Ametsak egi bihurtzeko lanean ari da Ianire Garro (Olaberria, 1996). Artea oso gustuko du eta margolaria da. Hainbat erakusketa ere egin ditu, gaztea izan arren. Gainera, tatuatzaile izan nahi du, eta laster egingo du bere lehenengo ikastaroa.
Noiztik eta nondik datorkizu margotzeko grina?
Orain dela bederatzi urte, Beasainen, Arte Akademia batean hasi nintzen. Marraztea eta margotzea betidanik gustatu bazait ere, akademian hasi nintzen, artea beste seriotasun batekin hartzen. Zazpi urte igaro nituen han, eta etorkizunean hontaz bizi nahi dudala deskubritzeko balio izan zidan. Horregatik, arte batxilergoa egin nuen eta jarraian, bi urte igaro ditut Salamancan, Arte Ederrak egiten. Orain, ikasketak utzi behar izan ditut besoko arazo bategatik, baina horregatik ez diot gustuko dudana egiteari utziko.
Zein da gustukoen duzun estiloa?
Esperientzia hartzen joan naizen heinean, errealismoa da nire estiloa eta teknika desberdinak erabiltzen ditut; grafitoa, pastelak, boligrafoa eta olioa, besteak beste.
Definitu zure lana.
Zerbait esaten didaten aurpegiak aukeratzen ditut. Nire lan inportanteenak, orain dela gutxi egindako bi amona dira. Zimurrak eta espresio bereziak dituzten aurpegiak dira, eta hori ondo irudikatzea ez da lan erreza. Lanak jendaurrean jartzen ditudanean ordea, baloratzen dutela sentitzen dut eta oso pozgarria da hori.
Orain gutxi arte Aterpe tabernan erakusketa izan duzu.
Teknika desberdinak erabiliz egindako bederatzi marrazki eta kuadro jarri nituen: akrilikoa, pastela, grafitoa eta argizariak, besteak beste. Horien artean, enkargu bidez eginiko pare bat lan ere. Espresio desberdinak dituzten erretratuak ere ikus zitezkeen.
Orain zer duzu esku artean?
Arte txapelketa batean aurkezteko lan bat bukatu berri dut eta ea zortea dudan! Horrez gain, hilabete honetan, tatuaje kurtso bat egingo dut, eta nola ez, kuadroak egiten ere jarraituko dut, beti bezala! Bestalde, leku berriak bilatu eta gauza berriak egiten hasi nahi dut, hurrengo erakusketa prestatzen hasteko. Oraindik ez dakit noiz izango den, baina lanean ari naiz dagoeneko. Bide batez, guztion artean, arteari bultzada eman eta egiten dugun lana ezagutzera emateko, herritarrak arte-aretoak bisitatzera gonbidatu nahi ditut.
Etorkizunari begira zertan ikusten duzu zure burua?
Etorkizunean tatuatzailea izan nahi dut. Azal gainean ere, errealismoa erabili nahi dut. Koadroak margotzen ere jarraituko dut noski! Bi arteak uztartu nahiko nituzke.