Barruak jan izan ohi dizkit, askotan, ikasteari zeinen azkar utzi nion pentsatzeak. Araututako ikasketei buruz ari naiz; ikasgelan egiten denaz. Baina batik bat, eguneroko bizitzan hain beharrezkoak zaizkigun ezagutzak, ikasle garaietan irakasleek gurekin ez partekatu izanak haserretzen nau. EGB garaikoa naiz, Francoren agindupekoa; ados. Askoz geroago, 39 urterekin bukatu nituen irakasle-ikasketak EHUn eta hura bai, hura beste mundu bat izan zen niretzat. Baina han ere gabeziak sumatu nituen: pertsonen arteko elkarbizitzarako harremanei buruz, zer?
Gaur egun ere irakaskuntza arautuan erabakia dago irakurtzea, idaztea, eta oinarrizko zenbaki-kontuak (diru-kontutan zenbat iaio!!) ume guztiei irakastekoak direla. Baina hortik aurrerakoak norberak kudeatu beharko ditu, letretako bidea hartu ala zientzietako bidea aukeratzeko bidegurutzera iristen denean, adibidez. Bata ala bestea. Batean nahiz bestean, ordea, elkarrekin ikasten ari direnen arteko bizikidetza zertan datzan norberaren esku dago, eta ordura arte bezala, norberarena besteek erabakitzen ez dutenean, gaitzerdi.
Filosofia dut hizpide gaurkoan. Ikasketa arautuan landu daitekeena, baina nik honez gero ikasgelatik kanpo ikasten dudana. Marina Garces filosofoaren liburu baten izenburuaz baliatu naiz aurrekoa esateko: Fuera de clase. Textos de filosofia de guerrilla. Saiakera-liburuari esaldi bat lapurtuz, nik ere, «pentsatzen uzten ez digun guztiaren aurka pentsatzen» ikasi behar izan dut ur-teen joanean, horixe baita, berriz ere bere hitzetan, «gaur egun askatasun bermea».
Liburu hori eta beste batzuk gomendatu dizkidan Antonio Casado da Rocha, filosofian doktore den donostiarrak, Una casa en Walden. Sobre Thoreau y cultura contemporanea saiakera-liburua argitaratu berri du. Zoragarria iruditu zait liburua!! Bi arrazoiengatik: alde batetik, Henry David Thoreau ezagutzera eman didalako eta bestetik, ordea, Antonio Casadok, EHUko irakasleak, ni bezalako filosofia-ezjakinari eskaintzen dion ikasketa zaparradarengatik. Antonio Casadori, poesia nion irakurria eta orain, aparteko poeta filosofoa dela antzeman dut, aparteko filosofo poeta dena.
Thoreau, 1845ean egurrezko etxe batera bizitzera joan zen basora, bi urtez, eta esperientzia hartatik idatzi zuen Walden liburua. Hark han jasotakotik gaur egunera gakartza Casadok eta Thoreauk gaur egungo filosofiari zer eman diezaiokeen galdetzen dio bere buruari, liburuan zeharreko hamaika gogoeten artean. Hauxe dio, adibidez: Thoreau irakurtzeak ematen diguna da, batez ere, konfiantza. Konfiantza, pentsamenduaren ahalme-nean, bizitzari eusteko eta berau luzatzeko pentsamenduak duen ahalmenean konfiantza.
Liburuaren azken kapituluan, Walden hemen eta orain izenburuz, literaturaz ari da, irakurtzearen garrantzia azpimarratuz: irakurri era kontziente batez, ez, zertan ari garen jakin gabe, orduan, libururik onenak ere ezingo ligukelako lagundu; maila goreneko jarreran irakurtzen ikasteak dakartzan onurez ari da bera. Hainbat idazle euskaldun garaikideren poemak aztertzen ditu bertan. Casadok dio, poesia, zirraren eskola dela, ez horien museoa.
Bada, Casadok pentsatzeko egiten digun gonbita eta irakurtzeari buruz egindako gogoeta horiei, Marina Garcesek filosofiari buruz diona gehituz, bada zer ikasia, zorionez, ikasgelatik kanpo. Azken honek dio, jakin-mina eta jakin-min hori inoiz ez dela erabat asetuko jabetzen gaituen adierazpen gizatiarrik nabarmenena dela, filosofia.