Gorka Erostarbe
Drogak hartu izan ditut Josu auzokide galaia. Batzuk. Ez gutxi eta ez asko. Edo ez dakit. Ez nago ez harro eta ez ez-harro. Batzuk maiztasun handiagoz, baita oraindik ere (alkohola eta erregaiak ez ditugu ahaztuko ezta!). Besteak, aldi bakanetan baino ez. Batzuetan arduratsuago, besteetan axolagabeago. Batzuetan disfrutatu izanaren konbentzimenduarekin, bestetan porrot egindakoarekin. Batzuetan esperientzia eta irakaspenik atera izanaren sentsazioarekin, besteetan kale egin izandakoarekin. Garaian garaiko bizipenek, konpainiek, aldarteek, kezka/interesek eragina izan dute bateko edo besteko esperientziak pilatu izateko.
Denboraren talaiatik begiratuta, pare bat irakaspen-edo atera ditut. Drogak distinzioaren nahikariz hartu izan duenaren jarrera okagarria egin izan zait; are okagarriagoa nire baitan halako nahirik identifikatu izan dudanean. Bestetik, droga deitzen ditugun sustantzia horien inguruko informazio gehiago edukitzea gustatu izango zitzaidan. Informazio osoa, berdaderoa. Antonio Escohotado pentsalari espainiarra lekzio batzuk emandakoa da gai honen inguruan (Historia general de las drogas biziki gomendagarria, tartean). Oraintsu ikusi dut, ordea, La Tuerca saioan, nork eta Pablo Iglesiasek elkarrizketatua, eta bere zenbait adierazpen elitista bezain arbuiagarriak egin zaizkit; esaterako, lunpeneko heroinazaleez trufatuz zera esatean: «nik ere probatu izan dut hau eta beste, eta ez dut amaitu beraiek bezala zezelka eginez…». Pentsatu izan ote du inoiz Escohotado intelektual argitsuak, bohemio burgesaren posiziotik beharrean, batere baliabiderik gabekoenetik ezagutu izan balu zaldiaren engantxea, oso bestelakoa zatekeela bere errealitatea?
Zoritxarrez gure zumarraga-urretxuotan badugu zaldiak eragindako triskantzaren berri. Eta susmoa dut, behar baino gutxiago hitz egin dugula gure artean horretaz…
Josu Aztiria
Gogoratzen dut haurrak ginela oso ohikoa zela kale kantoietan eta baita ikastolaren inguruetan ere xiringa zuriak ikustea, Gaztelekua drogataz beterik zegoela eta bertara ez sartzeko debekuak ere bagenituen, koadrilak ia osorik desagertzen ikusten genituen… Merezi luke azterketa sakonik egitea, baina Errenteria, Elgoibar, Santurtzi edo Manchesterren bezala langabezia-tasa altuek eta bizi-baldintzen okertzeak izango zuen eraginik.
Bada dioenik heroinaren hedatzea Guardia Zibilaren esku-hartzearen ondorioz izan zela eta zaldia euskal gaztedia lokartzeko erabili zela, baina nik behintzat ez dut askorik sinesten halako teoria konspiratiboetan. Baina, hori esanda, ez da kasualitatea ere armagintza eta droga-trafikoaren arteko harremana: armak esportatzen ditugun lekuetatik inportantzen da droga; drogekin armak erosiz eta armekin drogak.
Bestetik, teoria konspiratibo eta gobernuen jokabideez landa, 80ko hamarkadan gaztediaren zati handi baten erreferentzia ideologiko nagusia izan zen ENAMek drogekiko izan zuen ikuspegiak ere ez du askorik lagundu drogen inguruko eztabaidan. Kalimotxoz eta patxaranez lepo jarrita, droga batzuen aurkako borroka bultzatzen zuten iraultzaileak ez dira gutxi izan gure artean. Gogora ez ekartzeagatik Bordatxo, Universal eta Txitxarro diskoteken kontrako gurutzada santua.
Drogarik gabe heztea baino, drogetan heztea ikasi beharko genuke. Beldurra, informazio falta eta eztabaida ezaren aurrean, substantziei buruzko informazio zehatza jasoz. Ai Laket! bezalako mugimenduek lan bikaina egin dute horretan. Baina era berean, iraganaz hitz egin dugun arren, drogen kontsumoa oso lotua dago gu guztion bizi-etapa batekin, esperimentatzearekin eta gauza berriak probatu nahi horrekin. Drogen kontsumoa errealitatea da atzo, gaur eta bihar, beraz bultza ditzatela herri-erakundeek politiko publikoak kontsumitzaileak informaturik izateko, sustantzien gutxieneko kalitatea bermatzeko eta drogen inguruan dagoen hipokrisiarekin amaitzen laguntzeko.