Ordiziako bilgune garrantzitsua den Beti-Alai pilotalekua 125 urte betetzera doa. Plaza Nagusiarekin batera, herriko bihotzetako bat da frontoia. Goierriko pilotaleku modernoen artean, zaharrenetakoa ere bada. Eraikitzeko eskaria 1892ko uztailaren 7an egin zioten ordiziar batzuek udalari, orain dela 125 urte. Urtebete geroago, 1893an, frontoi berria, handia eta modernoa inauguratu zuen Ordiziak.
Orduan ere bazen pilotan aritzeko tokia Ordizian. Baina egokitasun handirik ez, nonbait, eta berria eraikitzeko eskatu zuten herritarrek argudiatu zuten «Ordiziako pilotariek Beasainera eta Lazkaora joan beharrean herrian geratzeko aukera» izan behar zutela. Teilaturik gabea izan zen, ia ehun urtean. Estalkia 1981eko uztailaren 19an inauguratu zuten, baita Ordiziako hegoaldeko errepidea ere. Frontoi berriak 200 metro koadroko azalera du: 40 metro luze eta 14 zabal. Horma 10 metro altu da.
Erreboteko paretaren atzean, frontoi txikia sortu zen. Hura 2011ko otsailean estali zuten.
Makina bat jarduera
Beti-Alaik, 125 urteotan, ezin konta ahala ekitaldi hartu ditu, bere baitan. Pilota, jakina. Buruz buruko txapeldun handienak bertatik igaroak dira. 1923an, adibidez, Martzelino Juaristi Atano IV.ak, Juan Jose Larrañaga Txortena II.ak, Ansolak eta Fernandezek jokatu zuten. 1946ko Santiago egunean, Atano VII.a-Gallastegi eta Onaindia-Lazkano ziren aurkari estelarrean; Confites-Legarra eta Olaskoaga-Altuna gero. Urte hartan, beste pilota jaialdi bat izan zen, uztailaren 28an.
Toki gutxitan bezala, boxeoak ere tradizio luzea eta sustraitua dauka. Beti-Alai pilotalekua izan da ring-aren plaza. Hori bai, ziur asko Ordizian izan den borrokaldi entzutetsuena, Urtainen debutekoa, ez zen frontoian jokatu, handik gertu zegoen Arana futbol zelaian baizik. 1968ko uztailaren 24an bihurtu zen Jose Manuel Ibar Urtain profesional. Milaka ikusleren aurrean, Yoni Rodri kantabriarra 17 segundoan KOz lurreratu zuen. Ordizian aritu zen aldi bakarra izan zen. Ez hala haren seme batek, 1990eko hamarkadaren bukaeran boxeatu baitzuen, Beti-Alain.
Boxeolari txapeldunak Pedro Carrasco, Jose Duran, Neches, Poli Diaz, Paco Galvez, Israel Carrillo, Ruben Diaz eta Sandor Martin, behintzat, izan dira pilotalekuan. Azken urteetan, ezin ahaztu Beti-Alain kokatu duten Goierriko 7 Orduak. Edo iraileko gazta lehiaketak.
Aurten, urteetako opari gisa, Goierriko bi pilotari profesional handi batera ikusteko aukera izango da Beti-Alain, Santa Ana egunean (uztailak 26): Irribarria-Albisu bikotea osatuz, Olaizola II.a-Zabaleta aurka.
Gaur egun Zuhaiztia dagoen lekuan zen Ordizian pilotalekua, lehenago
Beti-Alairen 125 urteena baino zaharragoa eta luzeagoa da Ordiziako pilotalekuen historia. Aurreneko aipu idatziak XVIII. mendekoak dira. «Pilota joko» gisa azaltzen da, ‘juego de pelota’ gaztelaniaz. Errebote jokoa zen lehenago. 1770eko urriaren 2an, Zabala jauregiaren jabe Jose Martin Zabala Idiakaitzi lurrak eskatu zizkioten pilotan aritzeko plaza bat egokitzeko, «errepide berriaren eta urkamendiaren artean, beherantz luzatuta eta Idiburuen lur sailen bat hartuta, eta terraplen forma emanda».
Pilota joko hura 1840an berritu zuten. Gaur egungo Beti-Alairen parean zegoen, errepidearen beste aldean. Ehun urte baino gehiagoan erabili zuten ordiziarrek errebote plaza hura (Segurako eta Lazkaoko plazak ere, adibidez, hartarako erabiltzen ziren). Beti-Alai izena XX. mendean hasi ziren erabiltzen, frontoi berrian.