Amaia Urkiak (Legazpi, 1961), iluntzero, kameraz beste aldetik ematen ditu albisteak Euskal Telebistaren bigarren katean. Jakin-minez beteta dago eta ezagutza gose horrek bultzatuta hasi zituen kazetaritza ikasketak; zalantza bakarra zuzenbideak sortu zion, baina balantzak kazetaritzaren alde egin zuen.
Euskal Telebistan lan egiten du 1983tik. Albisteekin jarduten da, baina egunak ematen dituen berriak baino, gaurkotasuna interesatzen zaiola dio, «bizi garen garaia, olatua ur tanta baino gehiago».
Kazetaritza Bilbon ikasi zenuen?
Garai hartan Bilbon ez zegoen kazetaritza ikasteko aukerarik, 1979. urtea zen. Nire asmoa Bartzelonara joatea zen eta pozik nengoen hango giroa gori-goria zelako. Urte hartan, baina, fakultatea ireki zuten Bilbon. Aitortu beharra daukat hasieran penaz hartu nuela Bilbon fakultatea irekiko zutenaren berria, gipuzkoarrontzat Bilbok ez baitzuen fama onik. Gerora, Bilbok oso ongi hartu ninduen eta jende jator-jatorra topatu nuen. Lehenengo notak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eman zizkigun, artean gurea ordezkaritza bat zen.
Nolako Bilbo aurkitu zenuen?
1980ko hamarkada sasoi gogorra zen Euskal Herrian, hala politikoki nola ekonomikoki. Alabaina, garai bizia zen. Ikasle asko ginen Bilbon, pisuetan. Gazte jendeak asko irakurtzen zuen, gauzetan sakontzeko gogoa zegoen… Orain joera hori ez dut hain garbi ikusten. Ez dut ez dagoenik esaten, gure gazte denboran nabarmenago zela baizik.
Ikasketetan aurrera zindoazen eta noiz agertu zen Euskal Telebista?
Laugarren mailan nengoela, lan mundua nahaspilatuta zegoen, langabezia tasa handia zen eta, kazetaritzan lanik ez nuela aurkituko pentsatuta, Boloniara (Italia) joateko planak egiten hasi nintzen. Han komunikazioaren arloan oso katedra onak zeuden; nire asmoa doktoretza egitea zen.
Uda hartan Ana Azpirik deitu zidan, ikaskide nuen Maribel Aizarna, Arantxa Larrañaga eta Ane Miren Lizarralderekin batera. Ana telebistan lanean hasita zegoen eta udako oporraldiak betetzeko euskaldun jendea behar zutela esan zidan.
Eta joan zinen.
Autobusa hartu nuen abuztuaren 4 batean. Durangora iritsi eta Iurretara nekez heldu nintzen. Amatiñok elkarrizketa bat egin zidan; «egin al duzu inoiz kaleratu den elkarrizketarik?», galdetu zidan. Ezetz erantzun nion eta berak: «gaur eguerdian ez duzu gauza bera esango».
ENG batekin bidali ninduen elkarrizketa bat egitera, Bizkaiko kostaldera. Kamerariari jezarrita egitea eskatu nion hankak dar-dar batean nituelako. Egunkariak irakurri zalea izan naiz betidanik eta elkarrizketatuaren berri banuen, eskerrak. Gurasoak, bestalde, oñatiarrak nituen eta haren euskara ulertzeko gai izan nintzen.
1983. urtean oposaketak egon ziren eta plaza atera zenuen.
Bai, hamar plaza atera zituzten, jende askok egin zuen azterketa eta nik gainditzea lortu nuen.
Orduko telebistan dena zegoen egiteko, ezta?
Bai, telebistan eta Euskal Herrian neurri batean ere bai, autonomiaren ikuspuntutik dena egiteko zegoen.
Gazte ginela hasi ginen telebistan eta ilusioz beteta geunden. Orduak eta orduak sartzen genituen, gaur ezin da halakorik ulertu, baina gu gau osoa editatzen pasatzeko gai ginen; edizio-gelak gutxi ziren eta txikiak, gauez toki gehiago egoten zen eta hantxe aritzen ginen, pozik baina.
Informatiboetan ibili zara beti?
Bai. Madrilen ETBk izandako lehenengo berriemailea izan nintzen 1985. urte bueltan. Prentsaurreko edo albiste guneetatik ateratzen lehenengoa nintzen, beti presaka, zintak hegazkinez bidaltzen genituen, ez dakizu zeinen ongi ezagutu nuen Madrilgo Barajas aireportuko zamalanak egiteko pabilioia, ahotsa askotan grabatu nuen han. Inoiz bidaiariei ere eman genizkien zintak taxi-gidari bat Bilbon zain izango zutela aginduta. Guk egindako albisteak lehenbailehen ateratzea genuen helburu.
Horrenbeste urtetan zenbat lanpostutan aritu zara telebistan?
Askotan! Editorea izan naiz eguerdiko eta iluntzeko albistegietan, baita aurkezlea ere. Eztabaida saioak gidatu ditut, ENGekin zuzenekoak egin ditut albistegietarako, hauteskunde gauetako programak aurkeztu ditut… Orain, albistegiak ez beste produkzio gehienak ez dira etxe barruan egiten, produkzio-etxeen esku uzten dira.
Joera horrekin telebista publikoa galtzen ateratzen da?
Zalantza gabe. Ez nuke esango produkzioak txarragoak direnik, baina ekoizpen-etxeek sinatzen dituzten kontratuak beste batzuen menpe uzten dituzte eta askatasuna murriztu egiten da.
Publikoaren aldekoa zara?
Bai. Oker asko daude zuzentzeko publikoan, kontrol gehiago egon beharko litzatekeela uste dut, kontrola eta ebaluazioa. Ez gure arloan soilik, Euskal Herrian ebaluazioa eta kontrola falta direla esango nuke. Dirua nola kudeatzen den argi eta garbi esan behar da, zertan kale egin den aztertu eta zertan asmatu den. Gardentasun gehiago behar da arlo guztietan.
Akaso inor ez dabil ezer ezkutatzen, baina inork eskatzen al ditu kontuak? Gizarte ez kritiko batean bizi gara, non diru publikoa nola kudeatzen den ez dugun galdetu ere egiten.
«Berriemaile garaian Madrildik zintak hegazkinez bidaltzen genituen»
«Publikoak bere funtzioa ez badu betetzen egurra, audientziak onak ez badira ere bai»
«Telebista mihiluzea da, badaki ikusleari nor zaren gutxi asko kontatzen»
«Ez gure arloan soilik, Euskal Herrian ebaluazioa eta kontrola falta direla esango nuke»
Nolako telebista nahi dugun esan beharko genuke?
Telebista publikoari buruz eztabaida soziala egon beharko litzateke eta halako adostasun bat lortu ere. Nolakoa izan behar denari buruz asko hitz egiten da, baina gero audientzia datuak atera eta aho asko ixten dituzte. Publikoak bere funtzioa ez badu betetzen egurra jasotzen du, baina audientziak txarrak badira ere egurra. Zaila da biak uztartzea eta programatzaileek ez dute batere erraza, konpetentzia ikaragarria da.
Orain bizpahiru urteti hona astegunetako gaueko albistegia aurkezten ari zara. Aurkezlea esatari hutsa al da?
Ni kazetaria naiz eta albistegia gidatzen dut hasi eta amaitu arte. Albisteen sarrerak guk geuk idazten ditugu eta bideoen pasoak ere guk egiten ditugu. Gutxi asko emango ditugun albiste guztien berri izatea gustatzen zait.
Zaila al da telebistan aurpegia egunero ematea?
Nire ustez, telebistan aurkezten jarduteko zure buruaren oso kontziente ez bazara hobe. Ni ez naiz inoiz aurkezle izatearen oso zalea izan, baina Legazpiko moja ikastetxean jaialdiak nik aurkezten nituen! Telebista mihiluzea da, badaki kameraren beste aldean dagoenari gutxi asko nor zaren kontatzen… Niri ez zait astuna egiten telebistan azaltze hori.
Ez naiz anbizio handikoa izan eta lanpostu finko bat edukitzea abantaila izan da niretzat, askatasuna eman dit. Beharbada, toki batetik ken zaitzakete beste batean jartzeko, baina niri ofizio hau asko gustatzen zait, ez naiz sekula aspertu!
Telebistan zer geratzen zaizu egiteko?
Telebistan ez dakit, baina irratsaio bat gustura egingo nuke. Inbidia ematen dit irratiak ez baituzu telebistan behar duzun beste baliabide behar.
Eta Legazpi?
Ni legazpiarra naiz, gaztetan atera eta orduz geroztik joan naizenean famili bizitza egin dut han soziala baino gehiago.