Aitor Martinez (Fashion Ole)
Familiako proiektua da Fashion Ole: Aitor eta Josu Martinez anaiena eta Ane Rodriguez Aitorren bikotearena. Neskaren moda zaletasunak bultzatu dituzte on line proiektua sortzera, eta joan den urtean, Goiekik antolatutako XIX. Enpresa Ekimen Berrien lehiaketan proiektu onenaren saria jaso zuen. Aitor «pozik» dago sariak ekarritakoarekin.
«Merkataritza txikia sustatzen duen on line proiektua» da Fashion Ole, webgunea eta sakelakorako aplikazioak erabilita, «herrietako eta hirietako merkataritza txikiari ahotsa ematen diona». Goierrin jaio da proiektua, nahiz eta estatu mailako komunitate bat den, eta nazioartera irekita dagoen. Plataforman blogariek arropak gomendatzen dituzte. Horrekin batera, arropa non erosi duten jartzen dute eta arropa erostera dendara joatea gomendatzen dute. Denda txiki horiek, beraz, Interneten erakusleihoa izango lukete.
Goiekiren saria irabazteak, proiektuari bisibilitatea emateaz gain, ateak ireki zizkiela adierazi du Aitor Martinezek, ateak ireki dizkietelako inguruko dendari elkarte eta profesionalekin hitz egiterako garaian. Horretaz gain, lehiaketaren saria dirutan izatea «primeran» etorri zitzaiela ere gehitu du.
Ekintzailetza kultura sustatzeko eta proiektuak ezagutzera emateko sariak eta lehiaketak «oso ondo» datozela uste du Martinezek. Horrez gain, «aukerak eta arriskuak» hortxe daudela ere uste du , baina garrantzitsuena da «bakoitzak proiektua aurrera ateratzeko emateko prest dagoena».
Benetan gustukoa den zerbait
Fashion Oleko ordezkariak ekintzaile berriak beren proiektuak sortzera animatu nahi ditu. Dena den, kontuan izan beharreko gauza «garrantzitsu» bat erantsi du; «benetan gustuko duten sektore edo lan mota aukeratzea» gomendatzen die ekintzaile gazteei, «hurrengo urteetan denbora asko eskaini beharko diotelako proiektu horri aurrera egingo badu».