Nork ez du bizian galeraren hotzikara norberaren baitan sentitu? Nork ez du norbait hiltzean, edo maitagarri zuen ezer galtzean, kalte larriaren samina jasan? Hasieratik, jaiotzeko lehenengo urratsak ematera goazenetik, galeraren itzalak jarraitzen gaitu gertutik, batez ere eman beharreko pausoa hil ala biziko hari hauskorrean ematea egokitzen zaigunean.
Galera, atsekabea, samina…dolua, zenbat aldiz eta zenbat itxura diferentetan errotzen zaigun bihotzean! Adibidez, gaitasun fisiko-psikologikoak galtzean, lana galtzean, bestelako herri batera noratzean, bikotearengandik bereiztean…eta noski, inor gure ondotik, hil eta betirako urruntzen zaigu-nean. Zenbat sentimendu nahasi, zenbat emozio garratz korapilatzen diren gogoaren sakonean: antsietatea, nostalgia, haserrea, tristura, mespretxua, eta zer esanik ez, gorputzaren barruan: bihotz-taupa biziak, nekea, itolarria, negarra, nahasmena…
Sentimenduok hala, galdera ugari gure baitan eta doluaren jardunaren aurrean ezjakintasun handia. Egia da, gero eta gehiago idazten dela honen inguruan, gero eta gehiago lantzen ari dela gai honi aurre egiteko protokoloen eraketan, baina bakoitzak egoera zailon aurrean zer egin behar duen, saminduari nola aurkeztu behar zaion, zer eskaini behar dion ez dakigu, eta hor, zinez, doluaren inguruan dugun kultura urria da, eta hauxe gure kalterako baino ez da, batik bat inor, ezer galtzearen sentiera horren hurbilekoa denean.
Esan beharra daukat, profesionalen laguntza eskerga jasota ere, dolua ezer pertsonala dela, norberak burutu eta nahi besteko denboran egin beharreko ekintza, azken finean bidai horretan norberak kudeatu behar baitu bere baitan egosten ari dena. Uste dut errespetua zor zaiola hala dagoenari-daudenei beren dolu-jardunean, eta hala ez gaudenok ahalegin handia egin behar dugula beren egoera emozionala eta afektiboa aintzakotzat hartzeko. Ez dira lagungarriak txutxumutxuak eta dolua jasaten dutenen inguruan esaten diren hitz merkeak, uste dut jarrera birrintzaile horiek baino, ardura eraikitzailea erakutsi behar duten keinuak egin behar ditugula.
Gaurko gizarte honek erakusten duen presa eta azkar egin nahiaren tarrapatan, hilabete batzuk pasatu eta gero, «Animatu zaitez, aurrera egin behar duzu» bezalako esaldi errazak adierazi baino, ekintzen arduran lan egin behar dugula iruditzen zait, laguntza ematetik haiekin bat eginez, haiei gure babesa erakutsiz, gure gertutasuna sentiaraziz, bide horretan bat eginez, alegia, doluan daudenekin adi egonez, haien beharrak behatuz, magala eskainiz, besarkatuz, ferekatuz, sentitzen dituzten emozioak onartuz eta elkarrekin partekatuz, bihotza irekiz, azken batean.
Beti, samurtasunetik, prestutasunetik eta egin nahi zintzotik gehiago egiten da hitz eta pitzean aritu baino, zalantzarik gabe. Saminduak gure ulermena merezi du, gure arretaren beroa, hori ezinbestekoa da bere doluaren ibilbidean. Jorge Bucay-k dion bezala: «Ez zeure buruari ondo egon behar zenukeela bezalako jazarpenik egin. Zuk bizi dituzun tempoak zu-reak dira. Oroit ezazu doluan etsairik handiena norbera ez maitatzea dela». Eta badio beste hauxe: «Sentimenduen eguneratze eta adierazpena bermatzen ditugunean, doluan dagoen pertsonak lasaitzeko eta aske izateko bidea aurki dezake».
Sarri dolua bezalako gaiak tabu egin izan ditugu, baina bada ordua tabu izan ordez, batu bihurtzea, izan ere, elkar hartuz eta elkarrekin bat eginez gure beharrak hobeto asetuko ditugu, eta ondorioz, elkartasunez, elkar lagunduz bestelako gizateria mota sortuz joango gara, ulerkorragoak, hurbila-goak, adeitsuagoak izango diren zinezko pertsonak.
Doluan zaudetenoi besarkada handi-handia bihotzetik bihotzera, eta elkartasun bidean jakizue zuokin ere laguntzeko pronto nagoela. Izan ondo!