Erronka berri bati egin behar izan diote aurre Goierri Campuseko Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko hirugarren mailako ikasleek; sumobot bat garatu behar izan dute. Ez hori bakarrik, bata bestearen aurka lehiatzeko gai diren sumobotak dira, eta herenegun, erakustaldi polita egin zuten Goierri Campusean bertan, ikasturteari amaiera emateko.
Ordizian kokatzen den MUren Goierri campusean lau prototipo fabrikatu dituzte eta Arrasateko zentroan, beste sei. Guztira 10 robot garatu dituzte.
Metodologia
Aitor Zuriarrain eta Joseba Barandiaran dira ikasleei ikasturteko proiektua aurrera eramaten lagundu dieten irakasleak. Makinak bete beharreko baldintzak eta aurrekontu jakin bat eman zizkieten lanean hasterako, eta robot batek gai izan behar du bestea dohyo izeneko zirkuferentzia batetik kanpora ateratzeko, iraultzeko edo trakzio gabe uzteko.
Aste honetan bertan aurkeztu dituzte talde bakoitzak egidako sumobotak, epaimahaiaren aurrean, emaitza «oso onarekin», irakasleen iritziz. Ikasleek lan hori Proiektuetara bideratutako Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza Metodologiaren edo Problem Oriented Project Based Learning-en (POPBL) baitan garatu dute.