Legazpiko La Salle eskolako ikasle ohien gerizpean sortu zen taldea 1967an. Jose Inazio Rodriguezek kuadrilla batzuk elkartu zituen eta eskubaloian jokatzeko erronka bota zien. 50 urte pasa dira eta taldeak bizi-bizirik dirau.
Ernesto Gamiz 1967an San Inazioko jaien bueltan jokatu zuten eskubaloi partidako jokalaria izan zen. Bi kuadrillek baiezkoa eman zioten Jose Inazio Rodriguezek egindako gonbiteari. Elastikoak erosi zituzten eta nork irabazi zuen gogoan ez badauka ere, Gamizek partida gogoangarria izan zela akorduan dauka: «Partida hura jokatzea ideia itzela izan zen, desiatzen geunden, fraideek jokoaren nondik norakoa erakutsia zizkiguten aurretik eta bi kuadrillen arteko lehiari bidea eman genion».
Partida hori jokatu zutenetik 50 urte pasa dira jada. Norgehiagoka jende askok ikusi zuela dio Gamizek: «San Inazioko jaiak festa handiak ziren garai hartan. Hartxintxar zoruan eta ateak geuk La Salletik eskuz igo ondoren jokatu genuen!».
Egun hartan neurtu ziren bi talde haietatik argazki bakarra geratzen zaie. 25. urteurrena bete zutenean erakusketa jarri zuten eta ondorenean argazki andana galdu zuten. Pena hori daukate. Bi talde haietatik, dena dela, beste zerbait geratu zaie. Hain zuzen, egun La Salle eskubaloi taldea den elkarte handi, zabal eta bizia. Izan ere, talde bakarra sortu, eta jokalariak federatu ziren. «Gehienak, ordurako, lanean geunden; asko eta asko Patrizio Etxeberrian. Entrenamenduak iluntzeko zortzietatik aurrera egiten genituen Buen Pastorren». Buen Pastor fraideen eskola zen, hango «kiroldegian» aritzen ziren entrenatzen, eskolako patioa «kiroldegi» izendatu du Gamizek barre artean.
Orduko «kiroldegia»
Asteburuan jokatzen zuten, 11:00etan meza izaten zen eta ostean egiten zituzten partidak. Hasieran Euskal Herria plazan bertan jokatzen zuten eta hara ere ateak eskuz eramaten zituzten, kantxaren markak eskuz egiten zituzten bezalaxe . Gerora, «kiroldegian» jokatuko zituzten.
Gamiz akordatzen da Legazpiko jaietan jokatutako partida batekin: «Gutako askok txarangan jotzen genuen. Lo gutxi eginda joan ginen Pasaiako taldearen kontrako Gipuzkoako Kopako partidara. San Juan auzoko Mirasoleko lastategi batean egin genuen lo apur bat eta handik partidara. Irabazi egin genuen».
Plasticos Mel izan zen La Salle eskubaloi taldearen lehenengo babeslea. Diru laguntza horiekin ordaintzen zuten herriz herri jokatzera eramaten zituen autobusa. Bigarren denboraldirako harrobia sortzen joan zen eta taldeak biderkatzen. Eskola mailan La Sallen irakasle zen Migel Anjel Burgerak bultzada handia eman zion eskubaloiari Legazpin.
Manolo Mugerza fitxatu zuen, esate baterako. Mugerza 15 urterekin sartu zen taldean eta egun entrenadorea, zuzendaritzako kidea, jokalari ohia, jokalarien aita eta beste da La Salle eskubaloi taldean. Eten bakarra egon da taldearekin egin duen ibilbidean, ez ordea eskubaloiari lotuta egin duen bidean.
Soldadutza Ceutan egokitu zitzaion. «Leon kapitainak iritsi berritan deitu zidan. Hara bidali zuten eta gradua kendu 1983ko otsailaren 23ko Estatu Kolpean parte hartu izanagatik. Legazpikoa ote nintzen galdetu zidan. Gamiz, Ibargutxi, Zubeldia ezagutzen dituzu? Galdetu ere. Nik baiezkoa eman nion eta soldadutza erosoa izango nuela agindu zidan. Hala izan zen».
Leon kapitaina Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko kidea izandakoa zen eta Loiolako kuartelean soldadutza egiten zutenak eskubaloian prestatzen zituen, Jaizkibelgo taldea zuzendu zuen; han jokatutakoak ziren aurrez zerrendatutako legazpiar horiek guztiak.
Mugerza Legazpira itzuli, eta taldean jarraitu zuen. Domingo Agirren entrenatzen ziren eta ikastolakoekin «halako lehia» zegoela dio. Azkenean jokalariak elkartzea lortu zuten. «Zuzendaritzako kide beteranoenek taldea utzi zuten eta guk haiek erakutsitakotik lekukoa hartu genien».
Zuzendaritza taldeko beterano horietakoa da Josetxo Elkorobarrutia. Hamabost bat urte egin zituen La Sallen lanean. Lehenengo maila nazionalera igotzeko ateak ireki zitzaizkieneko pasadizoa gogoan du: «1983an Kordobara (Andaluzia) joan ginen, autobus bete legazpiar, ez genuen igoera lortu baina laugarren geratu ginen Espainia mailan».
Emakumezkoak noiz hasi ziren jokatzen galdetuta, 1979-1980ko denboraldira egin du atzera, «aurretik ere jokatzen zuten neskek, baina ez La Sallen». Egun, La Salle eskubaloi taldeak 140 jokalari ditu federatuta eta taldean gehiago dira neskak mutilak baino.
La Salleko mugak gainditu eta maila handiko taldeetara joan diren jokalari bat baino gehiago dago, aurtengo Olaria Saria jasoko dute Legazpiko jaietan eta beste 50 urte lanean betetzeko prest daude.