1986ko ekainaren 23an, San Joan bezpera berezia izan zen Beasainen ‘Mari, Muruko Dama’ ikuskizunarekin. Beasaindar ugarik osatu zuten emanaldia.
Beste urte betez, gaur, 22:30-ean, Loinazko San Martin plaza jendez beteko da, Beasaingo Loinatz jaiei hasiera emango dien Mariren jaitsiera ikusteko. 1986ko ekainaren 23an, San Joan bezperan, Barrendain plaza ere lepoz bete zen, gaur egungo Mariren jaitsieraren aurrekaria izan zen Mari, Muruko Dama ikuskizuna ikusteko. Arrano kultur elkarteak bultzatuta, eta Beasaingo Udalak babestuta, «Mari ahaztuta dugulako, Mari etxera ekarri» nahi izan zuten San Joan bezperako ikuskizunarekin. Garai hartako esku orriak dioenez, «herri osoaren ikuskizuna» izan zen Mari, Muruko Dama, «beasaindarrek egina eta beasaindarrentzat». Oraindik ere, beasaindar askoren oroimenean gordeta dagoen ikuskizuna da.
Behin asmoa mahai gainean jarrita, Narziso Artola Joxe Migel Barandiarangana joan zen Muruko Mariren historia jasotzera; ondoren, Xabier Mendiguren Elizegik idatzi zuen bederatzi orriko antzerki gidoia. Herriko hainbat gazte eta haur izan ziren antzezlaneko aktoreak: Egoitze Lasa (Mari), Ugutz Agirre (artzaina), Iñigo Eguren (erretorea) eta Hasier Agirre, Eneritz Eskisabel eta Haritz Zeberio haurrak. Idurre Eskisabel ere aritu zen entseguetan. Lukax Dorronsoro ataundarra izan zuten kudeatzaile, irakasle eta gidari.
Protagonista nagusiak, Egoitze Lasak, ondo gogoan du egun hura: «Nola ez naiz ba gogoratuko! Ni nintzen protagonista nagusia». Argazkiak, gidoia, kartela, esku orria, bideoa eta garai hartako egunkarietako kronikak ondo gordeta ditu Lasak, altxor kuttun gisa. «Garai hartan ez zen horrelako ekintzarik egiten eta izugarria izan zen», gaineratu du.
Jokin Telleria pintoreak egin zituen dekoratuak, oihal handietan margotuta. «Hiru edo lau dekoratu ziren; leizezuloaren sarrera, etxeko sukaldea eta baserri ataria». Dekorazioaren aldaketa bakoitzean, koplak eta dantzak tartekatzen zituzten.
Musikak ere garrantzia handia izan zuen ikuskizunean, Xabier Sarasolak musikatu zituen Pello Urretabizkaiaren eta Iñigo Egurenen Sua Sua abestiaren letrak. Loinatz abesbatzak bertan estreinatu zuen gaur egun Mariren jaitsieran abesten zuten Sua Sua abestia. Beste bi ere kantu abestu zituzten, Mikel Mendizabal, Eusebio Igartzabal eta Patxi Iraolaren koplak. Joxean Sarriegi bakarlari aritu zen, koplak abesten, «artzainen baten blusa urdina jantzita». Dantzan, berriz, Aurtzaka taldeko kideak aritu ziren.
Antzezlaneko gidoia
Hemen klikatuta ‘Mari, Muruko Dama’ antzezlaneko gidoia ikusi daiteke.