Eneritz Gorrotxategi
Pasa berri ditugu Aste Santuetako oporrak, baita maiatzaren lehen eguneko zubia ere. Zenbaitek sanprudentziotan edota santikutzetan ere hainbat egun izango zituen jarraian, lanera edo eskolara joan beharrik gabe.
Ulergarria zait laneko gorabeherak, etxeko martxa, eskolako motxilaren zama eta gainerakoak pilatzen eta pilatzen joaten direnean nolabaiteko atsedena hartzeko beharra sentitzea, noski. Eten horretarako baina, norberak bilatu behar izaten du bere bidea: batzuk ordularia eskutik kentzearekin edo iratzargailua ez jartzearekin konformatzen badira ere, beste batzuk kanpora joateko aprobetxatu nahi izaten dute; paraje berriak ezagutu, han edo hemen hondartzan edo mendi-aldean egonean egon, lasai ederrean… Bakoitzak ikusiko du eguneroko zurrunbilo horretatik irten edo ihes egiteko zein den bere formula, baina uste dut uste, zilegia eta errespetagarria dela erabaki bat zein bestea: etxe inguruan geratzea edota punta batera edo bestera joatea. Batzuk, gainera, denboraz ibili ohi dira antolatzen eta beste batzuk azken orduan erabakitzen dute hara edo hona mugitzea.
Bada ordea, sarri entzuten galdera bat: «Eta zuek, nora joango zarete?». Ez ote da galdera hori nolabaiteko presio bihurtzen, arrazoi batengatik edo bestearengatik etxe inguruan geratzea erabakitzen duenarentzat? Ez ote da bere erantzuna nolabait ere justifikatzera behartzen? Kanpora joateko hautua egin duena, justifikazio horretatik libre geratzen da, ezta?
Ion Muñoa
Geratuko ez da ba! Hura modako estandarretan dabil, ez ordea urte guztia lanean pasata zubi edo jai-egun bakoitzean, paraje berrietan gozamen hedonista indibidualera jotzen ez duena. Halakoxeak dira gure bizimodu posmoderno edo likidoetako klase ertainak (langileria klasea ere likidotu, lausotu edo gaseatu da) lortu dituen ongizateko ohiturak; aspirazioko estandarrak.
Kontsumo gizarteaz hitz egiterakoan, normalean, hirugarren pertsonan jarduten dugu. Inpertsonalizatu egiten dugu kontsumoaren gizartea, eta McDonals, Zara eta halakoekin lotzen dugu. Eta demonizatzen ditugu janari-azkarra, multinazionalak, lanpostu preka-rioak eta abarrak. Gu nola izango gara ba halako gizarte injustu eta ez jasangarriaren sortzaile, garatzaile eta erantzule? Keba! Gu lanez gainezka gabiltza, estresatuta eta mila buruhausterekin, eta beharrezko dugu deskonektatzeko hegazkina hartu eta Kanarietara joatea, edo furgoneta hartu eta eskiatzera joatea edo autokarabanan Landetara joatea… Ez da inolaz ere plazer hedonista indibidualean baino ez dugula pentsatzen; gurea beharra da, eskubidea da eta ondo merezitakoa da. Eta dugun denbora apurra aprobetxatu beharrean gaude. Eta amaitzen da zubi bakoitza, eta hurrengorako egunak deskontatzen hasten gara, denbora aprobetxatu beharrean dago eta!
Eta badirudi krisiak krisi, horrela jarraituko dugula: urrutiko intxaurren eta gertukoen arteko dialektikan, abenduaren 3ak jai behar duen edo ez eztabaidatzen, eta bakoitzak ahal duen moduan ongizatera bidaiatzen.