Segurako Aste Santuko prozesioetan adin guztietako 300 lagun baino gehiagok parte hartzen dute. Gazteenek 3 urte dituzte eta zaharrenek 70etik gora. Gazteei dagokienez, 3-4 urteko hamar ateratzen dira, 7-8 urteko 60 eta 17-18 urteko 24. Arduradunek harrobia ondo zaintzen dute, ederki baitakite egungo gazteek halako ekimenetan parte hartzea zein zaila den.
Prozesioan parte hartzen dutenen gazteen artean, korneta eta danborra jotzen duten erromatar batzuk daude: Andoni Telleria, Xabat Maiotz, Imanol Intsausti, Mikel Imaz, Markel Fernandez eta Egoitz Berasategi.
Taldeko gazteena Telleria da. 17 urte ditu eta ia bizitza osoa darama prozesioan parte hartzen. «Umetan San Migel izan nintzen eta aingeru bezala ere atera nintzen. Nire anaia Joanesek ere San Migelen rola bete zuen».
Geroz eta zailagoa da, ordea, San Migelen rola beteko duen haurra topatzea. «Lehen haur guztiek nahi zuten San Migel izan, baina orain lotsatu egiten dira», dio Pako Mujika erromatarren arduradunak.
Nerabezarora pasa diren gaztetxoek prozesioan parte hartzen jarraitzea ere ez da erraza. Telleriak gustura parte hartzen du, ordea. «Segurako Aste Santuko prozesioek tradizio luzea dute eta herritarrok parte hartzea ohitura zaharra da. Kale egingo banu, arraro sentituko nintzateke. Tradizio kontua da. Familiako ia guztiok parte hartu dugu prozesioan eta aita parrokiako abesbatzako zuzendaria da, gainera».
Korneta
Luzaroan jarraitzeko asmoa du. «Korneta jotzea ez da erraza. Indar handia egin behar da. Baina musika ikasketak ditugunok errazago ikasten dugu. Ni txistularia ere banaiz. Prozesioan oso gustura parte hartzen dut. Hori bai, apur bat urduri jartzea saihestezina da:?kaleak ikuslez eta argazkilariz beteta egoten dira. Elizan jotzea erraza da, baina jende horren guztiaren aurrean jotzea…».