Aitor Calvillo
Hitz potolo batekin hasiko natzaizu oraingoan, Axier: doakotasuna. Eta horrelako hitz potoloekin badakigu zer gertatzen den, esaerak dioen bezala, zenbat buru hainbat aburu. Bada, Kontseiluak abian jarritako kanpaina hizpide, hausnarrean jarri nahiko zintuzket eta gaiarekin lotuta, bat-batean horrelako galderak datozkit burura: zer pentsatuko genuke astebete gaixorik erietxean pasatu ondoren, sendagilearen alta hartu eta honekin batera faktura pasako baligukete non eta Osakidetzan? Eta zer gure seme-alabek eskola publikoetan ikasten pasatzen duten denboraren truke hilero matrikula ordaindu beharko bagenu? Pentsa, pentsa!
Ziur bati baino gehiagori burutik pasa zaiola ea zertara datozen galdera lelo horiek, osasungintza eta hezkuntza zerbitzu publi-koak izanik eta eskubidezkoak gainera, aurretik jada ordainduta baitugu. Baina zer gertatzen da orduan bertako hizkuntza ikasterako garaian? EAEn behintzat euskara ofiziala izanda, eta baita eskubidezkoa ere, zertarako orduan ikasi nahi dutenek ordaindu behar dute ezer euren patriketatik? Aurrekoen antzera ez al dugu jada aurrez ordainduta ala?
Eta baten batek esango du: «Bada niri doan atera zitzaidan». Zorionekoa zu! Funtzionarioa? Langabetua? X enpresako langilea? Batzuek doan eta besteek ordaindu? Guztion eskubidea izanik hemen ere desberdintasunak? Azterketa bat gainditu eta titulua eskuratu ostean dirua itzuli dizutela? Eta titulurik ez baduzu nahi, zure helburua euskara ikasi eta nonahi erabiltzea besterik ez bada?
Aurretik esan bezala, Axier, hor duzu hausnarketarako gaia. Eta ez ahaztu, bakoitza bere buruarekin hausnarrean aritzea doakoa dela! Edota hala izan beharko lukeela behintzat! Ala ez?
Asier Iriondo
Horixe da egoera: Euskal Herrian euskaldun izateko ordaindu beharra dago. Frantsesa eta gaztelania, berriz, doan ikasten dituzte euskal herritarrek, baina erdalduntzea ez da doakoa ez diru-neurritan, ez herrigintza-neurritan. Mendeak dira erdalduntzeko planak ordaintzen ari garela.
Arrazoi duzu, hausnarketa behintzat doakoa dugu eta beharrezkoa, konturatzeko, gaztelaniaren eta frantsesaren zabalkundea ez dela sagarrondotik sagarrak sortzea izan, atzean, erabaki politikoak eta eskubide-urraketak izan direla. Eskubideak, ukatuak zirela jabetu ahala, borrokatu eta irabazi egin izan dira zenbaitetan baina, hizkuntzarena irabazteko daukagu.
Herri honek berreuskalduntzeko tresna batzuk baditu, baina, ez nahikoa. Bertako herritar helduek ikasteko doakotasuna izatea bat izan beharko litzateke. Zentzuzkoa da, nahiz eta agerikoa den, horrek soilik ez duela helduen euskalduntzea ziurtatuko.
Antonio Banderas aktore espainiarrak esan zuen behin, berak ingelesa eta bere orduko bikotekideak gaztelania ikasteko oso metodologia aurreratua erabili zutela. Sei hilabetean ikasi omen zuten batak bestearena. Eusko Jaurlaritza, Euskal Hirigune Elkargo eta Nafarroako Gobernuko hizkuntza-arduradunentzat informazio interesgarria.