Joxe Nazabalek Tourreko etapa irabazi zuela 40 urte beteko dira etzi. Ion Izagirrek sari bera lortu zuen iaz.
Ekainaren 20a da. Bero handia egiten du Goierrin, aspaldiko urteetako bero boladarik handiena. Auto barrenean hobea da giroa. Eskerrak klimatizagailuari. Hiru lagun Agurainera (Araba) bidean, kontu-kontari, tartean Joxe Nazabal txirrindulari izandakoa (Zaldibia, 1951). «Hemen ibiliko da ba Gorka! [Izagirre]», bota du Nazabalek Ziordiatik (Nafarroa) pasatzean. Ezaguna du, Euskaltel-Euskadin mekanikari modura aritu zen azken urteetan kointziditu baitzuten. Aurtengo Italiako Giroan –Peschici herrian– irabazi duen etapak ere kontutarako bidea eman du.
Kilometro gutxi falta da Arabako Lautadako herri nagusirako iristeko. Han bizi da Ion Izagirre (Ormaiztegi, 1989). Nafarroa kalean egin du hitzordua, urbanizazio berri bateko taberna lasai batean. Kafea izotzarekin eskatu du hirukoak Izagirre anaietan gazteena iritsi bitartean. Ordurako ailegatu da, praka motz eta kamiseta soil batekin. Argal dago, oso fin, Suitzako Itzulitik etorri berritan.
Ez dira errepidean elkarrekin ibiliak, baina konplizitatea sumatzen zaie. «Jaten al duk?», galdetu dio zaldibiarrak. Irribarre txiki batek eman du erantzuna. Frantziako Tourraren gertutasuna da biak elkartzeko aitzakia, eta urteurren bat ere bai. Datorren igandean, uztailaren 2an, Santa Isabel egunez, 40 urte beteko dira Joxe Nazabalek Tourreko etapa irabazi zuela Gasteizen, Kas-en egoitzaren parean, Gamarrako zuzengunean. Ion Izagirrek iaz lortu zuen balentria bera, Frantziako Alpeetan, Morzinera bidean egundoko jaitsiera eginez, euripean, arrisku bizian. Bi belaunaldi ondoz ondo, bi aro, Goierriko harrobiaren bi katebegi. Adinean, 38 urteko aldea.
Bi garaipen, bi hitzetan
1977ko Tourra aitzin-etapa batekin hasi zen, eta bigarren etapa Pirinioetan barrena jokatu zen, Paun bukatuz. Hirugarrena, Oloroen hasita, Gasteizeraino eraman zuten Tourreko antolatzaileek, Kas taldeari keinu bat egin asmoz. «Maillot horia jantzi al zenuten?», galdetu dio gazteak beteranoari. «Zeinek nik?». Hauxe Nazabalen azalpena: «Pau-ko etapan, Peyresourde igotzeko 15 kilometro falta zirela, Lopez Carril zena erori egin zen, eta zuzendariak Pozo eta bioi gelditzeko esan zigun. Mendatea hasterako bat egin genuen, baina gero gelditu, eta 15 minutura iritsi ginen helmugara Pozo eta biok».
«Poz handia hartu nuen, baina orain orduan baino gehiago baloratzen da egindakoa»
«Orain ere ez da bizikletarik joango pedalik eman gabe, baina diferentzia handia dago»
«Ordekako etapak helmugan bale, baina aldapakoak denak ikusten ditut ahal baldin badut»
Joxe Nazabal, txirrindulari izandakoa
Egun hartan 26 urte bete zituen zaldibiarrak, eta biharamunean berealdiko oparia egin zion bere buruari Gasteizen bi besoak jasota. Maillot horirik soinean ez –ezta Kas-ekoa ere , elastiko urdinarekin parte hartu baitzuten–, baina bere kirol bizitzako garaipenik handiena bai. «Poza handia, baina orain orduan baino gehiago baloratzen da egindakoa. Pentsatzen hasten zara, eta esaten duzu: ‘Zerbait egin nian ba!’».
Izagirrek argazki batekin irudikatzen du Nazabalen garaipena. «Ezkioko taberna batean ikusita uste dut». Eta zaldibiarrak gaineratu. «Zumarragara bidean, Eitza baino lehenago, kruzean zuen taberna emakume batek. Nire zale amorratua zen bai!».
Ormaiztegiarraren garaipena oraindik ere hainbatek izango dute gogoan, iazko uztaileko kontua baita. Telebista aurrean pasatako tentsioarekin ere akordatuko dira seguru asko. «Polita izan zen hura etxetik ikusteko!». Izagirrek Nazabalen antzeko sentipenak ditu: «Beroan ere ematen diozu balioa; denak deika, mezuak, kazetariak… Hurrengo egunean Parisera zoaz, baina oraindik burbuila batean bezala zaude, eta ez zara konturatzen zer egin duzun. Denbora pasa ahala, esaten duzu: ‘Ostras!’. Eta garai onenak pasatzen ari ez zarenean ere bai: ‘Hau ere lortu nuen ba!’. Ez da erraza». 27 urte zituen orduan.
Tourraren handitasuna
Biek ala biek lorpen zerrenda oparoa dute bestelako proba batzuetan, baina Frantziako Tourrak aparteko oihartzuna ematen duela esatean bat datoz: «Tourra beti da Tourra, parte hartzea bakarrik lorpen bat zen, ohorea…». Izagirrek dio Tourrean «gauza txikiena ere handi» bihurtzen dela. «Ez da garaipenekin bakarrik, ihesaldi batean sartzen bazara ere bai. Komunikabide asko daude, mundu guztian ikusten da. Egiten den gutxia edo askoa hamar aldiz biderkatzen da!».
Lehengo eta oraingo garaiak «oso ezberdinak» direla iritzi dio Nazabalek. «Ez dago konparatzerik. Taldeek eramaten duten prestaketa guztia, flota, logisitika… Orduan, autobus txiki bat –ez dakit talde guztiek bat izango ote genuen–, karrerarako kotxe bat…». Izagirrek galdera: «Eta abituallamientuk?». Erantzuna: «Oinez eman, eta beste guztia kotxe batean. Orain ere ez da joango bizikletarik pedalik eman gabe, baina diferentzia handia dago. Eskoletan ere lo egindakoak gara! Tokatzen zen lekuan».
Gaur egungo muntaia deskribatu du gazteak: bidaiarien autobusa, mekanikarientzako kamioi bat material guztiarekin, 5-6 auto… «Karreran bi kotxe, abituallamientoetarako beste bat, furgoneta bat mendateetan bidoia emateko…». Babesle aldetik-eta «jende asko» inguratzen dela adierazi du: «Bisitak, konpromisoak. Irteeretan parkina dena antolatuta egoten da. Gero egoten da village izeneko beste zona bat. Akreditazioa duen jendea eta txirrindulariak ibiltzen gara hor, produktuen salmenta ere egoten da, umeentzako jolasak, magia saioak… Kristoren zirkoa muntatzen dute».
Nazabalek lasterketaren beste alderdi bat ere ezagutu du urte askoan, Euskaltel-Euskadirekin mekanikari lanetan jardundakoa baita. «Lasaiago bizi da lasterketa, baina izaten dira estreseko momentuak. Gogorra ere egiten da, denetik egin behar izan baita. Kilometro asko autoan, goizetik iluntzera arte, etapa bukatu, hurrengo egunerako prestaketa lanak… Hauena gogorragoa egingo da, baina mekanikoarena ez ezazuela pentsa! Hori ere gazteentzako lana da».
Barhain-Meridara jauzi
Aurtengo Tourrean beste babesle baten koloreak defendatuko ditu Ion Izagirrek, Barhain-Meridarenak. Barhaingo Nasser bin Hamad Al Khalifa jekearen ekimenez sortutako taldea da. Bere garaian triatloian ibilia, Barhaingo Olinpiar Batzordeko burua ere bada. Herrialdeko hainbat enpresak sortutako partzuergoak finantzatzen du taldea, eta Taiwango Merida bizikleta ekoizle etxearekin batera ekin dio ibilbide berriari. Brent Copeland hegoafrikarra da taldeko managerra da, eta Philippe Maduit frantziarra zuzendaria.
«Beroan ere balioa ematen diozu, baina oraindik burbuila baten bezala zaude»
«Egiten den gutxia edo askoa hamar aldiz biderkatzen da Frantziako Tourrean»
«Badakit ondo nagoela, eta denon artean lana egiten badugu aterako direla gauzak»
Ion Izagirre, txirrindularia
«Erabat diferentea da dena. Euskaltelen etxeko taldean negoen, Movistarren ere antzera, denak hemengoak, hizkuntza eta kultura aldetik arazorik ez. Orain bakoitza ama batenak gara, eta ohitura eta txirrindularitza bizitzeko ikuspegi ezberdinak ditugu». Taldearen oinarria italiarra da batik bat, eta ziklismoan exotikoak diren lau ziklista ere baditu: japoniar, txinatar, taiwandar eta etiopiar bana. Talde berean ari da Jon Ander Insausti mutiloarra ere, izagirretarren lehengusua.
Ormaiztegikoa «gustura» dago hartutako erabakiarekin: «Jende konpetentea dago barruan, urte askotako esperientzia duena, eta alderdi horretatik ez dago arazorik. Emaitzak ere iristen ari dira, eta nik barrutik sentitzen dut ez dela talde berri-berri bat, haizeak nondik jotzen duen ere ez dakiena».
Taldeburu aurrenekoz
Vincenzo Nibali eta Sonny Colbrelli italiarrak, eta Ion Izagirre dira taldeko izarrak. Lehena Italiako Giroan izan zen, eta ez da Tourrean ariko. Beste biak bai, Dusseldorf hirian (Alemania) izango dira dagoeneko, handik abiatuko baita Tourra bihar. Taldeburua izango da lehen aldiz hiru asteko itzuli batean, baina horrek ez du kokiltzen ormaiztegiarra: «Hori pertsonaren araberakoa da, bakoitzak nola bizi dituen gauza horiek. Noski presioa badagoela, taldeak niregandik zerbait espero duelako, eta onena eman behar dudalako. Alderdi horretatik lasai nago, badakidalako gauzak ondo egin ditudala».
Aurten oraindik ez du garaipenik lortu, baina postu txukunak bai, eta azken bi lasterketetan, Suitzako Itzulian zein Espainiako Txapelketan –3. izan da errepideko proban– eman duen mailarekin konforme dago orohar. «Suitzan alergia puntua izan zuen mendiko lehen etapan, baina sentsazio onarekin bukatu nuen. Badakit ondo nagoela, eta denon artean lana ondo egiten badugu aterako dira gauzak».
Gazteak txirrinduaren eserlekuan pasatuko du Tourra, beteranoak etxekoan. «Segitu beharra dago afizio eta ofizio izandakoari! Ordekako etapak helmugan bale, baina aldapakoak denak ikusten ditut, ahal baldin bada». Bere buruari helburuak jartzea ez du gustuko Izagirrek. «Denei gauza bera esan dizuet, lehen hamarretan sailkatzea, baina hiru astean horrenbeste gauza gerta daitezke… Egunez egun joan beharra dago, poliki-poliki». Errepideak emango du epaia.
Motz-motzean
Errepidean ezagutu duzuen txirrindularirik onena.
J.N.: Eddy Merkcs, hor dudarik ez daukat.
I.I.: Valverde. Zaila da horrek egiten duena egitea. Urteak pasa ahala, gero eta denboraldi hobea egiten duela ematen du.
Eta taldekide izan duzuen txirrindulari bat?
J.N.: Txomin Perurena.
I.I.: Anaia [Gorka Izagirre].
Zuen erreferente izan den txirrindulari bat.
J.N.: Jose Manuel Fuente zena, Tarangu deitzen zioten.
I.I.: Jan Ullrich.
Lasterketarik gustukoena?
J.N.: Niri Asturias aldekoak gustatzen zitzaizkidan.
I.I.: Liege-Bastogne-Liege.
J.N.: Gu ez ginen joaten Belgikako klasika horietara, urtearen azkenean Lonbardiara bai, baina hara ez. Zoragarriak dira klasika horiek. Afizioa hemen dagoela esaten da, baina baita han ere!
I.I.: Flandes ere bai, Gante… klasikak denak. Han festa bat dira karrera horiek.
Mendate bat, gustukorik badago behintzat.
J.N.: Ondo ateratzen zena.
I.I.: Tourmalet. Txikitan hara joaten ginen Tourra ikustera, eta daukan historiarengatik…
Eta parajerik ederrenak?
J.N.: Ederrak leku askotan. Suitza eta Austriakoak, Italian ere badaude polit askoak, Frantzian, hemen ere bai Pirinioetan…
I.I.: Suitza oso polita da.