Maider Sudupek (Urretxu, 1978) azkenaldian Zumarragako Julita mertzerian ikus daitezkeen erakusleihoen diseinua egin du. Irudiaren mundutik dator eta irudien mundura doaz sortzen dituen leihoak. Egun zaletasuna dena, akaso etorkizun hurbileko ogibide izango da.
Urte luzetan aritu zara telebistaren esparruan lanean.
Bai. Ikus-entzunezkoa komunikazioa ikasi nuen eta amaitu berritan lanean hasi nintzen. Zortedun izan nintzen. Praktikak Euskal Telebistan egin nituen eta han egin dut nire ibilbidearen zatirik handiena.
Zertan zehazki?
Gasteizen ibili nintzen errealitate birtualaren arloan lanean, kroma pantailekin sortutako platoetan hain zuzen. Kontratu hura amaituta, teknologia zentro batean aritu nintzen telebista automatikoekin; programatzaileen lanaren ostean guk edukiz betetzen genituen.
Telebistara lotuta beti…
Bai, Euskal Telebistara itzuli nintzenetik EITB Kulturan aritu naiz luzaroan. Esker oneko lana izan da, asko eta ongi zaindutakoa. Nik errealizadore eta muntatzaile lanak egiten nituen.
Bi errepidean saioa gogoangarria da niretzat jendearekin kontaktu zuzena genuelako; erreportajeak egitera platoetatik ateratzen ginen eta etxe barruraino sartu ere. Saio hura oso aberasgarria izan zen.
Telebista utzi zenuen baina.
Une jakin batean ez zegoen diru askorik ezta saiorik ere, eta niri baldintza berriak amatasunarekin uztartzea zaila egin zitzaidan. Ez naiz damutzen.
Erakusleiho bat zertan da telebistaren antzekoa?
Telebista utzi nuenetik ez naiz ezer egin gabe egon. Sortzeko beharra beti izan dut eta irudiaren bueltan nabil beti. Telebista irudia da eta erakusleihoak irudiak dira. Niri irudien bitartez transmititzea gustatzen zait. Dekorazioa ere gogoko dut, baina intimoagoa delakoan nago. Erakusleihoak, ordea, komunikatzeko baliatu daitezke. Erronka bat da.
Prestatu ere egin zara.
Bai, Bartzelonan ikastaro trinko bat egin dut, bost hilabetekoa, Internetez. Mundu osoko ikaskideak izan ditut, diziplina askotarikoak. Intentsoa izan da, baina zoragarria ere bai.
Entzun behar izan ditut zertarako balio dizu horrek eta gisa horretako galderak, baina nik aproba egin nahi nuen eta ikusi.
Eta ondoren egin?
Hori da. Lagun baten erakusleihoarekin hasi nintzen. Podologoa da bera eta halakorik ez zuela behar zioen, edonola ere egiten utzi zidan. Ez da bakarrik saldu beharrekoa saltzeko, norberari buruz ere asko esaten du erakusleiho batek; saltzaileari buruz, alegia. Euskal Jaiaren harira egin nion lehenengoa eta hura egiteko, dena eskuz egiten dudanez, hari batzuk behar izan nituen. Hala iritsi nintzen Julita mertzeriara.
Hariak erosteaz gain, erakusleihoa egiteko enkarguarekin atera nintzen eta oso eskertuta nago aukera itzela eman didatelako. Sei bat jarri ditut jada, ahal dela bertako produktuekin. Kontua, niretzat, erakusleihoekin transmititzea eta komunikatzea da.