Seguran 22 urte daramatzate Euskal Herriko iparraldearen eta hegoaldearen mugak gainditzeko ahaleginean. Aurten ere, hilaren 27tik apirilaren 2ra bitartean Euskal?Herriko zazpi herrialdetako herritarrak Seguran elkartuko dira.
Urtez urte mugak gainditzeko ahaleginean urratsak egiten ari da Iparra-Hegoa taldea. Segurako Elorri Elkarteko partaideak eta Iparraldeko hainbat kidek osatutako taldea da Iparra-Hegoa: «Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza, arazoak, ondasunak eta ohiturak ezagutzeko eta trukatzeko oso okasio interesgarria da Iparra-Hegoa jarduna». Urtetik urtera gero eta ezagunagoa den ekitaldia da, eta datorren asterako egitarau bete-betea antolatu dute Seguran.
Astelehenean eta asteartean Zerk bereizten gaitu? eta Zerk batzen gaitu? galderei erantzunez hasiko dute aurtengo ekitaldia. Hitzaldi horiez gain, bi egun horietan, Garaziko ikastolako 58 haur eta irakasle ere etorriko dira Segurako Laiotz herri eskolako ikasleekin harremanak sustatzeko helburuarekin. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Asteazkenean, gastronomia izango da protagonista. «Gastronomian dauden aldeak» bistaratuko dituzte Donibane Lohizuneko Olatu ostatuko Ramuntxo Berria eta Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariek. Hitzez gain, hainbat adibide ere jarriko dituzte praktikan.
Eta ostegunean, urtetik urtera gero eta jarraitzaile gehiago dituen mahaiaren bueltako ekintza, bertso kantu poteoa eta afaria izango dira. Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak gonbidatuko dituzte eta herriko bi bertsolarik, Jon Iturriozek eta Eneko Araiztegik, jarritako gaiekin osatu beharko dituzte bertsoak. Kuxkuxtu txaranga ere tartean izango da. Bertso afarirako txartelak 18 euroan daude salgai Elorripen.
Asteburu betea
Ohi bezala, apirileko lehenengo asteburu ere bete-betea izango da Seguran, Iparraldeko eta Iruñea aldeko gazteak bertan direla. Kontzertuei dagokienean, ostiralean Pokeleke, Speiz Mukaki eta Irunberriko Altxatu taldea eta Bull disko jartzailea izango dira; eta larunbatean Segurako musika eskolan sortutako Patxara taldea eta Iñazki. Igandeko kale animazioari ere indarra eman nahi izan diote aurten antolatzaileek. Besteak beste, Zarena Zarelako dantza taldea izango da gonbidatuen artean. Igandeko bazkarirako txartelak ere salgai daude Elorripen, 18 euroan.
Azoka bikoitza
Hilaren 26an azoka bikoitza egingo dute Seguran: batetik, Udaberriko lore eta landareen azoka plazan, eta bestetik, Euskal Herriko produktuen azoka pilotaleku zaharrean. 10:00etan irekiko dute azoka, eta lore, landare, hazi, barazki, Euskal Herriko produktuen eta eskualdeko artisauen produktuen salmenta izango da. Eskualdeko eta Euskal Herri osoko 40 postu jarriko dituzte. Herriko trikitilariek eta Kriseilu txistulari taldekoek girotuko dute goiza. 10:30etik 14:00etara, berriz, Josu Osaren eskutik Txerto ezberdinak fruta arboletan tailerra izango da.
Egitaraua
Martxoak 27 eta 28
Garaziko ikastolako haurrak Seguran izango dira. Segurako Herri Eskolako haurrekin batera, egitarau bereziarekin. Buru handiak, kantaldia, dantzak, bixitak antzerkia, jolasak elkarrekin, jaialdiak…
Martxoak 27, astelehena
Zerk bereizten gaitu? hitzaldia. Hizlaria: Eneko Bidegain. Moderatzaile-gidaria Maddi Ane Txoperena.19:00etan, kultur etxean.
Martxoak 28, asteartea
Zerk batzen gaitu? hitzaldia. Xamar (euskara eta kultura), Erik Etxart (ekonomia) eta Andde Saint Marie (erakundeen arteko lankidetza). Moderatzailea: Eneko Bidegain. 19:00etan, kultur etxean.
Martxoak 29, asteazkena
Gastronomian ageri diren aldeak hitzaldia eta adibide praktikoa. Hizlaria: Ramuntxo Berria (Donibaneko Olatu ostatua) eta Iker Markinez (Ormaiztegiko Kuko). 19:00etan, Elorri elkartean.
Martxoak 30, osteguna
Bertso eta kantu poteoa 19:30ean, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariekin, Kuxkuxtu txaranga lagun. Gai jartzaile: Jon?Iturrioz eta Eneko Araiztegi. 21:30ean, bertso kantu afaria plazako karpan. Afarirako txartelak Xaian eta Elorripen salgai.
Martxoak 31, ostirala
Iluntzea girotzeko arkume errea, sagardoa, Polekeleke txaranga, Speiz Mukaki eta Kuxkuxtu.
Altxatu Iruñeko taldea eta Dj Bull disko jartzailea, 00:00etan.
Apirilak 1, larunbata
Mendi irteera Euskal Herriko herri desberdinetako mendizaleak Goierrikoekin batera,09:00etan Segurako plazatik abiatuta.
Haur jolasak 11:00etan.
Gazteen topaketa Euskal Herriko herrialde ezberdinetako gazteen topaketa eta bazkaria, eta gazteen arteko ekintzak.
Bote luzea Oiartzungo eta Iparraldeko bote luze partida.
Dantzaldia Segurako musika eskolako Patxara 23:00etan eta Lapurdiko Iñazki 00:00etan.
Apirilak 2, igandea
Sukaldaritza 10.00etan sukalki prestaketa eta txapelketa.
Ekitaldi instituzionala 11:30ean Goierriko eta Iparraldeko hautetsiekin, udaletxean.
Animazioa herrian zehar Txistulariak, trikitilariak, dultzaina joleak, albokariak, Getxoko albokariak eta musikariak. 12:00etan Fanfarrea kalez kale eta Zarena Zarelako dantza taldea. 13:00etan txakolin dastaketa.
Ekitaldia 14.00etan Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldia.?Gonbidatu berezia: Nikolas Blain hautetsia eta Udalbiltzako partaidea.
Bazkaria 14:30ean herri bazkaria, Kuxkuxtu txarangak kantuz alaituta.
Amaiera 16.30ean Mutxikoak.