Joxepa Madariaga
Iepa, Inaxio! Lan ildo asko dizkiagu zabalik, arlo asko zehaztu, erabaki eta martxan jartzeko, herria antolatzen eta eraikitzen ari baikaituk. Hemen dituk hiru zeregin potolo-potolo, nire agendan aurreneko puntan daudenak: bat, Gure Esku Dagok bota duen erronka, ekainaren 10ean Bilbon, herritarron ituna aurkeztu eta galdera ikur erraldoia osatzea; bi, Aralar Parke Naturala (gure arnas gunea) babestu eta zaintzea, Aranzadiko teknikari eta profesionalekin, artzainen, ganaduzaleen, mendizaleen iritziak kontuan hartuta, beti ere pista gehiago egin gabe; hiru, gure zaborra guk kontrolatzea, geroz eta gutxiago sortuz, sortzen duguna birziklatuz eta erraustegi beharrik gabe moldatzeko bidea egitea, Zubietako obrak bertan behera utzita.
4. eta 5. lan ildoak aipatzeko, denboran aurrera salto handi samarra eginda, datorren abendura joango gaituk. Udazkenean eta neguan, giro beroa izango dugula sumatzen diat. Beroa eta esperantzatsua, aberatsa, kultua (kulturari, politikari, gizarteari dagokionez), euforikoa, historikoa: Bakegileek, euskal presoen auzian, Frantziako gobernuari urratsak emanarazteko mobilizazioa deitu ditek Parisen, abenduaren 16rako eta, hurrengo egunean, abenduaren 17an, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken saioa izango duk Barakaldon. Bi hitzordu garrantzitsu, beraz, biak elkarrengandik urrun, lekuari dagokionez, eta gertuegi, denborari dagokionez, antzik gabeak edukietan. Baina biak dituk gureak, biak guri dagozkigunak; bietan parte hartu nahiko nikek.
Badiagu zer egina!, bai alajaina!!!
Inazio Usarralde
Tenplatu hadi, Joxepa, tenplatu hadi…, martxa horretan urtea maiatzean bukatuko dun eta!
Oraingoan, handira jo didan eta nik apal jokatzea erabaki dinat. Hik aipatutako ekimen horietan ez gaitun oso aparte ibiliko, baina inguruan ditugun gozamen-iturri txikiei gero eta arreta gehiago jartzen ari naun azken boladan. Izan litekeen, beste etxe askotan bezala gurean ere kolpe goibelak heldu zaizkigulako, baina saiatzen ari naun une bakoitza azkena balitz bezala bizitzen, dela familian, dela lanean edo dela lagun artean. Izan ere, gaur ondo gauden eta bihar ez zekinagu nola izango garen…
Beraz, azkenaldian, tertulia edo hitzaldi gozo bat, irratian entzundako abesti bat, liburu baten pasarteak eragindako zirrara, ingurukoei irribarre bat eragiteko burutazio bat, lagunek emandako besarkada bat… inoiz ez bezala estimatzen ditinat.
Bazitekeen berrogeita hamar urteen muga gainditu izanaren ajea izatea, baina gauza sinpleek erakartzen naiten. Orain inoiz baino gauza gehiago behar ditugunean, dauzkagunekin egundo nahikorik ez dugunean, sare sozialetan bolo-bolo dabilen idazki batek goraipatzen duen moduan, hik ba al dakin zenbat funtzio betetzen zituen amonaren amantalak? Liluratu egiten naun hain gauza ezdeusak zenbat gauzatarako balio zuen gogoratzearekin: azpiko jantzia zikinkeriatik babesteaz gain, eltze beroei heltzeko, su baxua azkartzeko, umeei malkoak xukatu edo mukiak kentzeko edota arrautzak, gaztainak, hurrak edo intxaurrak biltzeko… Orduko patxada gordeko balute amantal haiek!!