Garbiñe Aranburuk (Legorreta, 1973) 1997an eman zituen lehen urratsak LAB sindikatuan Arrasate eskualdean. Donostia eta Tolosa-Goierri eskualdeetan aritu ondoren, 2004an, Rafa Diezen garaietan, «exekutibora salto egin» eta 2008az geroztik Ainhoa Etxaideren zuzendaritzan egon da. Momentu honetan Ekintza sindikaleko eta negoziaketa kolektiboko arduraduna da. Hilaren 25eko eta 26ko IX. Kongresuaren ondoren, LABeko Idazkari Nagusia izango da.
Ilusioz eta gogotsu al zaude erronka berriari ekiteko?
Ilusioa eta gogoa bai, eta bertigoa ere bai pixka bat! Hankak lurrean ere bai.
Izan ere, LAB sindikatuko Idazkari Nagusia izango zara datorren astetik aurrera.
Gurea bezalako proiektu batean pertsona bati tokatzen zaio aurpegi ematea, edo aurrera urrats bat egitea. Kasu honetan niri tokatu zait, baina guretzat oso garrantzitsua izaten da talde lana, taldearen funtzionamendua eta talde izaera hori indartzea. Denon artean halako ariketa bat egin genuen, zein profiletako jendea gauden, bakoitzaren profilak nola osagarritzen ditugun, eta horren arabera, ni naiz hautagaia.
Bigarren emakumea izango zara.
Bai, ni hautagai izate horretan horrek ere badu bere balioa eta bere pisua. Guretzat oso garrantzitsua da. Sindikatu honek batez ere 2000. urtetik hona, emakumeen berdintasunaren edo parekidetasunaren aldeko hainbat urrats egin ditu, aitzindariak izan gara lehenengo idazkari nagusia emakumea izaten. Zuzendaritza parekidea daukagu, baina zuzendaritza parekideak ez du bermatzen politika feministak egiten direnik. Gure erronketako bat da praktika feminista horretarako urratsak egitea eta horretarako erabaki berriak hartuko ditugu ponentzia politiko sindikalean eta antolakuntzan ere bai.
Zeintzuk izango dira LABen proiektu edo lan ildo nagusiak?
Eztabaidagai jarri ditugun ponentziatan, lehenik eta behin testuinguruaren azterketa egin dugu, testuinguru ekonomiko eta soziala; eta langileen ikuspegitik egoera oso latza da. Eredu kapitalista basati baten baitan gaude, politika neoliberal hutsak inposatzen zaizkigu. Gaur egungo eredu ekonomiko eta sozial hau ez da jasangarria, ez da bizigarria. Guk lehenik eta behin egiten duguna da kapitalismoarekin daukagun talka berrezaugarritu; hau da, betiko kapital-lan eskema klasikoetatik, kapital-bizitza terminoetan hitz egin behar dugula.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Lehenik eta behin garbi dagoena da, sistema kapitalistak langileongandik plusbalia ateratzeko daukan elementu edo bitarteko nagusiena lan harremanen prekarietatea dela, soldatak eta lan baldintzak kaskartuz. Horrezaz gain, lan guztien aitortza ez da berdin egiten, lan produktiboak eta lan erreproduktiboak bereizten dira. Horrek esan nahi du, zaintza lanen zama oraindik ere emakumeon eskuetan dagoela. Gainera, emakumeak lan mundura sartu garenean bigarren mailako langile bezala sartu izan gara; prekarietate tasa altuagoak dauzkagu, soldata bajuagoak… lan baldintza askoz ere kaskarragoak. Lan munduan ematen den prekarietatearekin gainera ez dago babes sozial sistema egokirik garatuta. Beraz, langileria txikituta dago eta gure ekintza sindikala pixka bat berritu nahi dugu, ez bakarrik momentu honetan soldatapekoak diren langileei egoerari erantzuteko, baizik eta langile kolektibo guztiei (langabeak, pentsiodunak, etxez etxeko langileak, autonomo faltsuak…) erantzuteko. Langile klasearen berrosaketa gure lehentasunezko ardatzetako bat da.
Egoera horretatik ateratzeko zein irtenbide proposatzen duzue?
Ezinbestekoa da beste eredu ekonomiko eta sozial bat. Gaur egungo eredu honen barruan, lau gauza aldatuta ezinezkoa da langileontzat onura asko ateratzea; horretarako bitarteko juridikoak eta politikoak behar ditugu, erabaki ahalmen osoa gure eskuetan eduki behar dugu. Azken batean, estatu propio bat behar dugu. Eta hori ibilbide baten emaitza izango da; burujabetza prozesu bat martxan jarri beharko dugu horra iristeko.
Ibilbide horretan, ELArekin aliantza estrategikoren bat egitea aurreikusten duzue?
Azkeneko urteetan urruntze bat egon da, oso estrategia desberdinak eraman izan ditugu ELAk eta guk. Baina ezinezkoa da lan harremanetan ematen diren prekarietate egoera horiei guztiei aurre egitea eta eraldaketa soziala egitea, aldaketa politikorik gabe. Burujabetza prozesu bat behar dugu. Gure apustua da ELArekin aliantza horietan sakontzea, eta ponentzietan ere horren aldeko apustua egiten dugu.
LABen berrikuntzen artean, egitura sozialeko ardura sortzea dago. Zergatik?
Langileria zatituz eta ahulduz joan da, gero eta prekarietate gehiago dago, eta sindikalgintza inoiz baino beharrezkoagoa denean, sindikatuak inoiz baino bitarteko gutxiago dauzkagu errealitate horri aurre egiteko. LABen birpentsatze prozesu oso bat egin dugu, errealitate horri aurre egiteko eredu sindikalik eraginkorrena zein den ikusteko. Gaur egun, joko arauen mugetara mugatzen baldin bagara, hortik bakarrik soldatapeko langile jakin batzuei eskaini ahal diegu irtenbidea. Horregatik egin dugu gure ekintza sindikala berritzeko apustua, kolektibo guztietara zabaltzeko. Kongresu honetako berrikuntzetako bat egitura sozialeko ardura sortzea da, kolektibo horiengana guztiengana iristen saiatzeko. Ez bakarrik maila diskurtsiboan, baita ere antolakuntzako marko berriak eskainiz.
Krisi ekonomikoa atzean geratzen ari dela diote ahots batzuek.
Guk ez dugu inondik inora irakurketa hori partekatzen; gertatzen ari dena da, langileen kontura eta lan eta bizi baldintzen kontura, prekaritatearen kontura, ematen ari dela balizko hobekuntza hori. Datu makroekonomiko batzuetan nolabait hobekuntzak egon daitezke baina errekuperazio hori prekarietate prozesuaren kontura da. Zerbitzu publikoen merkantilizazioa eta pribatizazioak bere horretan jarraitzen du, edo areagotzen ari da; babes soziala, RGIa suntsitu edo murrizten ari dira; lan baldintzen prekarietateak bere horretan jarraitzen du edo areagotzen ari da… Horrezaz gain, kapitalaren pilaketa bat ematen ari da, errenten pilaketa bat gero eta esku gutxiagotan, geroz eta desoreka sozial handiagoak ematen ari dira, langile pobreetaz hitz egin beharra dago, pobreziaz hitz egin behar da Euskal Herrian ere. Beraz, hazkunderik ez dago gehiengoarentzat.
«Ilusioa eta gogoa badaukat, eta bertigoa ere bai pixka bat! Hankak lurrean ere bai»
«Langile klasearen berrosaketa gure lehentasunezko ardatzetako bat da»
«Adierazle guztiak kontuan hartuta, Europarekin alderatuz askoz ere okerrago gaude»
Prekarietatea al da krisitik ateratzearen prezioa?
Langabezia datuak gutxitu direla saltzen da baina horren atzean zer dagoen aztertu behar da: inaktibitate handiagoa jendeak erretiroa hartu duelako eta jende gutxiago dagoelako aktiboan edo denbora luzea daramalako langabezian eta desmotibatu delako eta ez dena apuntatzen lan bila… Edo bestetik, langabezia jaitsiera horren atzean dagoena da lanaldi partzialen igoera, sortzen diren lanak gainera oso-oso iraupen motzekoak dira, gehiengo zabal bat behin-behinekoa, soldatak gero eta murritzagoak, langile pobreak kategoria bezala aipatu behar da, 1.200 eurotik beherako soldatekin langileen laurdena baino gehiago dago…
Europara begiratuz gero, zure ustez, nola dago kokatuta Euskal Herria?
Batez ere hemen ari da ematen errealitate hori, Estatu Espainiarrean eta Estatu Espainiarreko politika ekonomiko berdinak aplikatzen ari garelako, beraz, baita Euskal Herrian ere. Batzuek saltzen digute hemen ere askoz ere hobeto bizi garela, beti Espainiarekin alderatzen gaituztelako; hori da EAJren politika, behin eta berriz Espainiako datuekin alderatzea. Baina Europako datu makroekonomikoekin alderatzen bagara, langabezia kopuruari begiratzen badiogu, soldatek zein pisu daukaten barne produktu gordinean, zein izan den guzti horren bilakaera, zein den lan baldintzen egoera, presio fiskala… adierazle guzti-guztietan ikusten da Espainiarekin alderatuta, Espainia baino hobetoxeago gaudela, baina Europarekin alderatuz askoz ere okerrago.
Goierri ere irla bat dela esan izan da sarritan.
Beste eskualde batzuek bizi duten egoerari erreparatzen badiogu, Goierriko egoera arinagoa dela esan daiteke, enpresa oso garrantzitsuak daudelako. Baina nik uste dut horrek ezin gaituela irakurketa konplaziente batzuetara eraman. Hemen ere bilakaera ez da positiboa izan, hemen ere lanpostuak suntsitu dira, hemen ere badago prekarietatea…
Zein dira kargua uzten duzunerako lortu nahiko zenituzkeen helburuak?
Egia esanda ez naiz gehiegi jarri horretan pentsatzen. Sindikatua jaio zenetik hazten joan den proiektu bat da, momentu honetan, bigarren sindikatua gara, CCOO gainditzea lortu dugu. Gustatuko litzaidake joera hori mantentzea eta distantzia horiek areagotzea. Proiektu sindikalak ikusita guk ikusten dugu badaudela horretarako baldintzak, ez dela momentu koiuntural batean eman den egoera bat, baizik eta egonkortuko dena dela. Bestetik, gustatuko litzaidake hemendik bost urtera herri honek bere burujabetza bidean urrats garrantzitsu batzuk emanak izatea, konbentzituta gaudelako langileen egoera hobetzeko, neoliberalismo fase honi buelta emateko biderik eraginkorrena estatu propioa dela, egitura propioak edukitzea dela. Hemen erabakitzen badugu askoz ere aukera gehiago ditugulako beste politika ekonomiko eta sozial batzuk egiteko, eta langileon egoera hobetuko du.