Lehenengo maratoia 1980. urtean egin zuen Jose Luis De Miguelek, Donostiakoa. Harrezkeroztik, mundu zabalera bidaiatu du maletan zapatilak eta praka motzak hartuta. Maiatzaren 7an,?Pragako maratoia egingo du, 54.a.
70 urte betetzear dela, 54. maratoia egingo du Jose Luis De Miguelek datorren maiatzaren 7an Pragan, Txekian. 42.195 metroak hiru ordu eta 45 minutuko denboran egitea aurreikusten du. «Garairik onenetan bi ordu eta 55 minutuan eginda nago maratoia», dio Lazkaon bizi den Lizarrako korrikalariak.
1980. urtean egin zuen lehenengo maratoia, Donostiakoa, eta harrezkeroztik, munduko txoko desberdinak ezagutzeko aitzakia bilakatu da korrika: «Turismoa egiteko beste modu bat da». Bilbo, Gasteiz eta Donostiako maratoiak egiteaz gain, beste hainbat hiritan ere izana da: Istanbulen, Venezian, Atenasen, New Yorken, Sevillan, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian… . Bakarra gelditu da bukatu gabe; «fisikoki ondo nengoen baina buruak huts egin zidan», dio.
Bidaia agentzia espezializatuekin lotzen ditu hotelak eta dortsalak. Datorren urteari begira, Tokiokoa, Japoniakoa, du begiz jota. «Tokiora joatea gustatuko litzaidake. Lagun batek esan zidan Tokiora joateko gogoa zuela, eta abixatzeko esan nion. Ikusiko dugu».
Orain arte egindako maratoietan gogokoena zein den galdetuta, ez du bakar bat aukeratzen jakin: «Bakoitzak dauka bere saltsa. Donostiakoa Donostiakoa da. Istanbulekoa, bi kontinentetatik pasatzen da, Atenas maratoiaren sorlekua da, New Yorkekoa derrigorrean egin beharrekoa da…. Bakoitzak bere berezitasunak eta saltsak ditu». Bartzelonako maratoia ere ez zaio ahaztuko De Migueli. «Normalean ibilbide laua izaten da maratoietan baina Bartzelonako Olinpiar jokoetan Montjuicen bukatzen zen eta 40 kilometro egin ondoren, aldapa gora bukatzea, zigorra zen. Orain aldatu dute helmuga, aldapa igo beharrik gabe. Ezin zen denbora onik egin baldintza horietan», gogoratu du.
Urtean pare bat maratoi egiten saiatzen da. «Donostiakoa egin nahi dut azaroan, beti bezala, Donostiako maratoian 70 urte edukiko ditut, 70-75 adin tarte horretan abantaila izango dut, gazteena izango naiz eta».
Errepidean
Errepideko lasterketak egin izan ditu beti. «Ez naiz mendian ausartzen, oso gogorrak iruditzen zaizkit. Orain modan daude, baina oso gogorrak dira. Aizkorri gehiegi da», aitortu du. Batez ere maratoiak egiten baditu ere, maratoi erdiekin ere saiatzen da: «Ekainean Laredoko (Kantabria, Espainia) maratoi erdia egingo dut. Behobia ere askotan egin dut baina Behobiakoa ez zait ondo etortzen datagatik, Donostiako maratoia baino hamabost egun lehenago izaten da eta». Hori bai, lasterketa motzak, «10 kilometrokoak-eta» baztertu ditu dagoeneko.
Osasunarekin gainera, zortea izan duela uste du korrikalariak: «Lesioekin zorte izan dut, ez dut lesiorik izan inoiz. Pentsatzen dut pisu gutxi daukadalako izango dela. Zortea dut».
Lagun artean entrenatu
Munduari itzuliari bi aldiz emateko adina kilometro pila eginak ditu korrika dagoeneko De Miguelek, «orain arte 3.000 kilometro egin izan ditut, orain gutxiago, 2.000 kilometro inguru». Lagun artean entrenatzea gustatzen zaio, eta normalean, 18:30ean euskaltegitik ateratakoan Ordiziara joaten da, Altamirako pistara. Bi arrazoiengatik gustatzen zaio Altamirara joatea: batetik, «beti dagoelako jendea korrika eta entretenigarriagoa da jendea- rekin korrika egitea; hitz eginez joatea da ideala. Kirola taldean egitea gustatzen zait. Denbora azkar pasatzen da, entretenigarria da»; eta bestetik, «belaunentzat errepidea baino hobea delako pista».
Korrikarekin gozatzen luzaro jarraitu nahi du De Miguelek, «noiz arte ez dakit, baina ahal dudan bitartean». Horrekin batera, euskara ikasteko maratoian ere buru belarri murgilduta dabil De Miguel, Maizpiden euskara ikasteko pauso sendoak eginez.