Euskal Herria «txiki xamar» gelditu zitzaion Jose Luis Alustizari (Idiazabal, 1950) eta «mugak zabaldu nahian Piriniotara jo» zuen. Arrazoi nagusia hori bada ere, Alustizak berak kontatu bezala, une aproposa» ere bazen. Familia hazita zuen eta mendian bazuen esperientzia nahikoa, erronka berriei aurre egiteko. 46 urterekin igo zuen Pirinioetako 3.000 metroko tontor bat lehenengo aldiz, eta bildumazale baten antzera, guztiak igo ditu, 213ra iritsi arte.
Lehenengo momentutik Pirinioekin «maiteminduta» gelditu zen Alustiza. «Zoragarria iruditu» zitzaion paraje hura eta «konturatzerako, katalogatuta dauden 3.000ko tontor guztiak igota» zituen. «Paraje berriak ezagutzeko helburu hutsarekin hasi» bazen ere, mendi horietako ugari igota zituela honako galdera egin zion Alustizak bere buruari: «Zergatik ez guztiak igo?». Hala, pixkana-pixkana, baina erronkari eutsiz, 60 urte zituela, igo zuen gelditzen zitzaion azken tontorra.
Hasierako helburuak helburu, «buruaren eta gorputzaren mugak ezagutzeko balio» izan dio erronka horrek Alustizari. «Norberaren eta mendiaren arteko lehia bailitzan» deskribatzen du tontor bakoitzera igoera. «Gorputza bizirik, bihotzean taupadak sentitu eta sarri, baita malkoak atera ere». Hori da, hain zuzen, idiazabaldarrari mendiak sentiarazten diona. «Ahaleginak ahalegin, mendiak berak nahi badu utziko dizu igotzen», argi du hori Alustizak.
Dena den, mendira joan aurretik, prestaketa lan garrantzitsua egin ohi zuen. «Zailtasunaren arabera» prestatzen zituen igoerak, «3000ko guztiak ez baitira berdinak». Batzuk, beste gabe, oinez igotzeko modukoak dira; beste batzuetan, eskalatzen ere jakin behar da; izotzaren gainean ibiltzen jakitea eskatzen duten batzuk ere badira. «Planifikazio garbi eta zehatza egitea komenigarria da». Toki bakoitzean zerekin topo egingo zuen aztertuta, beharrezko gauzak aurreikus daitezkeela dio, eta kontu horrekin oso zorrotza da.
Hiru oinarri sendo
Mendizaletasuna asko aldatu dela uste du, «gaur egungo mendi lasterketa eta maratoien ondorioz». Bere eta bere ingurukoen, «mendia eta mendizaletasuna ulertzeko modua bukatzen» ari dela uste du Alustizak. Eboluzio bat eman da; mendiaz eta parajeez gozatzeko oinez ibili izan da beti. Mendian korrika egitea da berriz, orain moda-modan dagoena. Horrelako probekin ez dago «ez ados, ez kontra». Harriduraz egiten die so, kilometro bertikala, Zegama-Aizkorri edota Ehunmilak bezalako probei.
Ohitura onei eta mendian ibiltzeko gomendioei jarraituz, sekula ez da mendira bakarrik joaten, «erokeria» litzateke. «Mendiari errespetua eduki behar zaio». Gutxienez, ondoan, bi-hiru pertsona behar direla dio, eta horregatik oso gertuko hainbat pertsona izan ditu proiektu horretan bidelagun.
Idiazabaldarrak dio horrelako proiektu batean sartzeko, «hiru oinarri oso kontutan» izan behar direla : «Burua, bihotza eta hankak». Burua, «igo beharreko mendia nolakoa den jakiteko». Bihotza, «lagunekin zaudela, ilusioz aritzeko» eta azkenik, hankak, «nekatu gabe eta seguru ibiltzeko».
Guztietan berezienak
Hainbeste tontorren artean berezienak aukeratzea zaila badirudi ere, guztien artean zeintzuk aukeratu oso garbi du Alustizak. Garmo Negrok 3.051 metroko garaiera du. Espainiako Aragoi autonomia erkidegoko Huesca probintzian dago. Hori izan zen igo zuen Piriniotako lehenengo tontorra. Zailtasun handirik ez duen mendia da, gora-behera handi xamarra duen arren. Oinez igotzeko modukoa, eskuak erabili gabe egin daitekeen horietakoa.
«Tristura sentitu nuen 3.000ko azkena igotzean, etapa baten amaiera zelako»
«Mendizaletasuna asko aldatu da mendi lasterketa eta maratoien ondorioz»
Jose Luis Alustiza, Mendizalea
Igotzen azkena berriz, Tuc de Mulleres (3.010 metro) izan zen. Kataluniako Alta Ribagortza, Arango harana eta Espainiako Aragoi autonomia erkidegoko Ribagortza eskualdeen artean dago. Ohartuta zegoen, igotzeko gelditzen zitzaion 3.000ko azkena zela. Sentipen kontrajarriak sortzen zizkion horrek Alustizari; etapa garrantzitsu horren amaierara heltzeak, «tristura» sortzen zion eta hori izan zen hain zuzen, azken tontorrera iristean izan zuen lehenengo sentipena.
Tontor berezienagatik galdetzean, «Troumouse» erantzuten du mendizaleak. 3.089 metroko garaiera du. Espainiako Aragoi autonomia erkidegoko Huesca probintzia eta Frantziako Pirinio Garaiak departamenduaren artean dago. «Forma berezia eta paraje berde-berdea duen mendia» dela dio Alustizak, eta horregatik da beretzako «kuttunenetakoa». Pallars ere nabarmentzeko tokia da idiazabaldarrarentzat. «Eremu oso basatia» da, eta horrek «zoratzen» du Alustiza.
Dena den, Euskal Herriko mendi eta tontorrak ezin ditu ahaztu Alustizak. Aiako harria du «kuttunena, daukan ikuspegi zabalagatik» eta aldi gehiagotan igo duen mendia «Aizkorri» da. Gabon Zahar egunean igotzeko ohitura du eta gaur egun ere, ohitura hori mantentzen du.
Izandako toki guztiak buruan gordeta baditu ere, kamera bidelagun izan du beti. Horrek ordea, ezustekoren bat ere eman dio; kamera analogikoa zuenean, txirrika zeramaten horietakoetan, 12, 24 eta 36 argazki atera zitezkeen. Argazkiak atera eta atera, «36, 37, 38, 39» eta harrituta, kamerak txirrita jarrita zuen begiratu, eta «hutsik». «Edonori gerta dakioken zerbait!» Dena den, «buruan ondo gordeta» ditu ikusitako toki guztiak.
Pasadizoak, ugari
Hainbeste eta hainbeste bidaia eta ibilbide eginda, pasadizoak ere ugari ditu kontatzeko, batzuk besteak baino deigarriagoak: Portillon-en zeudela, taldeko lagun batek istripua izan zuen. Bide «normal» batean izan zela dio Alustizak, lagunak «orkatila okertu, erori eta tibia eta peronea apurtu zituen». Horren aurrean, taldeko bat, zaurituarekin gelditu eta gainontzekoak laguntza eske joan ziren, tartean Alustiza bera. Ordubeteko bidea zuten aterperaino eta «presaka eta korrika»joan ziren gertatutakoaren abisua emateko. Erreskate taldea segituan jarri zen martxan, baina «lainoa sartu eta helikopteroak ezin izan zuen igo». Horrenbestez, oinez igo behar izan zutela gogoratu du.
Gaua aterpean pasa behar izan zuten, «berandu» baitzen. Zaurituak eta medikuak, gaua logela berean pasa zuten , eta aldika, «morfina jartzen» zion, «min handiarekin» baitzegoen. Halako batean, beste behin ere zaurituari morfina jartzera altxatu zen batean, «medikuari bizkarrean ziztada batek jo eta altxatu ezinik gelditu zen». Azkenean helikopteroan, «bat beharrean, bi» jaitsi behar izan zituzten.
Beste batean, Maldito mendian gora ari zela, mendi puntara iritsi eta «oinetakoen zola oso-osorik askatu» zitzaion. Segituan jarri zion ordea konponbidea Alustizak; «Eskalatzen aritu» zirenez, «erabilitako sokarekin» ahal izan zuen moduan, «zola eta oinetakoa lotu» zituen. Urteak pasata, oroitzean, barre egiten du Alustizak, une hura, «larri pasa» bazuen ere.
Mendiaren ordaina
Urte hauetan guztietan «ikaragarri disfrutatu» badu ere, mendian egindakoak «ordaina pasa» diola ere esaten du. Adinean gora dihoala gehitzen du, 67 urte ditu, eta adin batetik gora, «beste koska bat beherago» sentitzen du bere burua Alustizak. Dena den, barru-barruan poza sentitzen du «bizitzan jarritako erronka bete» duelako, eta horrek «harro» sentiarazten du.