Osagaiak
(4 pertsonentzat)
- 4 tako bakailao
- Olio litro erdia
- 6 baratxuri ale
- Tipula 1
- Piper berde 1
- Piper gorri 1
- Ur pixka bat
- Txakolin pixka bat
- Perrexila
Prestaketa
Olioa baratxuri aleekin sutan jarri, gorritzen direnean baratxuriak atera eta bakailaoa sartu azala behera duela. Bost minutu pasa direnean bakailaoari buelta eman behar zaio. Berriro ere baratxuriak sartu eta su oso suabean konfitatzen utzi ordu erdiz.
Piperrada. Tipula, piper berdea eta piper gorria zerrendatan ebaki eta zartagin batean olio pixka batekin gorritu.
Pil-pila. Bakailaoa eta baratxuriak oliotatik atera. Olioari txakolin pixka bat eta ur pixka bat gehitu ondoren, suabe-suabe nahastu pil-pila loditu arte.
Aurkezpena
Pil-pil saltsa platerean zabaldu, gainean bakailao takoa jarri eta aldamenean piperrada. Baratxuri aleekin eta perrexil hosto batekin apaindu.
Etxean prestatutako janaria etxera eramateko aukera
Zerbait «desberdina» egiteko asmoarekin ireki zuen Maite Garmendiak Maitte janari prestatuak duela bederatzi urte. Bere filosofia etxean prestatutako janaria jendeak bere etxera eramatea da. «Etxeko zaporeak eramatea, amonak prestatzen zituen bezalako dilistak jateko aukera izatea».
Maitteko sukaldea zabalik dago astelehenetik ostiralera, 07:30etik 20:30era, etenik gabe. Igandeetan itxi egiten dute. Ordu tarte horretan, bertan jateko edo prestatutako janaria etxera eramateko aukera eskaintzen dute: lehen platerak, bigarrenak eta azkenburukoak, dena bertan eginda, inongo gehigarririk eta kimikorik gabe. Horixe da Maittera inguratzen denak aurkituko duena.
Norbanakoez gain, taldeentzat ere zerbitzua eskaintzen dute. Jaunartze, ospakizun, herriko festa… Elkartean, pilotalekuan, herriko plazan… Eskariaren arabera moldatzen dute otordua Maitten. Behar den jende kopuruarentzat janaria prestatu, eraman eta zerbitzatzerainoko lanak beraien esku hartzen dituzte.
Janari eskaintza ere zabala dute, eguneroko otordutik hasi eta ospakizunetako gutizietaraino. Etxean prestatzeak lan asko ematen duten jakiak dira bezeroek gehien estimatzen dituztenak: bakailaoa, haragi bolak, masailak, frijituak, piper beteak, itsaski krema…
Prestatutako janariaz gain, hainbat gutizi saltzen duten denda ere bada Maitte: kontserbak, olioa, ardoa…