Iraia Oiartzabal
Etorkizunean gehiegi pentsatu gabe oraina bizitzea aholkatzen zaigu maiz. Eta neurri batean ados nago. Zaila da, ordea, begiak erabat itxi eta gerora zer nahi dugun, zer amesten dugun ez pentsatzea. Zer nolako bizimodua izatea gustatuko litzaizuke zahartzaroan? Zer nolako herria nahi duzu? Zer nolako Euskal Herria? Burujabea edo aintzat hartzen ez duen estatu bati lotua? Nolakoa nahiko zenuke izatea bertako gobernantza? Galdera asko datozkit niri burura etorkizunean pentsatzen jarrita. Batzuk nire arlo pertsonalari dagozkionak eta beste asko nire sentitzen dudan komunitateari lotutakoak. Politikoagoak nahi bada. Izan ere, pertsonala politikoa dela esan ohi da. Eta nik ere hala sentitzen dut. Ahalduntzeaz hitz egitea modan jarri da azken aldian. Orain urte batzuk Korrikarekin euskahaldundu egin ginen. Emakumeok ahaldundu beharraz jabetzen hasiak gara baita ere. Eta herria ere, Euskal Herria zehatz esateko, ahaldundu egin behar dela uste dut. Aitortu beharra daukat komodin bihurtzen diren hitz horien oso lagun ez naizela baina arestian bota ditudan galdera horiei guztiei erantzuteko, eta hala egin nahi badugu bederen, herri honek bere burua ahaldundu behar du. Horretan hasiak gara, joan den urtean gure eskualdean egindako herri galdeketak erakutsi zuenez. Eta segida eman dioten beste hainbatek berretsi dutenez. Joan den asteburuan izan genuen azken adibidea eta, tira, emaitzak baten bati nolabaiteko desilusioa sortu badiezaioke ere, konparazioak egitearen zaleak baikara, ona litzateke anbizioa handitzeko erabiliko bagenu.
Nagore Belastegi
Ba niri ahaldundu hitza asko gustatzen zait, komodina izanik gauza askotarako boterea ematen duten horietako bat delako. Noizean behin ezkorra naiz baina ikasi dut bizitza ederragoa dela baikorrak bagara eta, horregatik, askok ameslari deituko badidate ere, uste dut Euskal Herria ahaldundua ikusteko biziko naizela. Larrabetzun 100 urteko LIbe Asuak eman zuen bozka, irribarrearekin aurpegiko zimurrak gehiago zimurtuz. Nik nire burua hala ikusten dut; adinaren zama azalean, iraganeko borrokak oroituz, orain-goan bai, loteslea izango den galdera bati ilusioz erantzuten. Nik badut argi zein emaitza ateratzea gustatuko litzaidakeen, baina hori ez da orain esku artean dugun eztabaida, gure herriak erabakitzeko eskubidea izate hutsa jada sekulako garaipena litzatekelako. Pasa den asteko partaidetza emaitzekin triste zeudenak ikusi nituen nik ere, baina Twitterri begirada azkar bat emanez adierazgarria den datu bat ikusi nuen: 2011an 39.060 biztanle dituen Blanes herri katalanean %8,47ak hartu zuen parte kontsultan; 2017an 39.905 biztanle dituen Oreretan, %13,54ak. Katalanak kilometrotara ditugu prozesu honetan, baina ez dugu ahaztu behar beraiek aspaldian eman zituztela lehen pausoak, jendearen konzientziak piztuz, den-denak mobilizatzen, begiak tapatu nahiago duten horien zaurietan gatza botaz. Kataluniak zabaldu du bidea eta Euskal Herria atzetik joango da, harriak kenduz.