Asier Iriondo
Gustatzen zait Bat eta Batekoa idazteko momentua. Normalean, jarri arte, ez dut jakiten zertaz idatziko dudan. Jolasean aritzen naiz gaia erabakitzeko. Ideia-kate bat egiten dut, hasi eta bukatu berdin egiten den ideia-katea. Esaterako, gaur San Prudentzio denez, hauxe:
San Prudentzio. Lazkao. Lazkao Txiki. Lazkao Handi. Joxean Kerejeta. Baskonia. Gorka Knörr. ERC. Junts pel Si. Luis Llach. L’estaca kantua. Agure Zaharra kantua. Gorka Knörr berriz. EA. Sabin Intxaurraga. Gontzal Mendibil lehengusua. Xeberri kantukidea. Euskarazko bikoizketa. Dallas telesaioa. JR Ewing. Confebask. Roman Knörr. Gorka Knörr berriz. Oi Araba kantua. Araba Euskaraz. Nafarroa Oinez. Pausorik pauso kantua. Miguel Indurain. Prudencio Indurain. San Prudentzio.
Ondoren, hogeita batgarrena hartzen dut beti. Soldadutzara joateko adina izan zen eta, neuk egin ez nuenez, zenbakiari balioa ematen diot horrela. Goiko kasuan, JR Ewing, eta hortik abiatzen naiz.
Astelehen gauetan izaten zen Dallas ETB1en. JR maltzurra zuen protagonista nagusi. Euskarazko bikoizketa aipatu dut goian, Xeberriren lanbideari kateatuta. Oraindik, JR euskaldunaren ahotsa ezagutzen dut. Bikoiztailea nor zen ez dakit, baina, badakit Shin-chanen aitaren ahotsa duela. Barru-barruraino sartu zitzaidan JRren ahotsa.
Gai faltan bazaude, Aitor, lasai hartu nire ideia-zerrendako edozein. Ez da prezisoa hogeita batgarrena izatea.
Aitor Calvillo
Bada lehenengotik hastea onena. Izan ere, jakin dezazula ordu gutxi batzuk tarteko ez naizela izenez Prundentzio edota Prontxio. Bai-bai, bezperan jaiotakoa naiz ni, orain 45 urte. Eta gizonezko jaio nintzelako, bestela Nuestra Señora de Montserrat ipiniko zidaten gurasoek. Eta Gotzon izena ere bazuten buruan, baina aitaren aldetiko aitonak ez lukeela behar bezala ahoskatuko, Gotxon deituko zidala, alegia eta, azkenean, Aitor. Frankoren garaiak ziren artean eta legez ez zegoen euskarazko izen aukera handirik. Hori dela eta, Ikastolan 3 Aitor, 3 Mikel eta beste hainbat Axier. Zuenean ere antzeko, ezta?
Eta Prudentzio eguna izaki, Santuak ere ohore egin dio azke-nean izenari. Apirila lehor joan zaigula baina gure Prontxio txizontziak busti ditu azkenean inguruko bazterrak. Gasteiz eta Lazkao aldean ez dira izango akaso oso gustura honekin baina ziur Ama Lurrak gustura hartuko zituela azken egunetako ur-tantanak. Noizko udaberriko zizak, ortuko garaiko barazkiak?
Eta bai, apirila amaitzearekin batera udaberriko eskualdeko lehen festak, Lazkaokoak. Negu osoa zain izan ondoren modu berezian hartu izan ditugu Goierri aldean San Prudentzio jaiak. Gazteagoko garai horietan oinez joaten ginen, gainera, CAF-eko bazterrak ikusiz, pasatzen ziren autoei diosala eginez (ipurdia erakutsiz, alegia)… eta itzulera antzeko. Hori bai, itzulerako bidea luzexeagoa egiten zitzaigun arren, landatu berri ziren loreak bake-bakean uzten genituen, udaberriaren erakusgarri baitziren orduan ere!