GoiBerrin idaztea droga moduko bat bihurtu da niretzako. Noiz tokatuko zaidan zai egoten naiz; nire barruko sentipen eta sentimenduak idatziz jartzeko deseatzen. Nekane, Joseba, Antxiñe, Andoni… denen txandak jarraitzen ditut eta niretzako tartea noiz iritsiko adi egoten naiz. Webgune desberdinetan idazteko aukera asko atera zaizkit azken aldian (Berria-n, naiz+-en, guraso.eus-en…) baina GoiBerri-ko irakurle guztiak on line ez daudela kontziente naizenez, hemen idazteak badu bere xarma eta askok ez duzuenez nire ziber-mundua ezagutzen, oraingoan aurreko batean idatzi nuen artikulu bat ekarri nahi izan dut, ez zaitezen zu, ez-ziber-irakurlea, hau gabe geratu.
Haur baten etorkizuna nola zapuztu. Beti izan dut niri gertatu zaidanaren zantzu bat, baina duela gutxira arte ez naiz hain kontziente izan. Inoiz ez zait kirola egitea gustatu, edo hori da sinestarazi izan didatena. Atzera begira jarri naiz beste behin, eta konturatu naiz hori ez dela horrela. Txikia(goa) nintzenean gogoko nuen korrika egitea, mendira joatea asko gustatzen zitzaidan, eta baita igerilekura joatea ere. Ikastolan kiroletan futbolera apuntatu nintzen, lagunekin futbolean jokatu eta ondo pasatzeko asmoz, baina besteak bezalako gorputza ez nuelako, entrenadoreak ez zidan jolasten uzten. Eta egun ona bazuen eta jolastera aterako baninduen, defentsa edo atezain jarriko ninduen, baloiak nire gain errebotatzen zutelako (bere hitzetan).
Hau horrela izanda, jolasteari utzi nion, mendira joateari utzi nion, ikastolan soinketa garaian ezer ez egiteko aitzakiak bilatzeari ekin nion… eta honela izan da azkeneko 40 urtean. Pasa den hilean mendi ibilaldi luze samar bat egiteko aukera suertatu zitzaidan. 10 egun eskas izan nituen egin behar nuela jakin nuenetik, eta 10 egun horiek urduri pasa nituen gai ez nintzela izango pentsatuz. Urduri, haserre, berriro ere txikitako ondorioak/erantzunak jasoko nituenaren beldur. Baina ez, ibilaldia egin nuen. Azkenak izan ginen bukatzen, baina iritsi ginen. Ibilaldia egin ondorengo 2 egunak lur-jota pasa nituen. Egiteak suposatu zidan energia galerak zerikusia izango zuen, baina buruan nuen borrokak are eta handiagoa. Haserre nengoen, amorratuta, txikitatik baliogabetu zidatelako aukera polit hau. Txikitatik sinestarazi kirolerako txarra nintzela; eta agian hala izango da, agian ez dut tenisera jolasteko balio edo piraguan ibiltzeko, baina saiatzen ez banaiz ez dut inoiz jakingo.
Kontuz ibili behar dugu txikitatik haurrei ematen dizkiegun mezuekin. Gaitasunak denok ditugu, gaitasun ezberdinak. Haurrak gustatzen zaizkien gauzak egin behar dituzte eta ez badute hasiera batean trebetasunik, baina gustuko badute, aurrera jarraitzera animatu behar dira. Inor ez baita ikasia jaiotzen eta inork ez baitaki zertan den ona edo zer duen gustuko inoiz probatu ez badu.
Gai hau jorratzen duen ipuin herrikoi hau asko gustatzen zait haurrei kontatzeko (eta neuretzako). Niri balio dit. Ea zuri ere balio dizun: «Baziren behin bi ume ur izoztuaren gainean patinetan zebiltzanak. Arratsalde euritsu eta lainotua zen, baina haurrek kezkarik gabe jolasten zuten. Bat-batean, izotza puskatu eta haurretako bat uretara erori zen. Beste haurrak, uretara erori zena itoko zela ikusita, harri bat hartu eta izotzari kolpeka hasi zen, izotza puskatu eta bere laguna atera zuen arte. Suhiltzaileak iristean eta gertatutakoa ikusi zutenean, zera galdetu zuten: ‘Nola egin du? Izotza oso lodia dago, ezinezkoa da harri horrekin eta hain esku txikiekin puskatu izana!’. Une horretan agure bat agertu eta esan zuen: ‘Nik badakit nola lortu duen…’. ‘Nola?’, galdetu zioten agureari. Eta honek erantzun: ‘Ez zegoen bere ondoan inor ezingo zuela egin esan zionik’.»