Serio antzean idatzia nuen iritzi-zutabe hau, apirilaren 8an Baionan bizi izan nuen pozaldia erabatekoa izatea galarazi zidan baina bakarra, ekitaldi publikoan euskararen benetako egoera beste behin ere begi-bistan utzi izana zela, hausnarrean. Horretan, ustez artikulua taxutu eta orrazketa zain nuela, Argia aldizkariaren 2.550 zenbakian, Beranduegi tartean topatu nuen kronikatxo batek irribarrea ez ezik barre-algara sano-sanoa ere eragin zidala zin dagizuet, hauxe baitzion: «…eta hitzaldi bera eguzkitan lau hizkuntzatan emateko asmoa duen oro Siberiara deportatua izanen da».
Apirilaren 16ko data du aipatu aldizkariak, eta egun berean «Ez adiorik» esanez agurtu gintuen Anjel Lertxundik Berria-ko Hitz Beste zutabegintzatik, ia 15 urte eta gero. «Apirilaren… hamaseigarrenean, aidanez!!» zioen Zakilixutek gero, Lertxundiren liburuetako baten izenburuarekin jolasean. Umoretik Olariagak ere.
Hegoaldean ele bietan (euskaraz eta gaztelaniaz) hitz egitera ohituta bageunden, orain, Iparraldearekin inoiz ez bezalako batasuna lortuko dugunean, frantsesa ere ikasiko dugu Hegoaldekoek, espainiera Iparraldekoek eta baita ingelesa ere, guztiok!! Nago, baina, Baionan bazela lau hizkuntza horietako bat berean ere moldatzen ez denik, eta oraindik ez diot inori entzun edo irakurri inolako desadostasunik, tranpaletik haien hizkuntzan ez aritzeagatik. Eta, munduan 7.000 hizkuntza ditugu.
Larriagoa da Anjel Lertxundik egin diguna: egunari baraurik ekitera behartu gaitu. Gutako askori ukatu zaigunarekin bizialdi osorako gor, mutu, eta itsu bihurtu arazizko zigorraldia da!! Bere laburrean, horren iruzkin sakon, sarkor, gordin eta aldi berean ulerterraz, arin eta alai zirenak bat-batean gal-tzeak, euskaratik mundua ulertzeko saiakera duina murriztu digu intelektual euskaldunak. Beldur naiz, bere zaleak garenok eskaintzen genion denbora, garai berrietara moldatzeko nahitaezkoak izango ditugun espainiera, frantsesa eta ingelesa hizkuntzak ikasteko erabil dezagun jukutria gaiztoa dela funtsean, Lertxundiren erabakia.
Zerbait galtzen ari naiz. Anjel Lertxundiren eguneroko euskarazko iritzi-artikulua galtzeaz gain, bada zerbait harrapatzen ez dudana: euskaraz gainerako hiru hizkuntza horiek ez ezik, gainontzeko 7.000 hizkuntzak ere ikastea ondo dago. Euskal Herria anitza da hizkuntza aldetik ere, ez ahaztu. Baina, Euskal Herrian zerbaitek batzen bagaitu, ez al zen ba, hain zuzen ere, hizkuntza, euskara?
Madrilen izan berriak gara eta han espainieraz hitz egin beharrak ez digu inongo sentiberatasun linguistikorik urratu; aurki Ingalaterrara joango gara berriz ere eta han, orain artean bezala, ingelesez moldatu beharko dugu… Eta Euskal Herrian? Euskal Herrian, horietan baino abegikorragoak gara, nonbait. Hemen, inoren (euskalduna izan nahi ez duenaren, esan nahi da) sentiberatasuna urratzearen beldur, euskal herritarron hizkuntza guztietara moldatzen joango gara pixkanaka euskaldunok. Euskal Herrian beude lasai norberaren hizkuntzan baizik bizi nahi ez dutenak. Zertarako gaude ba euskaldunok, gainerako hizkuntzetara egokitzeko ez bada? Madrilen eta Ingalaterran egiten dugu ba?
Independentzia lortu izana adierazteko agiria zenbat hizkuntzatan entzun beharko den ez dakigu oraintxe bertan. Baina momentuz gai gara gauza bera lau hizkuntzatan segidan entzuteko, aizue!!