Minecraft, Star Wars Batlefront, GTA, Call of Duty, ARK… ezagunak dira bideo jokoak gustuko dituztenen artean. Game Erauntsia jokalari euskaldunen komunitateak bideo joko horietan euskaraz jarduteko gonbitea egiten die zaletu guztiei. Andoni Velasco, Jon Unzurrunzaga eta Antton Iraeta gazte legazpiarrak , 14-15 urtekoak hirurak, Game Erauntsia komunitateko kideak dira, eta oso erabiltzaile aktiboak gainera: taldean bertan guru izendatu dituzte bi, eta Iraeta taldeko administrarietako bat da.
Game Erauntsia 2014an sortu zen, bideo jokoetan euskararen aldetik zegoen hutsuneaz kezkatutako Zarauzko gazte batzuek bultzatuta. Bideo jo-koetan aritzen diren askok Youtube bideo plataformara igotzen dituzte beren jokaldiak (gameplay esaten zaie ingelesez) eta iruzkinak; Game Erauntsia euskaraz egindako gameplay eta iruzkinak jasotzeko sortu zuten webgunea da. Kezka bera zuten euskal jokalariak poliki-poliki inguratzen joan ziren ekimenera, eta gaur egun 260 kidetik gora ditu komunitateak. Talde irekia da. Bi baldintza bete behar dira:?bideo jokoak gustuko izatea, eta euskaraz jokatzea.
Bloga eta foroa
Baina Game Erauntsia playgame euskaldunak biltzen dituen webgunea baino zerbait gehiago da. Bideo jokoen fitxak eta bideo jokoei buruzko berriak, foroa, bloga, terminologia hiztegia, lehiaketak, agenda eta Minecraft euskarazko zerbitzaria ere jasotzen ditu.
Lagun taldea ere bada, komunitateko kideek elkarrekin jokatzen dutelako on line. Velasco, Unzurrunzaga eta Iraetak Interneteko lagun horietako batzuk eta komunitateko arduradunak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten azkeneko Durangoko Azokan, hango Kabia gunean egin zen Game Erauntsiaren egunean.
Duela gutxi, bestalde, Game Erauntsiari Internetaren ataleko Argia Saria eman diote;?saria euskal jokalarien komunitatearekin partekatu zuten proiektuaren arduradun Haritz eta Urtzi Odriozolak, mundu birtualean euskaldunentzako txoko bat aldarrikatzearen bat.