Hautsak harrotu ez ezik, zauriak ireki ditu Enirio-Aralarko Mankomunitatearen 2015-2019 aldirako kudeaketa planak. Parke natural ere baden artzaintza-abeltzaintza eremuan ganadu hazleen «beharren zerrenda» osatu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onespena eman dio. Gizarteko sektore askotan ezinegona, are haserrea, sortu duena pisten eraikuntza izan da, baita gaia aurrera eramateko prozedura.
Pisten eskakizuna ez da berria. 1995eko azterketa batean aurreikusten ziren, eta artzainak eta ganaduzaleak 1999an kexua ozenago plazaratzen hasi ziren. 2002an Mankomunitateak onartutako Ekintzen Egitamuak ez zituen asebete; ezta gutxiago ere: EHNEk eta artzainek aurka iritzi zioten.
Eusko Legebiltzarrean, ordea, eta Aranzadi zientzia elkarteari iritzia eskatu eta entzun ondoren, alderdi guztiek aho batez alboratu zuten pista gehiago eraikitzea Aralarren.
Egoera guztiz irauli da orain. 2016ko urtarrilean, ezohiko bilkuran, Mankomunitateak batasuna irudikatu nahi izan zuen aktibitate ekonomikoa mendian burutzen dutenen alde: artzain/ganaduzaleen eskariei «behingoz» erantzungo zien.
Harrezkero, batik bat pistak bihurtu dira auziaren ardatza. Bai Mankomunitateko batzarrean gehiengoak, bai diputazioak, une oro, eta beste ezeren gainetik, artzaintzak eta abeltzaintzak Aralarren izatean duten garrantzia nabarmendu dute. 2015-2019 kudeaketa plana bera, sektore horren defentsarako tresna da: «Ganaduzaleak beharrezko» direla dio sarreran bertan, eta «abeltzainen presentzia beharrezko» dela, geroxeago.
1994ko dekretutik ere —Aralar parke natural izendatu zuena— bereziki gizakiaren jarduera ekonomikoa ahalbidetzen duten helburuei jarri zaie arreta, beltzez horiek bakarrik markatuta, eta dekretuan lehenengo tokian aipatzen den helburua isilarazita (fauna, flora, gea, paisaia eta ekosistemak babesteari buruzkoa).
Proiektua, zatika
Aralarko pisten egitasmoa aurrera eramateko, proiektua funtsean duela 15 urte Ekos etxeak aldundiarentzat egin zuenaren oso antzekoa da. Iaz, jaurlaritzaren menpeko Hazi erakundeak osatu zuen diseinua, kilometro kopuru berbera eraikitzea proposatuz (15).
Ekinbidea aldatu egin du administrazioak, hala ere. Proiektua osotasunean aurkeztu eta garatu beharrean, zatika heldu dio. Intzesarotik Goroskintxurako pista bakarrik zen lehenengo. Geroago, handik gora Elutsetako txaboletatik Saltarriraino luzatzea proposatu zen.
Beste fase batean, Aralarko V-a deritzona osatzea aurreikusten da, 2015-19 epean: Saltarri-Igaratza, eta Ariñate (Amezketa aldea)-Igaratza adarrak. Aste honetan, Enirio-Doniturrieta bitarteko oinezko xenda zabaltzea eta ibilgailuentzat egokitzeko plana onartzekotan zen Mankomunitateko batzorde iraunkorra, horrekin Enirio eta Igaratza lotuz.
Bien bitartean, aldundiak onartua Saltarrirainoko pistaren ingurumen inpaktuaren txostena soilik dago (webgunean lau agiri daude). Modu sinplifikatuan egin da txostena.
Mankomunitatearen plangintzaren arabera, Saltarriraino pista eraikita, gaur egun 4x4en gurpilek sortutako errodadura kalteak ekidingo lirateke. Baita bost txabolatako irisgarritasun mekanikoa hobetu —bostetan dauzkate artaldeak—, eta Alotza gainean (Saltarri, Irazustako lepoa eta Uzkuiti artean) goiko larre gune zabalean larratzen diren «ganadu larriaren beste 1.000 buru» gobernatzeko erraztasuna jartzea ere.
Aldundiak, bere aldetik, agintaldirako 2 milioi euro agindu ditu Aralarren azpiegiturak egiteko, urteko 400.000 euro: nagusiki pistak, baina baita bi txabola, Ariñate-Elordin ur depositua, 12 txabolatan konponketak, hainbat aska berri, Enirioko langan pasabide kanadarra, Baiarrateko harrapalekua konpondu, eta ote, garo nahiz astalar garbiketak egiteko ere.
Abeltzaintzaren pisua
Nekazaritza sindikatuek, artzainek eta erakunde gehienek azpiegituren aldeko aldarria egin dute. Talde ekologistek, mendizale elkarteek eta udal batzuek, beste eragile zenbait tarteko —Aranzadi, esaterako—, kaltegarritzat jo dituzte bide azpiegitura berriak. Aldekoek abeltzaintzaren eta artzaintzaren lan «duintasuna» eta bizi baldintzak hobetzeko direla argudiatu dute. Aurkakoek, naturari «erasoa».
Aralarren beste zenbait arlo ahaztuta uztea egotzi diote kritikoek administrazioari. Artzain/ganaduzaleek naturaren zaintzailetzat eta mendiaren mantentzailetzat aurkeztu dute beren burua.
Historiak denei ematen die arrazoi, eta inori ez. Aralar ez da beti artzaintzaren sehaska izan. Historikoki, azienda garrantzitsuena behiena izan zen, gero txerriena, eta hirugarrenik ardiena. Eta basogintzak (ikazkintzak batik bat) Aralarko basoa erdira murriztu zuen arte, ez zen hainbeste larre.
Baina gaur egungo Aralar ez litzateke halakoa izango, bere balio eta aberastasun guztiekin, gizakiak erabiliko ez balu ere. Oreka da Aralarren etorkizuna, erdibidea bide.
Parke natural 1994tik, kontserbazio bereziko eremu iaztik
Aralarrek 1994ko apirilaren 26tik babes izaera berezia du, parke natural izendapenak emandakoa. Bost helburu zeuzkan parke natural bihurtzeko erabakiak: a) flora, fauna, gea, paisaia eta ekosistemak babestu, artatu eta, behar denean lehengo egoerara itzularazi; b) gizarte eta ekonomia alderdiak sustatu, natura-baliabideen arrazoizko erabileran oinarriturik; c) ingurune fisikoa zaintzen eta babesten laguntzen duten ekoizpen jarduera tradizionalak hobetu, berreskuratu eta ezarri (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza); d) natura balioen ezagutza eta gozamena suspertu; eta e) ikerketa zientifikoaren eta oinarrizko prozesu ekologikoen azterketa suspertu.
Berriki, 2016ko maiatzaren 31n, Eusko Jaurlaritzak dekretuz KBE Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuen Aralar. Europako Batzordeak 2015ean erabaki zuen lehen BGL Batasunaren Garrantzizko Leku zirenak KBE bihurtzea. «Kontserbaziorako behar diren neurriak jarriko dira, habitat naturalen eta eremu horietan dauden espezieen beharrizan ekologikoei erantzungo dienak», dio iazko dekretuak. «Kontserbazio neurriek kudeaketa planak edo tresnak, eta araubidezko, administraziozko edo egungo neurriak hartzea ekarriko du».
KBE izendatzeak, nolabait, parke naturalaren dekretuan orekagarri gisa aurreikusten ziren bi alderdien artean —ekologikoagoa bat, gizakiaren jarduerara bideratutakoa bestea—, naturaren kontserbazioari eman dio pisu gehiago.
Aralarren, gutxienez 18 habitat mota katalogatu dira Europa mailako interesekoak. Bostek lehentasuna dute, «bereziki harkaiztiek, basoek, landa eta larre zabalen eremuek eta hezeguneren batek. Europako Batzordearen zuzentarauan sartutako bi landare espezie eta 13 animalia mota ere badaude. Goi mendiko espezie jakinak ere badira, Euskal Herriko mendietan soilik daudenak.
Aralarri, hein berean, Kantauri aldeko mendizerren eta Pirinioen lokailu izaera ere aitortzen dio KBE izateak, babesgune biogeografikoa baita hainbat animalia espezierentzat. «Aralarren egoera bereziarengatik, mendi honentzat berezia izango den dekretu proiektu bat egitea komeni da», dio legeak.
Kronologia. Enirio-Aralarren historia
Duela 50.000 urte. Ordukoa da Goierrin aurkitutako giza aztarna zaharrena, Ondarreko silex pieza bat, 2013an aterea.
Duela 12.000 urte. Azkeneko glaziazioa. 1.100 metrotik gora elur iraunkorrak; glaziarrak.
Duela 5.300 urte. Gizakiak ehorzteko hilobi zaharrenak.
Duela 4.200 urte. Metalurgian lehen aztarnak.
Duela 2.100 urte. Erromaren garaiko denarioak Usategin.
1025. Gipuzkoaren lehen aipamen dokumentalean Aralarko mendiak ageri dira: «Haralarre Heziza zaval, alia hezi caray».
1199. Gaztelak Aussam (Ausa) eta Athavit (Ataun, Jentilbaratza) gazteluak konkistatu, Nafarroari. Aralar, gatazkaren erdigune.
1312. Aralar ustiatzeaz lehenengo berri idatziak.
1340. Oñatiko jaun Beltran Ibañez Gebarak arreba Estefaniari utzi zizkion 23 saroi, baina hura hildakoan Orreagako Kolegiatari ematekotan.
1400-10-27. Gaztelako errege Henrike III.ak Joan Amezketakoa basailuari Enirio eta Aralar mendi larreak eman zizkion.
1409-11-14. Enirio-Aralar mendien eta jabetzen salmenta sinatu zen, Berasibian (Tolosa). Batetik, Ordizia eta hari lotutako herrien (Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Itsasondo, Gaintza, Lazkao, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia) Villafrancako Batasunak %50 erosi zuen. Beste erdia, Amezketako Batasunak (Amezketa, Abaltzisketa, Baliarrain, Ikaztegieta, Orendain). Mankomunitatea sortu zuten bi batasunek, Enirio-Aralarko Batasuna izenarekin.
1410-9-14. Epai batek bakoitzari jabetzan zein saroi zegozkion ebatzi zuen: Amezketak 18 saroi, Abaltzisketak 16, Amezketako Jaunak 11, Lazkaoko Jaunak 14 —une hartan Oger de Amezketa zen Amezketako eta Lazkaoko oinetxeen jabea—, Garcia Lopez Urtesabel ordiziarrak 5.
1413-10-26. Intsustiko Batasuna eratu zuten Ataun, Lazkao eta Zaldibia herriek.
1452. Zaldi azienda libre bazkatzen uzteko eskubidea onartu zen.
1457. Larreen araudia egin zuten.
1505. Epai batek herri bakoitzari zegokion jabetza-portzentajea zehaztu zuen: Amezketako Batasunak %50 (Amezketa eta Abaltzisketa 16,6; Orendain 8,3; Ikaztegieta 4,1; Baliarrain 4,1) eta Villafrancako Batasunak %50 (Lazkao 7,1; Ordizia, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia 5,35; Altzaga 3,6; Arama 1,8).
1566. Minerala ustiatzen zen.
1598. Kanpoko urdaldeei (txerri taldeak) bazkatzeko sartzen uzten hasi ziren, etekinengatik.
1609. Elurzulo bat ustiatzen zen.
1615. Mankomunitatearen barne antolaketa eta egitura aldatu zen, herriak hiribildu eginda. Berdin- tasun gehiago eskatu zuten.
1662. Mugarriak sartu zituzten Gipuzkoa-Nafarroa artean.
1663. Artzaintza librea arautu zen 1688. Arraunak egiteko, Allekoko 666 zuhaitz saldu ziren.
1708. Kobre ustiapena hasi zen.
1717. Orreagak 23 saroiak Amez- ketari saldu zizkion. Bi batasunen artean gatazka piztu zuen horrek, eta liskarrak 1797ra arte.
1726. Aralarko artzainak kostara transhumantzian hasi ziren.
1734-10-1. Aralarko Kobre Meate- gien Konpainia eratuta, meatzari- tzaren loraldia hasi zen.
1738. Bilera-lekuari buruz lehen liskarrak sortu ziren. Suegin (Abaltzisketa-Zaldibia mugan) egin ohi ziren batzarrak 1409tik.
1739. Saroien jabetza herriena eta lurra Mankomunitatearena zela ebatzi zuten, agiri batean.
1750. Kanpoko artaldeak ekartzen hasi ziren. Trukean, diru sarrera.
1767. Basoak ikazkintzarako ustiatzen hasi ziren. Basoak asko murriztu ziren 1820ra arte. Oreka lortu nahian, landare-mintegi eta landaketek porrot egin zuten.
1772. Arritzagako kobre meategi- aren sabaia: 128 langile.
1774. Abere izurrite larria. Behi asko hil ziren. Historikoki, Arala- rren behi azienda izan da nagusi, bigarren txerri-azienda, eta gero ardi-azienda.
1777. Urteko batzarra egun batean finkatu zuten: Andre Mariaren jaiotzaren (irailak 8) ondorengo astelehenean. 1911n aldatu zen.
1777. Mugarriak sartu zituzten Enirio-Aralarko eta Intsustiko batasunen artean.
1779. Basozaintza araudia: bi basozain izendatu zituzten, batasun bakoitzeko bat.
1790-11-25. Basoa berreskuratze- ko ahaleginean, araudia onartua.
1792-9-3. Bi batasunen arteko liskarrek (1717an hasiak) goia jo zuten: Amezketakoek Villafranca batasuneko 14 bizilagun jo eta preso hartu zituzten, mendia ikuskatzen ari zirela. Tartean, Ataungo eta Beasaingo alkateak. 1797an sinatu zuten bakea.
1801. Akaiz errekatik hegoaldera, etxola guztiak eraisteko agindua.
1810. Mankomunitatea banatu eta lurrak herrien artean zatitzeko le- hen proposamena, diru beharrez.
1821. Basoak zatitzea erabaki zen batzarrean, bueloa banatzea. Aralarrek zeuzkan basoen %45 galdu zituen, haren ondorioz. XIX. bukaeran basoa 1.223 Ha. bazen, 2009an 677 Ha. zen.
(Hurrengo Goiberri-n jarraituko du)