Arrautza oinarrizkoa da gure dietan. Baina ba al dakigu benetan zer nolako arrautzak kontsumitzen ditugun? Arrautzek beren oskoletan grabatuta daramaten kodearen bitartez informazio asko eskuratu dezakegu, zein motatako arrautzak diren jakitetik, arrautza horiek errun dituzten oiloak nola bizi diren, edo nongoak diren jakiteraino.
Gaur egungo merkatuan arrautza mota ezberdinak erosteko aukera daukagu. Horregatik, jatorriaren kontrola eta ekoizteko modua ezinbestekoak dira kontsumitzaileak elikagai hau erosterako orduan berme handiagoa izan dezan. Arrautza bakoitzaren oskolean dagoen markatzearen bitartez oinarrizko informazioa jasoko dugu. Etiketak, berriz, produktuaren informazio zehatzagoa emango digu.
Arrautzen kodeak gisa honetakoak izan ohi dira: 1 ES 48 130 99 A. KontsumoBide, Eusko Jaurlaritzako Euskal Kontsumorako Institutuak jakinarazi duenez, arrautzatarako oiloen hazkuntza motak 0tik 3ra bitarteko zenbakiak ditu. 0 ekoizpen ekologikoko oiloetarako, 1 landa oiloetarako, 2 lurrean hazitako oiloetarako eta 3 kaioletan hazitako oiloetarako. Ondotik doazen letrak Europar Batasuneko jatorrizko estatuari dagozkionak dira. ES (Espainia) gure arrautzen kasuan.
Identifikazio kodeak
Hurrengo zenbakiak establezimenduaren identifikazioari dagozkionak dira, 20 adibidez Gipuzkoari dagokiona. Hurrengo hiru digituek udalerria zehazten dute. Ondoko bi zenbakiek ekoizlea identifikatzeko balio dute, eta azkeneko letra nabe edo eraikina nolakoa zen zehazteko erabiltzen dira.
Bestalde, produktua errazago identifikatzeko etiketak edo arrautzak gordetzeko ontziak hurrengo informazioa izan behar du. Lehentasunez kontsumitzeko eguna ee/hh formatuan. Kontserbatzeko aholkua. Ale kopurua. Hau ez da beharrezkoa kanpotik zenbatu daitezkeen kasuetan. Klasea. Pisuaren arabera oso handiak edo XL (73g edo gehiago), handiak edo L (63-73g artean), ertainak edo M (53-63g artean) edo txikiak edo S (53g baino gutxiago) izan daitezke. Kategoria. A da gizakiak zuzenean kontsumitzeko arrautzen kategoria. Oiloak hazteko modua, landakoak, lurrekoak, kaioletakoak edo ekologikoak diren zehaztuz. Eta amaitzeko, arrautzak merkaturatu dituen enpresaren izena eta baimendutako sailkapen zentroaren kodea ere agertu behar dira.