Natura esaten didazue euskaldunok. Ez dakit hitz horren pean duzuen ikusmoldea, egiazko nire izaerari dagokiona ote den. Naturala ere asmatu duzue. Nolabait, berezkoa den zerbait adierazteko-edo. Nago, nitaz ikusmolde okerra ote duzuen. Nik neuk, neure buruari, ama baten edo aita baten bizi-ibilbidea edo prozesua, bilakaera, nabari diot.
Aralar mendia. Zuen Nafarroan eta Gipuzkoan hedatua. Haiek ziren denborak haiek! Den-dena, edo ia dena, baso. Arbola lerdenak nituen babes. Trumoiaren kontra, tximistaren kontra, ekaitzaren kontra. Bakardadetik aterarazten ninduten biztanle apurrek ez zuten zertan urratu nire gain-azala. Otsoak. Azeriak. Untxiak. Hegaztiak. Beren uluez, kantuez, harat-honat lasterrez neure bakardadea gogorarazten zidaten. Bizi-uste apur bat. Ez zen nik nahi nuen bizia.
Baina hasi zen haurdunaldia. Bortxaz? Ez dakit. Hasiera batean izan nuen horrelako susmorik. Bota zizkidaten babes nituen arbola asko eta asko. Urratu zidaten larrua. Aski sakon. Zer mina Lekunberritik Guarda-etxerainoko bidea egin zutenean: arbola lerdenak bota, harkaitzak baztertu, azala –zer zen hura?? sekula usaindu ere ez nuen zeraz estali. Nire erredura! Ni itobeharra! Eta Aralarko San Migel deitzen duzuen eraikin tzarra egin zutenean! «Oraingoan egina dik neureak!», pentsatu nuen.
Baina gainditu nuen bortizkeria haren larria. Zuen arteko ama batek, aita batek, haurtxoa bizi-bizi ikusi ohi duenean bezalatsu. Bide bazterrean, familia osoak ikusi nituen. Pozik eta alai. Oinutsik bide bazterreko belar txiki freskoan, gozatzen; nire azalaren osasun-indarraz, oinetatik eta kaskoraino, gorputz guztia biziberritzen. Nire azaletiko ezkutuko hai-zeaz birikak betetzen, garbitzen. Eta ni pozik. Behinolako bizi-emangarritasun txiki hura, bizi-emangarritasun zabal, sakon, ugari… Otsoen ulu gutxiago? Baina haurren garrasi bizigarriagoak. Jende askoren kantu alai eta alaigarriak. Erditzeko estutasuna handia; zer zoriona orain: bizi-iturri, bizi-emaile, osasungile, poz-emaile… neure burua ikustean!
Eta Gipuzkoa deitzen duzuen aldean, zer hustuketa! Baina zer bizitasuna berehala. Ardien zoramena nire azal gainean. Moxalen salto egin beharra nire barneari bizi-sentimendua emanez. Artzainen atseden-aukera: neguko egun osoko kate estua askatu, eta txabolan edo txabola inguruan ordu asko lasai bizitzeko. Eta mendizale batzuk. Batzuk! Neure baitan: «Zergatik ez gehiago? Zergatik ez premia handiagoa duen kale-zuloko jende gehiago?» Den-dena, bizia eman nahia. Zuen arteko ama batek edo aita batek sentitzen duen bezala.
Eta beste ezusteko bat! Mendizale batek hanka puskatu! Zer pena! Ikusi ditut, horrelakoak nire bizkarrean barna eta nire aldapan behera pauso geldoan andetan eramaten. Ez al duzue esaten, Loiolako Ignazio horrela ekarri zutela Iruñetik Loiolara? Gogoan dut oraindik gizajo hura: sufritu behar izan zuena. Baina egun hauetakoa. Andetan eraman partez, helikopteroa!
Eta nire ametsa. Natura bizi honen bizi-gogoa. Bizia eman nahia. Larraiztik gailurrera igogailu elektrikoa. Segidan nire Aralar mendi honen bizkarrean barna bidetxo bat, arbolak alde bietan, lau hanka hutseko aterpetxoak han-hemen ezusteko ekaitza denerako, ur freskoaren eskaintza sarri-sarri, oinezkoentzat soilik eta haur-orgatxoentzat eta jende elbarriaren eta ezinduaren eta adinekoaren motor elektrikodunentzat, eta ondoezen kasurako Gurutze Gorri deitzen duzuenaren pare bat auto elektrikorentzat; ez txirrindu, ez bestelako ibilgailu, ibiltarien bakerako eta ardien eta beste abereen lasaitasunerako, ez surik inon, Eramateko prest deitzen duzuena bakarrik urdaila berdintzeko eta termoak, jende arduratsua janari-erreusarekin, Nafarroakoa deitzen duzuen beste alderaino!
Ama batek bularra ematean eta aita batek, haurren bizirako, eguna lanean ematean sentitzen duten bizi-zirrara ezin gainditua: horixe nik neure azala bizidunentzat bizigarri nabaritzea. Partekatzea, konpartitzea bezalakorik!
«Matsaren orpotik dator mama gozoa,
edango neukela beterik basoa.
Zuk niri, nik zuri, agur egiñaz alkarri
basua txit garbi bear dogu ifini».
Aralar mendi honek zuri,
zuk Aralar mendi honi?
Nork esan du ni ez naizela bizidun?