Eneritz Gorrotxategi
Ostegun gizen eta ostiral mehe, inauterietako larunbat, igande eta astelehenaren atariko. Goierriko herri gutxitan ospatzen dira asteburu hau baino lehen inauteriak. Izatekotan ere, kaldereroen etorrera izaten da aurreko ospakizuna. Gugandik nahiko hurbil, ordea, Nafarroan, sekulako tradizioa dute inauterietarako. Ia herri guztietan ospatzen dira puska-biltzeak edota mozorro festak, izan pertsonaia bereziren batekin edo gabe. Tira, pertsonaia bereziak edonon eta urte guztian topa genitzakeela esango du bateren batek!
Naturarekiko badute inauteriek ere harreman estua eta Nafarroara begiratuta, Ituren eta Zubietako joareen hotsak natura esnatzea izan ohi dute helburu, nahiz eta jakin badakien naturak, askotan esan ohi dugun bezala, bere indarra erakusten.
Halere, uste dut azken aldian gizakiaren eta naturaren arteko lotura hori, korapilatzen, aldrebesten edo hankaz goratzen ari dela: Badator Gueñestik Itsasora arteko tentsio altuko argindar linea, bidean da Dikaztelutik Itsasora artekoa ere, hogei mila abelburuko esplotazioaren mamua ere zabaldu da, berehala dira hastekoak Gipuzkoako erraustegiaren lanak, eta laster hasiko dira Mutiloako zabortegira Gipuzkoako hondakinak ekartzen. Akaso guk natura esnatu beharrean, naturak gu esnarazi beharko ote gaitu, egiten ari garenaz edo egitera goazenaz jabetu gaitezen.
Ion Muñoa
Ez dakit naturak garaiz esnaraziko gaituen, edo ordurako, negua betikotuko ote den, udaberriari pasorik eman gabe. Auskalo! Jakin badakiguna da, planetako biztanleok daramagun bizi-erritmo eta ohiturekin, ez daukagula luzaro jarraitzerik. Eragiketa oso sinplea da: naturak ematen edo berreskuratzen duena baino gehiago ari gara gizakiok erabiltzen eta gastatzen. Lau porru dituen baratzetik ez dago negu guztirako porru-salda egiterik.
Kontua da, ordea, hori arrazionalki jakinda ere, kontzientzia hori edukita ere, egunerokoan inauteri permanentean bizi garela mozorroa soinean jarrita (edo natura estalita). Ez dugu inguruan ez zabortegirik eta ez erraustegirik nahi, baina asteburu pasa eskiatzera joaten gara; ez dugu goi tentsioko lineak gure herrietatik zeharkatzerik nahi, baina potentzia elektriko altua behar duten industrietan enplegatzen gara; ez dugu hogei mila abelburuko esplotaziorik nahi, baina eskaintza berezian dauden esnekiak erosten ditugu nondik datozen begiratu gabe… alegia, kontzientzia ekologikoarekin koherentzian bizi diren pertsona gutxi batzuk (miresgarriak benetan) badauden arren, gehiengoa kontraesan permanentean bizi garela esango nuke. Birziklatzen dugulako edo tartean behin garraio publikoa erabiltzen dugulako, naturarekin orekan bizi garela sentituz lasaitzen gara, nahiz eta gure mozorroaren azpitik ispilura begiratuz gero, jakin badakigun ez dela horrela.
Eta gauzak zer diren! Naturatik urrutien eta desoreka handie-nean bizi den gizarteetan garatu dugu naturaren balio goi eta absolutua. Batzuen ustez, sistema kapitalistaren oinarrian dagoen kontsumismoak bere-berea duelako gizakiaren kontraesanak kudeatzeko kontzientzia faltsua sortzea. Nik zer dakit! Nahikoa daukat aurtengo mozorroa prestatzeko Jaiak-era erosketak egitera
joateko denbora hartzearekin!