Ohi baino epelago eta lehorrago joan da aurtengo udaberria, Goierrin jasotako datu meteorologikoek erakusten dutenez. Egun beroak izan dira urtaroaren amaierakoak, uda aurreratu egin zela zirudien. Udan euri gehiago espero da.
Eguraldi beroarekin agurtu zen udaberria Goierrin ekainaren 21ean, zeru oskarbiekin eta 30 gradutik gorako tenperaturekin. Atzean geratu zen 92 egun eta gero martxoaren 20an goizeko 11:28ean iritsi zen urtaroa, zeruak urdin eta giroa epel zirela. Aurretik uda osoa dago, irailaren 22ra arte: 93 egun eta 15 ordu iraungo du aurtengoak.
Goierrin Legazpiko, Zegamako eta Ordiziako Aemet eta Euskalmet estazio meteorologikoetan jasotako datuak kontuan hartuta, ohikoa baino epelagoa eta lehorragoa izan da aurtengo udaberria, orokorrean tenperaturak altuagoak izan direlako eta euri gutxi egin duelako.
Legazpiko datuak biltzeaz arduratzen den Alonso Francesek azaldu ditu azken udaberri honetako tenperaturen gorabeherak, hilabetez hilabete:?«Martxoa beste urteetan baino piskatxo bat hotzagoa izan da, batez besteko 10,70 gradurekin, baina minimak ez dira 0 gradutik jaitsi garai horri dagokion moduan». Apirileko batez bestekoa altuagoa izan da, 11,28 gradukoa, eta ez da 0 azpiko tenperaturarik neurtu. ?Bitxikeria bat ere aipatu du minimei dagokienez:?«Kuriosoa izan da martxoan, apirilean eta maiatzean minimoa gradu 1ekoa izatea». Maiatza eta ekaina, aldiz, «beroagoak izan dira, beste urteetakoak baina berotsuagoak». Izan ere, maiatzean 30 graduak pare bat egunetan gainditu ziren, eta ekainean, uda hasi aurretik, bost egunetan. Irakurketa hauek guztiak Ordiziako eta Zegamako estazioetara ere estrapolatu daitezke, antzeko neurketak egin direlako hiru puntuetan.
Udaberriaren azken egunak izan dira urtaro osoko beroenak, eta uda-udakoak gainera:?ekainaren 19an neurtu ziren maximoak:?34,6 eta 37,2 gradu artekoak.
Prezipitazio gutxi
Tenperatura altuekin lotuta joan da euri eskasia udaberri honetan. «2012tik ez zuen hain euri gutxi egiten», dio Frances legazpiarrak. Martxoan eta apirilean izan da nabarmenena joera hori, batez bestekoa baino euri gutxiago egin duelako;?100 litrotik gora jaso ohi izan dira bai martxoan eta baita apirilean ere, eta aurten 73 litro izan da bi hilabete horietako neurketarik altuena, Zegaman. Maiatzean, Francesek azaldu duenez, «azkenengo hiru urteetan bezala, 60-70 litro inguru euri egin du eta uda hasi aurreko ekaina ere lehorra joan da». Oso egun gutxitan egin du, gainera, euria udaberri osoan.
Dena den, Francesek gogoratu du urteko batez bestekoa 1.500 litrokoa izaten dela Goierri aldean azken aldian. «Aurten 650 litro bakarrik egin ditu negua eta udaberria zenbatuta, 2011n eta 2012an bezala;?urte haien amaieran 1.200-1.300 litro inguru jaso ziren».
Aurten iritsiko al da 1.500 litroko markara? Iaz, udaberria amaitzerako 1.000 litro euri zenbatuta zeuden dagoeneko.
Udan euria etorriko da
Aurtengo udaberria joan da, eta uda bertan da. Ekainaren 21ean iritsi zen urtaro hori, 06:24an , eta irailaren 22an
joango da.
Aurtengo udako lehen egunak ere oso beroak izan dira, baina ez omen dira horrelako asko izango aurrerantzean, eta euri gehiago egingo duelakoan daude pronostikoak. Horrela uste du, behintzat, Francesek:?«Nik espero dut udan euri gehiago izatea, udaberria suabea eduki dugulako;?tenperatura aldetik, udaberrian baino hobeagoak, baina ez hain beroak, suabeagoak, hau da,30 gradutik gorakoak ez hainbeste».