Abeltzainek «oinarrizko gabezia» bat ase nahi dute, bideak eraikita. Gaur egun, 43 txabolatik 20k dute pista.
Lurra behin saldua, betiko galdua dio Ipar Euskal Herriko laborarien aldarri batek. Ondo dakite lantzeko tokirik gabe geratzea zer den nekazariek, bai larratzeko belardiak urritzea, abeltzainek. Beheko ibarrak hirigintzak, azpiegiturek eta industriak jan dizkiete. Horretara, lehen begi kolpean kontraesana dirudi Aralarko goi larreetan pistak eraiki nahi izatea.
2016an 120 artzain eta ganaduzalek lan egin zuten Aralarren. Lanerako segurtasuna eta «duintasuna» hobetu nahi dute, eta bideak «bitarteko bat besterik ez» dira horretarako, eta pistak eraikitzea «minimoen planteamendua» da haientzat. Sektorea estrategikotzat hartzen baldin bada, instituzioek «gai estrukturaletan» ere busti beharra daukatela diote abeltzainen ordezkariek.
Aralar bezalako goi larreetan jardutea ere, gaur egun, lehen sektorearentzat ia beharra dela ikusten dute. Ibarretako presio urbanistikoagatik, «beste lurrak artifizialduta» gelditu direlako. Gipuzkoan, mendiko abeltzaintza lantzen den mendirik «inportanteena» da Aralar.
Pistak eraikitzeagatik gertatzen den lur galera «txikia» da. Goroskintxuko pista berriak, adibidez, «hektarea erdi bat» terreno okupatu duela diote. «Oinarrizko gabezia bat» konpontzea eta sektoreari erraztasunak ematea da bideak irekitzea, beste arlo batzuen aldean (txabolak, ura, argindarra…) atzenduta geratu dena. Aralar artifizialtzeko arriskurik baden galdetuta, hala gerta ez dadin lehen interesatuak abeltzainak direla erantzun dute.
Sektorearen beharrak asetzeko, «soluzioak» eskatu dituzte abeltzainek. Bideen kasuan, 2003an, pista-eraikuntza plana bertan behera geratu zenean, alternatibak aztertuko zirela agindu zietela gogoratu dute, baina bien bitartean ez dela «ezer» egin eta egoera eurek «sufritu» behar izan dutela.
Txabolen erdiek, bidea
Gaur egun 43 txabola daude Aralarren, eta 35 artzainek lan egiten dute. «Ia %100» artzaintzatik bizi da, baita behizaleen artean ere, ganaduzaleen datuen arabera. Abere kopuru txikiagotan, «zer edo zer» botatzen duten ganaduzaleetan, aktibitate nagusia lehen sektorea ez dutenen —mistoak deituak— intzidentiza «txikiagotzen» da.
Gaur-gaurkoz, 43 txaboletatik 20k dute pista bidezko irispidea (%46,5ek). Artzainak, berrriz, 35 ziren iaz, eta Gipuzkoako ardien %12 larratzen dute, Aralarren: 17.000 buru inguru. Azkeneko 16 urteetan %8,4 jaitsi da ardi kopurua, eta %14 artzainen zenbatekoa.
Datuek, ordea, erakusten dute artzaintza eta abeltzaintza mantendu egiten dela. Gipuzkoako ikuspegia hartuta, 2001ean lau artzainetik bat Aralarren zebilen; iaz, %37. Gipuzkoako ardi azienda osoa hartuta, iraun egin du portzentajeak: %12 larratzen dira han, bai 2001ean, bai 2016an.
Artaldeak gutxitu diren arren, ardi (eta ganadu larri) buru gehiagokoak dira. Berez, Aralarrek jasan dezakeen karga ekologikotik gora dabil, gaur egun, azienda. 17.000 ardi, 850 behor eta 750 behi zenbatu baziren iaz, guztira 33.000 buruko azienda osatzen dute (ganadu larri batek 10 ardiren adinako karga eragiten duela da kalkulua). Mendiak, 20.000-25.000 buruko «onartutako gehiengoa» duela dio, berriz, 1988ko Aralarko Egitamu Planak.
Larreen ordenantza
Mankomunitateak 2014an osatu zuen larreen eta txabolen ordenantza, eta 2016ko irailaren 15ean eman zitzaion hasierako onespena. Araudi horrek gobernatuko du etorkizun hurbilean larreen ustiapena, eraikinen definizioa, txabolen ezaugarriak eta baldintzak, emakidak, kanonak…
Mankomunitateko larreak 41 sailetan banatu ditu, artalde bakoitzarentzat bana. Artalde bakoitzaren gehieneko kopuruak ere ezarri ditu. Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik urteko etekin gordinen %75 lortzen dutenek gehienez 600 ardi eduki ahalko dituzte, edo 60 behi (behizale profesionalek osatutako elkartea baldin bada, 70 abelburu). Gutxiago lortzen dutenek, 200 ardi, 20 behi edo 20 zaldi-behor.
Kontzesioa 10 urtekoa da. Larreen ustiaketan, ardi aziendak lehentasuna izango du beti (mutur gorriak).
Aralarko txabola bakoitzari gehienez zenbat buru dagozkion ere finkatu du araudiak. 9 txabolak 600na buru, 36k 500na. Denera, 22.400 buru.
Kronologia. Enirio-Aralarren historia
1822. Nafar ganadua sartzea era- gozteko, muga ixtea proposatu zen. Ez zuen aurrera egin.
1823. Baso ustiapen bortitzagatik lehenengo kexak, herriek.
1829. Kanpoko aziendei sartzen uzteagatik kobratzea salatu zuen Araitz ibarrak, euren kontura «negozio handia» egiten zelako.
1838. Ganadu harrapaketak zigor- tzeko kopuruen araudia finkatua.
1840. Basoaren «gainbehera» salatu zuten.
1841-1878. 10.000 ikatz karga saldu ziren Aralarren.
1844. Basoa babesteko hesia altxatu zuten, Akaizko arratetik Igaratzako bideraino. Liskarrak.
1846. Urteko batzarra Suegin egi- teari utzi zioten; harrezkero, herrietan txandaka.
1848. Zuhaitz landaketa politika sustatzeko sariak eskaini ziren. 1854an utzi zen, diru faltagatik eta emaitzak urriak zirelako.
XIX. erditik aurrera. Kostara transhumantzia finkatu zen.
1850. Meatzeen Asturiasko Erret Konpainia Arritzagako kalamina zainak ustiatzen hasi zen. 1881 arte, 143.000 kintal atera zuen.
1851. Basoa berreskuratzeko, mintegiak hesitu ziren: Maizegi (1852), Enirio (53), Lareo (54).
1855. Pascual Madozen desamor- tizazio legeak ia desagerrarazi zuen Mankomunitatea, lurraren jabetza liberalizatu baitzuen.
1859. Salmentatik kanpo zeuden herri mendien artean Aralarkoak sartu ziren. 1868an onartu zen mendiak herrien jabetza zirela.
1863. Natura birsortzeko ekimen- etan, basoa berez berritzen ari zen lekuetan bazka debekatu zen.
1867. Saroiak jabetza erregistroan sartu zituzten, eta mugarritu.
1877. Pardelutseko elurzuloa edo nebera ustiatzeko azkeneko errematea. 1609an bazen jada.
1877-1903. Arritzagan meatze emakidak erregistratzeko 64 espediente ireki ziren. Mea gehien erauzi zen aldia. Aurreko aldian 9; 1905-1917 artean 7.
1879. Animalia harrapaketak, nafar ganadua sartzen zelako.
1879. Ramon Adan de Iartza geologoak Gipuzkoako lehen trikuharria identifikatu zuen Aralarren: Jentilarri.
1880. Lazkaoko markesaren kexak, bere saroietan artzainak ezarri eta etxolak eraiki zituztela- ko. Erantzunik ez. 1886an eta 1892an ere kexatu zen; azken horretan eman zioten arrazoia.
1882. Saroi berritzat onartu ziren Alleko Aldatza (edo Saietza), eta Sastarri. Salbuespena izan ziren.
1882. Artzain batzuk bordak teilaz estaltzen hasi ziren, betiko moduan adarrez eta garoz beha- rrean. Herri eskubideen aurkakoa zen, borda jabetzan hartzea esan nahi zuelako, eta batzuk kexatu ziren. Denborarekin, onartu zen. Baina txabolak saltzea galarazi zieten artzainei.
1882-1885. Lizarrustiko errepidea eraiki zuten. Baso ustiapena errazago bihurtu zuen.
1885. Lur komunalak derrigorrez saltzeko agintzen zuten dekretuek arazoa berritu zuten. Salmenta hasi zen, baina mankomunitateak helegitea sartu zuen, horren aurka.
1886-9-4. Mankomunitateko mendiak onura publikokotzat sailkatu zituen Sustapen Minis- terioak, eta salmentatik libratu. Jabetza Erregistroan sartu ziren.
1885. Mikeleteek zaintza postua zeukaten Igaratzan. 1908 arte.
1887. Villafrancako Batasuneko 10.018 ardi, 43 behi eta 111 behor bazkatzen ziren Aralarren.
1888-11-26. Mankomunitatearen barne araudia onartu zen, arau erregularren lehenengo saiakera.
1892. Batzarrak beti Ordizian egitea adostu zuten, eta buru hango alkatea izatea.
1893. Legorretak eta Itsasondok eskatu zuten aprobetxamunduko arlo guztiak herrien artean banatzeko (mendi, baso, larre…), betiko. 1896an foru dekretuak baztertu zuen mendiak banatzea.
XIX. bukaera. Aralarren baso asko zegoen oraindik. Balio hori izan zen, hain justu, Mankomunitatea ez desagertzearen arrazoi nagusia.
(Hurrengo Goiberri-n jarraituko du)