Ez, egon zaitezte lasai, ez noa eguraldiaren inguruan hitz egitera. Konformista samarra naizelako zerutik datozen eguzki-printzak edo euri-jasak baloratzeko garaian. Ez nauzue askotan harrapatuko egiten duen beroa dela eta kexu, ezta gurean (zorionez) hain ohikoa dugun hezetasunagatik gaizki esaka. Artikulu honen titulua irakurtzerakoan eguraldiari buruz pentsatu baduzue, ez naiz horretaz ari.
Atzo bertan etorri zitzaidan burura Goierri tropikala espresioa, Beasaingo estaziotik etxera nindoala. Nekatuta lan-egunaren ondoren, bizikletaren gainean.
Urte batzuk pasa ditut herritik kanpora bizitzen –ez naiz oso urrutira joan, ez pentsa–, baina herrira bizitzera bueltatzean jabetu naiz zer nolako aldaketa eman duen gure gizarteak azken hamarkadetan. Ez dut esan nahi aldaketa lehenagotik ere ez datorrenik, agian ez naiz konturatu orain arte, agian beste hogei urte egin beharko genuke atzera horretarako.
Ez naiz gai, ezta ere, aldaketa horren atzean dauden arrazoi sozio-ekonomikoak azaltzeko. Aditu batek esango luke ziur asko herritarren erosketa ahalmena handitu egin dela, aisialdiaz gozatzeko kontzeptua eta mentalitatea zabaldu dela.
Kontua da estaziotik etxera egunero egiten dudan bide horretan inoiz baino jende gehiago ikusten dudala kalean pasieran ibiltzen, tabernetako mahai edo terrazetan kontu-kontari edo, besterik gabe, parkeetako bankuetan eserita, inguruan gertatzen denari begira. Herrialde tropikaletako giroa ekarri dit gogora, kaleko lasaitasun hori, bizitzaz gozatu eta kalean patxada osoz ibiltzeko jarrera zabaldu hori.
Garbi ikusten dut aldaketa horien atzean badagoela mentalitate aldaketa bat. Aisialdiaz gozatzeko jarrera, esate baterako. Bizitzan lanaz gain gehiago ere badela eta horretaz jabetzea. Ezin dugu ahaztu, ezta ere, gure herrietan azken urteotan eman den eraldatze handi bat. Gure auzo eta kaleak herritarren bizitzarako gero eta erosoagoak dira. Oinezkoentzako abegikorragoak, inondik ere.
Adituen esanetan, azken urteetako krisialdi ekonomikoak erakutsi digu zeinen inportantea den, hala ere, aisialdiaz gozatzeaz gain, eguneroko gauzekin gozatzen jakitea. Eta familia nahiz lagunartea bezalako balioak mantentzea. Balio horietara itzuli omen dira herritarrak.
Aldaketa positiboa da hori guztia, zalantzarik gabe. Bi gauzarengatik beldur naiz hala ere. Batetik, krisialdiaren amaierarekin ea balio horiek ez ote zaizkigun berriro ere ahaztuko, berriro ere ezerezean geldituko. Eta, bestetik, eguneroko plazerrekin gozatu behar horrekin, ez ote ditugun ahaztuko gure gizarteak oso barneratuta izan dituen beste balio garrantzitsu batzuk. Kultur bizitza, herriko bizitzan parte-hartzea, ekintzaile izaera, lanaren kultura, konpromiso politiko edo soziala, esate baterako.
Ez dago zalantzarik Goierri tropikalean ongi bizitzeko aukerak ditugunik, eta jarraitu dezagun horrela. Ez litzateke txarra ordea, gure ikur izan diren balio horiek ere etengabe eguneratu eta geureganatzen jarraitzea.