Zumarragako Trikitixako Migel Urteagak hiru seme ditu eta hirurak musikariak dira. Gazteenak aitaren pausoak jarraitu ditu eta eskusoinu-txikia jotzen du. Bi seme zaharrenek, aldiz, pop eta rock taldeetan jotzen dute.
Zumarragako Trikitixak 100 urte beteko ditu 2020an. Joxe Oriak hasitako bidea bere ilobek jarraitu zuten eta hurrengo belaunaldikoen artean ere hainbat trikitilari daude. Hirugarren belaunaldi honetako guztiak ez dira trikitilariak, ordea. Migel Urteaga pandero-joleak hiru seme ditu eta horietako bik rock taldeetan jotzen dute. Nola da posible? Zer ote dio Migelek? Nola sentitzen da rocker bat trikitilari familia batean?
Kepak, gazteenak, aitaren eta osaben pausoak jarraitu ditu. Folk talde batean ere jotzen du (Sei pistols eta trabuko bat). Aitorrek eta Ibonek, berriz, rocka egiten dute. Biek hainbat taldetan jo dute. Egun, Fits eta Memphis Mafia taldeetako kideak dira. Aitorrek baxua jotzen du eta Ibon abeslaria da. Gitarra, pianoa eta soinua jotzen ere badaki.
Migelen semeak musikari izan behar ziren derrigor. Umetatik aita eta osabak trikitixa jotzen ikusi dituzte eta, gainera, musika asko entzun dute. «Etxean beti denetik entzun dugu, aitaren eta amaren eraginez: trikitixa, rocka, folk musika… Ez da inongo taburik egon», oroitzen du Aitorrek, seme zaharrenak. «Gure erroa trikitixa da, baina beste iturri batzuetatik ere edan dugu», gehitu du Kepak. «Haurrak ginenean, Seat 127 bat genuen eta autoan beti abesten joaten ginen: Nat King Cole, Los Panchos, habanerak…», gogoratu du Ibonek. «Gurasoek Hi-Fi dorre bat erosi zuten. Eguneko 24 orduetan piztuta egoten zen eta sekulako borroka zegoen gure artean: bakoitzak bere disko kuttunak jarri nahi zituen», azaldu du Kepak.
Pandero artean
Haurtzaroan, aita beti kanpoan zegoela gogoratzen dute. «Asteburuetan etxean egoten ginen amarekin, aita erromeriaz erromeria zebilen bitartean», dio Aitorrek. «Etxean zegoenean, panderoak konpontzen egoten zen. Sukaldeko mahaian pandero pila bat egoten ziren eta gu saltsan ibiltzen ginen», gehitu du Kepak.
Zumarragako Trikitixa oso ezaguna da Euskal Herria osoan, baina beraiek ez ziren horren jakitun. «1982ko Trikitilari Egunean omenaldia egin zietenean konturatu nintzen aita eta osaba ospetsuak zirela. Hazi ginenean, berriz, etxeko sukaldetik trikitilari handiak pasa zirela konturatu ginen: Kepa Junkera, Tapia eta Leturia…», azaldu du Aitorrek.
Hirurei trikitixa gustatzen zaie, baina Kepak bakarrik jarraitu ditu aitaren pausoak. «Trikitixa gustuko nuen, baina mundu horretatik ihes egin nuen. Trikitixa etxean gauza serioa zen eta banekien horretan hasten banintzen dena eman beharko nuela. Ibonek eta Kepak soinua jotzen ikasi zutenean hala zela konprobatu nuen», esan du Aitorrek.
Ibon trikitilaria izan zen umetan, baina berehala utzi zuen. «Trikitixa jotzeko gogo handia zuen, baina banekien ez zuela asko iraungo. Oso azkar ikasi zuen eta oso ondo jotzen zuen, baina buruan gitarra eta beste erritmo batzuk zituen. Hirurei nahi zutena egiten utzi nien. Eskatu nien bakarra, egiten zuten hori serio egitea izan zen», dio Migelek.
Hori bai, ez du sekula bi seme zaharrenen kontzertu bat osorik entzun. Ama, ordea, kontzertu askotara joan da. Ibonek amak meritu handia duela dio. «Hiru seme aurrera atera ditu ia bakarrik. Gainera, bera izan da beti gehien animatu gaituena. Bera da gustuen entzuten gaituena. Etxean, gaizki jotzen bagenuen, konturatu egiten zen».
Kepak panderoa jotzen ikasi zuen lehenengo eta egun soinua jotzen du. «Aitaren eta osaben erara ikasi nuen panderoa jotzen. Ondoren, Azkoitira joan nintzen, Zabalerengana, beste guztiek jotzen zuten erara jotzen ikastera. Ibon soinuaz nekatu zenean, soinua jotzen ikasi nuen. Azkonabietarekin hasi nintzen eta ondoren Epelarrerengana joan nintzen».
Lo egin ezinik
Aitorrek anaiaren entseguen erruz ezin zuela lo egin gogoratzen du. «Garai hartan Avenida tabernan lan egiten nuen eta 07:00etan heltzen nintzen etxera. 10:00etan Kepa entseatzen hasten zen. Oso gogor entseatzen zuen, osaba (apirilean hil zen Joxe Urteaga) ordezkatu behar baitzuen». Anaia gazteenak gogorra izan zela onartzen du. «Osabak uzteko asmoa zuen eta garai hartan ni nintzen soinua jotzen zuen bakarra. Lekukoa hartzen ez banuen, akabo Zumarragako Trikitixa. Ordu asko sartu nituen, ondo jotzeko eta etxekoen erara jotzeko».
Lehenengo kalejira eta erromerietan ardura handia sentitu zuen. «Osaba Joxeren tokia hartzea ardura handia zen. Jendea oso adi zegoen, gaztea nintzen… lehen urteak gogorrak izan ziren, baina ohitu egin nintzen».
Laugarren belaunaldia ere gogor dator. «Alabak 8 urte ditu eta panderoa eta pianoa jotzen ditu. Ez dakit egunen batean gurekin joko duen, baina datorren urtean soinua jotzen ikasi nahi du. Semeak 12 urte ditu, eta gitarra eta perkusioa jotzen ditu. Berari ere, Aitorri bezala, gure etxean trikitixa gauza serioegia dela iruditu zaio. Niretzat trikitixa lana dela konturatu dira».
Aitorren seme-alabak oraindik ez dira musika jotzen hasi. «Badakite lehengusuek musika jotzen dutela eta beraiek ere eskatzen badute, ikasteko aukera emango diegu noski», azaldu du. «Zumarragako Trikitixa ez da gurekin bukatuko, baina ez nire semeak edo alabak jarraituko dutelako bakarrik, baita gure familiako beste askok ere trikitixa jotzen dutelako eta guztiek gurekin jotzeko aukera dutelako», amaitu du Kepak.