakumeek beren tokia dute». Kluba sortuzenetik, «hiru neska hasi dira», Azkarragak argitu bezala. Ordizia punch boxing taldeko ordezkariaren aburuz, beste kirol batzuetan bide hori urratzen doan neurri berean, boxeoan ere denbora kontua besterik ez da izango:?«Ziur nago gero eta emakume gehiagok egingo dutela ring baten gainean lehiatzeko hautua».