Lurrean marraztutako borobilaren barruan sartu, eta segundu gutxitan, azkeneko egun, aste eta hilabeteetan hainbat eta hainbat alditan errepikatutako jaurtiketa, beste behin ere egiteko unearen aurrean. «Barru-barrutik indar guztiak atera eta pisua ahalik eta urrutien jaurtitzea baino ez duzu buruan une horretan». Ane Torres (Ordizia, 1999) eta Joseba Berasainek (Legorreta, 1998)Ordiziako Txindoki Atletismo taldeko pisu jaurtitzaileen hitzak dira. Bi goierritar gazteak orain hiru aste Valentzian jokatutako pista estaliko junior mailako Espainiako txapelketan urrezko dominarrekin itzuli ziren biak etxera.
«Egin beharreko lana eginda dago eta jaurtiketa onena egiteko guztia ateratzea baino ez duzu pentsatzen horrelako momentu batean», adierazi du Berasainek. Eta baita lortu ere, nahiz eta «guztiz sinistea kostatu» zaien. Espainiako txapeldun dira bi goierritarrak. Gazteak izan arren, urteak daramatzate lana gogotik egiten. Egunez egun, astez aste, hotz zein bero Altamiran entrenatzen dira urte osoan zehar, eta egindako lanaren emaitza da, orain aste gutxi Valentzian lortutakoa.
Motibazioaren bila
Oso gazte hasi ziren Berasain eta Torres pisu jaurtiketan. Bide desberdinetatik heldu baziren ere, helburu beretsuak zituztela esan daiteke. «Norbera bere buruarekin gustora sentitzea, gustoko kirola praktikatzea, bizitzan motibazioa izan daitekena bilatzea, pozik egotea», arrazoi ugarik bultzatu zituen bai Torres eta baita Berasain ere pisua jaurtitzen hasteko.
Beste lagun asko bezala, futbolean aritzen zen Berasain. Baina kirol horrekin «aspertuta» zegoen jada eta «motibazio falta» sentitzen zuen. Halako egun batean, Hodei Lopezekin egin zuen topo. Lopez Txindoki Atletismo Taldeko jaurtitzaileen arduraduna eta entrenatzailea da. «Gurasoekin batera, Hodeiren tabernara joan nintzen afaltzera egun batean eta harekin topo» egin zuen. Hark, «pisu jaurtiketa probatzera animatu» zuen Legorretako gaztea. Mutil handia da Berasain eta horren aurrean, pisua jaurtitzen ona izan zitekeela pentsatu zuen entrenatzaileak. «Bitan pentsatu gabe», halaxe egin zuen eta Lopezen esanetara jarri zen.
Ane Torres ordiziarraren kasuan, bere ahizpa, Alba Torres, pisu jaurtitzailea da baita ere. Alba, Ane baino lehenago hasi zen. «Ahizpa zein pozik zebilen ikusten nuen, eta niri ere, probatzeko grina sortu zitzaidan barruan», azaldu du Ordizian jaiotako txapeldunak. Alba, gaur-gaurkoz AEB Ameriketako Estatu Batuetan dago kirol beka bati esker, eta kirola eta ikasketak uztartuz, bere modalitatean hobekuntzak izatea du helburu.
Lanak badu saria
Gipuzkoako txapelketan parte hartzen hasi zen Torres, pisu jaurtitzen hasi eta denbora gutxira, oso emaitza onekin gainera. Poliki-poliki eta lan asko eginda, Espainiako txapelketara lehenengo aldiz aurkeztu zenean, bosgarren egin zuen. Horrek «lana gogor egiten jarraitzeko animoak ematen» zizkion pisu jaurtitzaile gazteari.
Txapelketaz txapelketa, emaitza hobeak lortzen hasi zen, eta geroz eta indar handiagoa ematen zion horrek bide horri jarraitzeko. «Garbi nuen entrenatzen jarraitu nahi nuela, postu altuagoetara iritsi ahal izateko», argitu du Torresek. Eta egindako lanari esker, hainbat domina eskuratu ditu dagoeneko. Azkeneko domina, urrezkoa, Espainiako txapelketan lortutako da eta «pozez zoratzen» dago.
«Nire ahizpa horren pozik ikusten nuen, nik ere gauza bera sentitu nahi nuela»
Ane Torres, Pisu jaurtitzailea«Behin probatzera etorri eta orain Espainiako txapeldun naiz, ezin sinestu nago»
Joseba Berasain, Pisu jaurtitzailea
Pisu jaurtitzen hasi eta bigarren urtean lortu zuen Berasainek Espainiako txapelketara joan ahal izateko behar zuen gutxienekoa. Lehenengo hartan, zazpigarren egin zuen eta Torresi gertatu bezala, Berasaini ere, horrek «lanean jarraitzeko gogoz bete» zuen Legorretako atleta.
Espainiako txapelketa baten lehenengo domina orain dela bi denboraldi eskuratu zuen, bigarren mailako jubenila zenean. Orduko hartan, zilarrezko domina eraman zuen etxera. Berasain eta Torresen taldekide batek –Ameriketako Estatu Batuetan dagoen Gari Garmendiak–, eskuratu zuen urrezko domina.
Markak hausten
Pisu jaurtiketan orain dela 31 urte Beatriz Gonzalezek lortutako errekorra gainditu du Ane Torresek Valentzian jokatutatako txapelketan. Parte hartzaileen artean, bigarren markarik onena zuen, «12 metro eta 87 zentimetro». Marka hori oso gainetik gainditu eta 13 metro eta 41 zentimetro jaurtitzea lortu zuen.
Astebete inguru behar izan zuen txapelduna izan dela «guztiz sinesteko». Gainera, denboraldiko zita garrantzitsuenera, lesionatuta joan zen Torres. «Bizkarra ukitua»zuen eta «minez» egon da. Berak esandakoaren arabera, «egoera horretan egonda, helburua ez zen domina lortzea, postu on bat lortzearekin pozik» etorriko zen. Baina beste behin, «borobilean sartu, jaurti eta oraingoan bai, harmailetan kriston zalaparta».
Orain lanean jarraitzeko txanda da; «oraindik sinestu ezinik, baina hankak lurrean jarri eta erronka berrien bila» segiko dute bi goierritarrek.