Ispiluaren aurrean dago X, masailak gorri-gorri. Izututa. Ez zuen inondik inora horrelakorik espero. «Ez da posible! Orain ez, porfa! Uda da eta! Grrrrr!». Oihuka dabil bainugelan. Pauso txikiak ematen ditu ezker-eskuin, eskuin-ezker, mugimenduarekin bere gorputzean inola ere nahi ez duen zera txiki hori desagertuko balitz bezala. «Hau nire akabera da! Ile bat atera zait besapean! Kaka zaharra!».
Nerabezaro bete-betean murgilduta bizi da X, eta ile beltz txiki ia ikusezin hori du, orain, bere bizitzako arazo handiena; baita egun gutxi barru izango duen hil ala biziko azterketa baino garrantzitsuagoa ere. Eta ispiluari so dagoela, orrazkeraz aldatu beharko zukeela etorri zaio burura: zerbait modernoagoa, bere begi berde exotikoak nabarmenduko dituena.
Sukaldera sartzearekin batera, egun on esan aurretik, oihuka bota dio amari: «Hartu ordua ile apaindegian! Txima hauek zuzentzeko premia daukat eta!». Amak azaldu dio itxita dagoela. Minbizia duela neska gaixoak, eta tratamendu gogor samarra egin behar diotenez, denboraldi baterako itxi duela. «Orain izan behar!», tu egin du X-ek, «Nik gaur behar nuen, ba!».
Haserre joan da saio partikularretara, amaren alargun pentsioa eta egiten dituen garbiketa lanen truke jasotako soldata prekarioa batuta etxeratzen den diru sarrera bakarrarentzat garestiegiak diren saio horietako batera. Baina X-ek ez du burua irakasle onberak emandako azalpen logikoetarako. Hainbat egunkari banatu dizkie, albisteak irakurri, eta aurki izango duten azterketan baliagarria izan dakiekeen gai bat lan dezaten. Bayrouk justizia ministro kargua utzi du. Arma guztiak eman ditu FARCek. AHTaren 11 tuneletan larrialdi irteerak egingo dituzte. Genero indarkeria salaketak % 12 igo dira Hego Euskal Herrian…
X-ek, ordea, txikiagoan ageri den bestelako iragarki batean iltzatu ditu begiak: Eguzkirik hartu gabe azala beltzarantzeko produktu bikaina! Hori, hori! Horixe iruditu zaio X-i egunkari guztietatik esaldirik erakargarriena! Bere gorputz lerden beltzarana Cancungo hondartza batean irudikatu du. Izotzez eta edari bereizezin batez betetako edalontzia du eskuetan, gailurrean aterkitxo txiki horietako bat duela. Zeru oskarbian tarteka agertzen diren laino bakanek zeren antza duten pentsatzea beste lanik ez du. Pasieran doa gero. Lasai, patxadaz, ur freskoa hanka puntei kaixo eta agur esan etengabean ari dela. Hitz batzuk idatzi ditu harean, itsasoko olatuak edo haizeak berak berandu baino lehen eramango dituela ohartzeke. Kresal gaziak gorputzeko txoko guztiak ukitzen dizkio, baita besapean atera berri zaion ile beltz ñimiñoa ere… Eta, hain justu, bilotxo horrek ekarri dizkio oinak errealitatera, egiazko errealitatetik hain urrun da-goen bere errealitatera.
Iritsi da azterketa eguna. Ez du gainditzeko duen probabilitatearen inolako analisirik egin. Zertarako? Galdera bakarra orri zurian: Zergatik ari dira urtzen Artikoko glaziarrak? Ez du erantzunaren arrastorik ere. «Putza!», esan du bere artean, «M ikusiko dut gaur hondartzan, eta ni ile-jira hauekin, esnea bezain zuri eta ile beltz-beltz bat besapean dudala. Zeinen gaizki doan mundua!».