Klan hitza entzuten dugunean, ezinikusiak eta borrokak etortzen zaizkigu burura. Baina Zumarragako Elgarrestatarren eta Zabaletatarren klanez hitz egitea, ordea, batasunaz eta maitasunaz hitz egitea da. Bi familia hauek txistuak elkartu ditu: bi familietan txistulari asko daude eta Elgarresta bat eta Zabaleta bat elkarrekin ezkonduta daude. Mikel Elgarrestak eta Aurori Zabaletak Antxiñako Ama txistulari taldean ezagutu zuten elkar, noski. Non bestela?
Elgarresta familian Mikel izan zen lehen txistularia. «Nire arreba zaharrena , Puy, Oargiko kidea zen eta txistulari taldea Oargitik sortu zen. Hala hasi nintzen txistua jotzen».
Ondoren, beste askok bere pausoak jarraitu zituzten: Josu, Xabier, Pello eta Eneka anaiek, Jokin, Amaia, Pello eta Jaione lehengusuek eta Maitane eta Igor ilobek (Pello anaia eta Igor iloba bi istriputan hil ziren).
Ez da harritzekoa Elgarrestatarrek txistua jotzea, Mikelen amaren anaia bat txistularia izan baitzen Lizarran. «Gerra garaian txistularia izan zen eta ziur horrek eragina izan zuela», dio Aurorik.
Mikel dantzaria ere izan zen eta 1971n berak ezpata-dantzan parte hartu zuen (sokan) eta bere anaia Josuk txistua jo zuen.
Zabaleta familiakoek ere lotura estua dute txistuarekin. «Oargik txistulari banda sortu zuen eta nire anaiak eta biok izena eman genuen. Nik hiru urte eman nituen taldean, baina nire anaia Juanjok bizitza osoa darama. Gure ondoren, Maria Eugenia arreba sartu zen. Gaur egun, Juanjoren semeak (Oier) atabala jotzen eta beste biloba batek, Aitorrek, txistua jotzen du».
Antxiñako Ama taldean beti primerako giroa izan dutela dio. «Kontua ez zen txistua jotzea bakarrik. Gehienok ez genuen solfeo ezagutzarik eta gurekin sekulako pazientzia eduki zuten. Oso gustura joaten ginen. Egun ere, giro bikaina dute».
Mikelek eta Aurorik txistulari taldean ezagutu zuten elkar, 13 urterekin. Ondoren Irrintzi dantza taldera pasa ziren, eta bertan zeudenean hasi ziren elkarrekin ateratzen. Egun, oraindik dantza egiten dute. Duela bi urte mutxiko dantzetan hasi ziren. Eta duela gutxi txistua armairutik atera zuten, Antxiñako Ama taldearen 50. urteurreneko kalejiran parte hartzeko. «25. urteurrenean jo genuen azkeneko aldiz. Nola joko dugu 25 urte jo gabe egon ondoren?, pentsatu genuen. Baina entseguetan ederki pasa genuen. Astelehenero joaten ginen eta egungo txistulariek sekulako pazientzia eduki zuten gurekin. Pasakallea mundiala izan zen. Gure alea jarri nahi genuen», azaldu du Mikelek.
Aurorik denda zortzietan puntuan ixten zuen entseguetara joateko. «Beste batzuetan ez dugu denda ixteko presarik edukitzen, baina bagenekien txistulariak gure zain zeudela eta zortzietan puntuan ixten genuen. Txistua berriro jotzeak zoriontsu egin gaitu. Zein ondo portatu diren gazteak gurekin! Ze pazientzia eduki duten!».
Izan ere, Antxiñako Ama eta Irrintzi oso garrantzitsuak dira beraientzat. Taldeko kide izango dira beti. «Beti esaten dugu bai Antxiñako Ama eta bai Irrintzi oso herrikoiak direla. Giro polit bat lagun, tradizioak mantentzen dituzte. Beharbada beste talde batzuetan ere hala izango da, baina guk hauek ezagutzen ditugu. Txistularien urteurreneko bazkarian 80 bat lagun elkartu ginen eta denok elkar ezagutzen genuen. Bakoitzak bere bizitza egin du, baina sekula ez dugu lotura galdu. Talde hauetaz hitz egiten dugunean, gurea den zer edo zertaz hitz egiten ari garela sentitzen dugu», azaldu du Aurorik.
Ezpata-dantza, dendan
Bere belar-denda apaintzen duten argazkiak ikustea besterik ez dago:?guztiak Zumarragako ezpata-dantzakoak dira. «Urtero, ekainean, ezpata-dantzariez eta txistulariez gogoratzen gara: nola ote doaz entseguak? Zein txistularik eta dantzarik parte hartuko dute ezpata-dantzan?».
Mikelek Irrintzi eta Antxiñako Ama beraien bizitzako zati bat direla dio. «Sekula ez diogu beraien lana jarraitzeari utzi eta beraien emanaldi guztietara joaten gara. A zer nolako maila duten egungo txistulari eta dantzariek!», gehitu du bere emazteak.
Ez da harritzekoa. Bi taldeek asko zor diete egindako lanagatik, baina baita beraiek bi taldeei ere igarotako une gozoengatik eta talde hauei esker bikote direlako. Antxiñako Aman zeudenean ezagutu zuten elkar eta Irrintzin zeudenean, 15 urterekin, hasi ziren elkarrekin ateratzen.
Hori guztia ikusita, seme-alabak ere txistulariak izatea espero daiteke, baina ez da hala. Hirurak musikariak dira, baina ez dute txistua jotzen. «Alabak, Idoiak, flauta jotzen ikasi zuen eta bandan jo zuen. Aimarrek pianoa jotzen ikasi zuen. Mikelek, berriz, klarinetea jotzen ikasi zuen. Egun, pianoa jotzen ikasten ari da. Txistua jotzen ez dute ikasi, baina musikariak dira», adierazi dute.