Gorka Erostarbe
Donald Trump txerif-aren mozorro gehiago ikustea espero nuen, egia esan, Josu. Zomorroak ematen baitu jokorik parodiaren zirika jolas transgresoreetarako. Zer dira bada inauteriak, bestearen larruazalean sartuta, gure barneko mozorro eta mamuak exorzizatzeko askapen jolasak ez badira! Zumarraga-Urretxuko inaute larunbatean Trumpez zomorroturiko bakarra ikusi nuela uste dut, baina ezin zehatz esan, oroitu ere ez baitut ondo oroitzen. Exorzizaziorako bide anitzetan ohikoena den horretan trabatu ez ote nintzen… Eta, gainera, betaurreko berde arraiadun batzuk neramatzan aurpegian jantzita, Astoa ikusi nuen kantuko animalia maitakorraren bidez iaz hildako Imanol Urbietari omenalditxo egitea nuen asmoa-eta.
Urtero pentsatzen dut hobeto pasako dudala taldean mozorrotuz gero, lagun guztion artean istorioren bat kontatzen badugu, edo istorio horri bi buelta eta erdi ematen badizkiogu, edo hankaz gora jartzen badugu… edo merezi duenari satira formako errepasotxoren bat ematen badiogu, are hobeto! Baina, nago, kosta egiten zaigula izpiritu chirigotero-a (urteren batean Cadizen amaituko dugu Orma!) geure egin eta ondo pasatzeaz bat, gertutik gerturako kritika sozial edo politikoa egitea; errazago jartzen dugula mira Trump edo gisako kanpoko fenomeno ia paranormaletan, gertuago gertatzen zaizkigunak alboratuta. Arraioa! Espainiako erret etxean sartutako zumarragatarrak justiziarekin izandako ez-arazoak ez al du ematen mozorro nahiz chirigoteorako mauka aproposik!
Josu Aztiria
Ostirala eta larunbata arratsaldean atera nintzen ni ere eta ez nuen erret etxeko zumarragarraz mozorrotutako bakar bat ere ikusi. Arrakastarako baldintza guztiak lituzkeen disfraza litzateke ezbairik gabe, baina agian badago zumarragarron barruan bere garaian Pello Lizarralde idazleak esan zuen señoritoen giroa oraindik eta ondorioz, hierarkiaren kritika politikorako kamuts gabiltza.
Zumarragako alkate ohi batek 1997ko apririlaren 4an El Pais egunkariari egindako adierazpenak gogoan izan Gorka: «Paseó con honor el nombre de Zumarraga y Euskal Herria cuando consiguió la medalla de bronce y lo sigue haciendo ahora» eta «Un joven sensible, humanista, solidario y de elevado nivel cultural» bezala adjektibatu zuen; El orgullo de Zumarraga zen albistearen lerro-burua. Are gehiago, 1996ko uztailaren 28an Zumarragako Udalak omenaldia egina zion Iñaki Urdangarini (ikus Otamotzeko 19. alea). Beno, ulertzeko da omenaldia egitea: orduan kirolari, gazte, eder, solidario, sentibera, humanista eta arrakastatsua zen, eta gainera zurrumurruek ziotenez erret etxeko Infanta Cristinarekin ezkontzera zihoan.
Gaur, aldiz, chirigoteo-rako mauka ederra izan arren, ez kritika sozialik eta ez adierazpen nahiz omenaldiekin atzera egiteko asmo txikiena ere. Bere jarduera ilegalen berri jakin zenean egunkari batek bi zumarragarrek egindako honako adierazpenak jaso zituen: batak zioen «Azken pezeta ere itzuli dezala!» eta besteak, aldiz, esan zuen «Amorrua baino pena ematen dit egoera honek». Iraultzeko grina edo konformismo epela; Zumarragaren etorkizuna ere dilema horretan jokatzen da.