Urtebete pasa da Goierrin erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketa egin zuela; aurten beste 100 herritan egingo dute. Bihar, Bilbon, mundura begirako ekitaldia egingo dute, ‘Erabakitzeko Prest!’ goiburupean.
2016ko ekainaren 5a egun seinalatua izan zen Goierrin: Gure Esku Dagok antolatuta, Goierriko 23 herrietan, Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? galderari bai, ez edo zuri erantzuteko aukera izan zuten herritarrek. Botoa emateko aukera zuten 58.066 goierritarretatik, 15.724ek eman zuten iritzia.
Erronka handia izan zen GED-rentzat galdeketa hura antolatzea, «zailtasunez betetako bidea» zela ikusten baitzuten. Angel?Oiarbide GEDko kideak gogoratzen duenez, «galdeketa bat antolatzeko prozesu batek bertigoa ematen zuen 2015ean». Baina «ikusten genuen Euskal Herri mailan erabakiaren aroa irekitzen baldin bazen, goierritarrok bagenuela ardura bat. Ikusten genuen horrelako prozesu bat martxan jarri behar bazen, Goierrin izan behar zuela. Eta ezin baldin bazen, baldintzak sortu egin behar zirelako hori egikaritzeko». Eta goierritarrak gai izan ziren urtebetean «erabakitzeko eskubidearen gaiaren inguruan eztabaida sortzeko, adosteko eta baldintzak sortzeko». Sentsibilitate eta adin desberdinetako herritarren arteko elkarbizitza ariketa izan zen galdeketaren prozesua. Oiarbideren esanetan, «horrelako prozesuak eman diren herrietan, gai hau topagune bihurtu da. Eztabaida sanoago bat ematen da horrelako prozesu baten ondoren. Gatazkatik erronka izatera pasatu gara erabakitze eskubidearen gaia».
Olatua handitzen
Goierritarrek erabakitzearen aroan egindako «ekarpen handiaren» emaitza da, 2017an Euskal Herriko ia 100 herritan egin diren eta egingo diren herri galdeketak. Iaz Goierrin sortutako olatuak, goierritarrek egindako lanak eta hartutako konpromisoak, olatuak sortzen jarraitzen du: «Goierritarrok argi daukagu iaz gure eskualdean egin genuena, Euskal Herri osoan egitea posible dela. Herriz herri, milaka eta milaka borondate pilatu ditugu erabakitzeko eskubidea erabiltzearen alde, erabakitzeko prest gaudela argi utziz».
Herritarron Ituna
Erabakitzeko Prest! goiburupean borondate pilaketa hori irudikatu nahi dute bihar Bilboko mobilizazio nazionalean. «Estatus politikoari buruz erabakitzeko nahia erakutsiko» dute milaka euskal herritarrek. Bihar ere, goierritarren «bultzada eta ekarpena» ere ezinbestekoa da Oiarbideren esanetan: «Orain arte egindako lana, lortutako adostasunak eta sortutako borondatea oinarri, aurrera egiteko abiapuntua» izango baita biharko ekitaldia. Izan ere, galde ikur erraldoia egitearekin batera, Herritarron Ituna ere aurkeztuko dute, erabakitzeko eskubidearen inguruan herritik adostasunak sortzeko eta bilatzeko tresna: «Itun demokratiko horrek jasoko ditu Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruan gaur arte lortutako adostasunak eta erabakiaren oinarriak». Urtebetean «Hego Euskal Herriko txoko eta eragile guztietara iristea eta adostasunak lortzea» dute helburu.
Angel Oiarbide, Gure Esku Dago
«Aukera daukagu munduari gure mezua zabaltzeko»
GEDk, bihar ekainak 10, 17:30ean, Bilbon, Euskadi plazatik Eliptika plazara bitartean «inoizko galdera ikurrik handiena» osatuko du. «Herriz herri eta eskuz esku, euskal herritarrok gaur arte erabakitzeko eskubidearen inguruan lortu ditugun adostasunak eta borondateak plazaratzeko unea iritsi da», dio GEDren deialdiak.
Zer izango da biharko Bilbo ekitaldia?
Aurtengo ekintza hau oso ekintza esanguratsua izango da. Galdera ikurraren mosaikoa egingo dugu Bilbo erdian. 2014an ikusi genuen Donostian 10.000 lagunekin zer egiteko gai izan ginen. Europa mailako komunikabide askok eta askok, Eskoziako eta Kataluniako erreferendumaren testuingurua azaltzeko, Donostiako mosaikoa erabili zuten. Donostiako mosaikoa aurrekari hartuta, munduari mezu bat emateko moduko mobilizazioa egingo dugu. Bilbon aldarrikatu nahi dugu Europako zati honetan ere badagoela herri bat, bere etorkizuna erabaki nahi duena. Aukera paregabea daukagu bihar munduari guri mezua zabaltzeko.
Koral koloreko kamiseta eramateko deia egin duzue.
Espaziotik lurrera begiratu eta ikusten den animalia bakarra korala da. Horregatik atera genuen koral koloreko kamiseta. Guk bihar egin nahi dugun ekintza hori, espaziotik ere ikusteko moduko aldarrikapena izango da. Puxika gorriak ere erabiliko ditugu. Konpromiso txartelak eta puxikak herrietan salgai daude, 2 euroan. Beste ezaugarri bat ere badu biharko ekintzak: grabatuko den modua, inoiz inongo hiriburutan grabatu ez den sistema da.
Ez da kasualitatea mobilizazio horretarako biharko data aukeratzea.
Ez. Igandean Katalunian erreferendumaren data eta galdera aurkeztuko dute. Bihar, beraz, aukera paregabea da elkartasun keinu hori egiteko; azkenean, Katalunian jokatzen ari dena guri ere badagokigulako.
Eta Bilbon egitea ere ez.
Euskal herritar gehien bizi diren eremuetara iritsi behar dute galdeketa prozesuek. Horrek suposatzen du hiriburuetara iritsi behar garela. Bilboko ekitaldia ere bultzada bat gehiago izango da.