Nagore Belastegi
Esaten da haurrak direla etorkizuna, eta hor ez dago eztabaidarako aukerarik. Egunero harritzen naiz pertsona txiki lotsagabe horiek ematen dizkiguten lezioekin, hain txikiak izanik zenbat gauza dakizkiten ikustean. Baina zinez uste dut adineko pertsonak ere etorkizuna direla nolabait, haiek ere sekulako lezioak ematen dizkigutelako tartean gaudenoi.
Adibide gisara aipatuko dut begiak busti zizkidan une batek. Korrika Legazpitik pasa zen egunean, Laubiden, Maria Pilar Makibarrek lekukoa Iker Azpeitiari pasa zion. Inoiz gelditzen ez den furgoneta eten egin zen, denak eten ginen eta Makibar bere gurpildun aulkitik altxatu zen euskaltzale bezala bere ametsa betetzeko.
Ileak tente eta mukiak tantaka abiatu nintzen ondoren. Indar gehiagorekin zapaldu genuen lurra pauso bakoitzean une magiko bat bizi izan genuenaren sentsazioarekin. Emakume horrek erakutsi zigun bizitzan kemena izan behar dela eta ez garela etsitu behar.
Ziur nago guztiok dugula gertu kopiatzeko moduko pertsonaren bat, zeren haurrek eta zaharrek badituzte amankomunean gauza batzuk; diren bezalakoak izateko askatasuna dute, gauza txikiez gozatzeko gaitasuna dute, jakinmina pizturik dute eta maite dituzten pertsonekin ahalik eta denbora gehien pasatzen ahalegintzen dira. Ez da kasualitatea umeak eta adinekoak primeran moldatzea. Mundua zoragarria izango litzateke gazte eta helduak haiek bezala jokatzen hasiko bagina.
Iraia Oiarzabal
Askotan pentsatzen dut zer pasatuko zaien haurrei euren buru txiki horretatik. Garden eta natural botatzen dituzten galdera horien aurretik zein pentsamendu ibili ote dituzten dantzan. Eta azken aldian, geroz eta gehiago galdetzen diot neure buruari zer sentituko ote duen batek zahartzaroan, urteak bizkarrean pilatu direnean zeintzuk izango ote diren anbizioak, beldurrak, pozak eta ilusioak. Ze pisu hartzen duten balantzan nekeak eta aurrera jarraitzeko grinak.
Denborarekin ikasi dut ere apreziatzen gure aiton-amonek egindakoa eta emandakoa. Zintzo hitz eginda, uste dudalako batzuetan nolabait galdu egiten dela haiekiko dugun lotura hori. Akaso gaztetasunaren zorotasun eder horrek bultzatuta, gure sentimenduak laino artean sartuko balira bezala. Eta iristen da momentu bat laino horiek desagertu egiten direla eta bazterrean ahaztuta utzitako gauza asko baloratzen hasten garela. Umetan gureekiko sentitzen dugun lotura hautsiezin hori berreskuratzen dugu.
Adineko gure ahaideek guk uste baino irakaspen gehiago uzten dizkigutela iruditzen zait. Langile nekaezina izan eta halere irribarre gozo batez seme alaba eta ilobak hezitzea posible dela adibidez. Edo bizitzak proba gordinak jartzen dizkigula askotan, baina ez direla gaindiezinak. Lezio horiek grabatuta gelditu zaizkit niri eta pentsatu nahi dut neurri batean nire izaera eta bizitza ikusteko modua definitu dutela. Bada arrazoi nahikoa ematen digutena eskertzeko.