Kazetaritza-lanak bere alde onak ere baditu. Aukera ederrak eskaintzen ditu noiz behinka, izkutuan dauden errealitate, istorio eta pertsona interesgarriak ezagutzeko. Kazetari batzuk, lan ibilbidean pilatzen doazen trofeoak bailira, gogoan izan ohi dute zinemako izar ezagun bati egindako elkarrizketa, pertsonaia historiko baten inguruan idatzitako kronika sakona edo politikari ezagun batekin izandako solasaldi luze eta aberasgarria. Beste batzuk kanpoko lurralde batean egindako erreportaje koloretsua hartzen dute gogoan. Nazioarteko kirol ekitaldi garrantzitsu bati egindako jarraipen zabala ere oroitzeko moduko lanen zerrendan egon ohi da askorentzat.
Hala ere, normalean, oroitzapen profesional kuttunenak gertuko istorio edo pertsonei lotuta egon ohi dira. Hala gertatzen zait niri behintzat. Kazetari edo kronistak inguruko gizartera begira lan egin ohi du eta baliteke horregatik maitasun berezi bat edukitzea ingurumarian ditugun gertakizun edo pertsonei. Gertuen duen jendarteari informazio interesgarria eta aberasgarria helarazi nahi diolako kazetariak, finean.
Oroitzapen horietako bat berritu dut orain dela gutxi, Juanba Berasategiren heriotza dela eta. Bi aste dira dagoeneko marrazkilari, ilustratzaile eta zinemagile pasaitarraren joan zitzaigunetik. Kultura eta euskararen mundutik erabatekoa izan da adostasuna, Berasategiren ekarpena eta ibilbidea goraipatzeko garaian, animaziozko euskal zinemagintzan aitzindaritza bere gain hartu izanagatik.
Artean ezezaguna nuen Berasategi, erredakzioko arduradunek hari elkarrizketa bat egiteko eskatu zidaten arte. Foru aldundiaren Abbadia Saria jasotzera zihoan 2006an, euskararekiko eta euskal herriaren kultur izatearekiko erakutsitako konpromisoa zela eta. Animazioko zinemaren esparruan egindako lanaz gain, euskal zinemaren ekoizleak elkartzen eta proiektu berritzaileak sustatzeko lanaren errekonozimendua izan zen sari hura. Haren curriculuma begiratu eta laster jabetu nintzen zeinetaz ari ginen.
Gure belaunaldiko imajinarioan hiltzatuta baitzeuden ordurako Kalabaza Tripontzia, Fernando Amezketarra eta Lazkao Txiki marrazki bizidunak. Gogoan dut oraindik eskolako lagunekin batera Usurbe zinema zaharrera joan ginenekoa, Fernando Amezketarra filma ikustera. Ez dut film haren xehetasunik bat ere gogoratzen, artean ume kozkorra bainintzen. Baina nolabaiteko arrastoa utzi zuen nigan, pelikula hura ikustera joan izana bere horretan gogoratzeko.
Nerabezaroan, Lazkao Txikiren pasadizo, bizimodu eta malenkoniak ezagutzeko parada eman zigun Juanba Berasategiren imajinazio eta sormenak. Ez zait bide hoberik okurritzen Lazkaomendiko bertsolari ttikiaren balioak eta bizitza Euskal Herri osoan ezagutzera emateko.
Berasategiri 2006an egindako elkarrizketa hartan, ironia eta umore beltzez jantzitako adierazpenen artean, pertsona apal eta eskuzabal bat aurkitu nuen. Garbi zeukan euskaraz eta euskal mundutik abiatuta lan egiteko konpromisoa eta ilusioa. Baliabide urriekin urrea balio zuten lanak egiteko gaitasuna.
Ikus-entzunezkoen munduak izugarrizko garrantzia hartu du gizartean. Ikusi besterik ez dago zer nolako boterea duten filmeek, telesailek edo whatsappez zabaltzen ditugun bideoek, jendearen pentsamolde, iritzi eta ohiturak baldintzatzeko orduan. Euskarazko zinemagintza ari da bidea urratzen, kalitate handiko lanen bitartez arrakastarako bidea erakutsiz. Ez da nolanahiko desafioa mundu horretan sakondu eta euskarak bere lekua izaten jarrai dezan lan egitea. Hizkuntza komunitate eta herri gisa heldu beharreko desafioa da, inondik ere. Juanba Berasategi bezalakoen konpromisoa eta determinazioa eredu gisa hartu behar genuke.