Asier Iriondo
Lehen UHF deitzen genuen katean, Kukaikoak zuzenean ikusi nituen Max sariak jasotzen. Gero whatsappean ibili den bideoa ikusita, oraindik, ez zait zirrara txikitzen.
Fermin Muguruzaren Adarra sariarena ez dut inon ikusi, baina irakurri bai, eta ederra iruditu zait hau ere. Zakilixutek esango lukeen bezala, «Goia jo zuen». 2003koa, ordea, ikusi nuen. Euskal kantu onenaren saria eman zioten Espainian nonbait, eta berak Egunkaria-ri eskaini, garai berean, Arantxak Iturbek, Ai ama! antzerki-lanarengatik jasotakoarekin, egin zuen bezala.
Badira bestelako aukerak. Mikel Peruarena, Marlon Brando eta Bob Dylan ez ziren Nobela, Oscarra, eta Euskadia, atzekoz aurrerako hurrenez hurrenean, jasotzera joan. Hala ere, hiru kasuak ez dira erabat konparagarriak. Marloni eta Bobi, esango nuke, sariari zegokion dirua iritsi zitzaiela.
Beraz, sarien eskaintzetan hiru aukera behintzat badira: inguruari eskaini, aldarrikapen-borroka bati eskaini edo jasotzera ez joan. Hiru aukerak ez dira hermetikoak. Nahas daitezke. Eskaintza bera 1 eta 2 aukera izan daiteke eta 3 jarrera hartu.
Ez dut inoiz inori eskaintzarik egiteko aukerarik/beharrik izan. Ez dakit zer egingo nukeen ere, gainera. Zuk? Demagun aurkezleak hitz egin duela: «Igo dadila oholtza gainera, ondo merezitako saria jasotzera, Aitor Calvillo. Zurea da hitza».
Aitor Calvillo
Beno, beno, beno…! Inori dominak bular gainean ipini aurretik nola pasa dituk sanferminak? Zezenen aurrean lasterka? Iruñean? Lesakan?… Egia esan sekula ez diat irudikatu nire burua honelako eskenatoki batean, ez zezenen aurrean Iruñeko entzierroan, ezta oholtza gainean ere. Tira, zezenen aurrean askotan ibilitakoa nauk, eta baita ondorio zuzenak jasotakoa ere! Baina hori beste baterako utziko diat.
Hire izena aipatu eta saria jasotzera? Ziur ingurukoak gogoan izango nituzkeela eta haiei eskaini, bizitzak garbi erakutsi baitit, niri behintzat bai, inor ez dela inor ingurukoen lankidetzarik gabe. Ziur, zer esan aurretik ere prestatuta izango nuela, baina baita ziur nago ez nukeela aurrez prestatutakoa esango eta bat-batekotasunera joko nuela. Inoiz saria jaso beharko banu ere, eta merezita ez dudalakoaren ustean baldin banago, ziur uko egingo niokeela jasotzeari eta benetan merezi duen beste norbaiti eskaintzea eskatuko nukeela.
Bestalde, ondo merezitako sariak askotan hil ondorengo kontuak izaten direla ere ez didak ukatuko! Beraz, askotan pentsatu diat honelakoak ez jasotzearen ondorio bizirik hagoenaren seinale ere izan litekeela. Baina, berandu jasotzea sekula ez jasotzea baino hobea ere badelako ustean nago. Beraz, ikusiko duanaren moduan, bakoitzak ustez ondoen egiten duenarekin aurrera eta merezitako sariak iritsiko dituk halakoren batean. Edo ez! Baina ziur saria ez dudala sekula helburu izango. Aitortza. Hori akaso, zenbat jende ari den lan isilean eta gizarteak inolako aitortzarik ez. Zerrenda luzea osatuko nuke nik, eta ez zuk aurretik aipatutako Marlon Brando eta enparauak, ustez gertuago baditugu beste izen batzuk. Ea hurrengo batean honelakoak aipatzeko tartea hartzeko moduan gauden!