Aurtengo udako oporren aurreko azken artikulua idaztea tokatu zait. Zertaz idatzi pentsatu beharrik ez dut izan. Ez dakit zuk, baina nik opor behar izugarria daukat. Aurtengo ikasturtea arraro xamarra izan da. Modu batean ziztu bizian pasatu da, baina, beste alde batetik, ikaragarrizko karga sentitzen dut gorputzean. Ikasturte benetan gogorra eta sakona izan da, sentimenduak dantzan jartzen dituen horietakoa. Aldaketa asko ekarri dizkit, ez bainaiz duela urtebete nintzen Itxaro hura.
Tipula bat izango banintz bezala kanpoko geruzak kentzen joan naiz. Batzuetan erraza izan da geruzak askatzea, baina beste batzuetan, hain zeuden itsatsita, zauriak ireki ditudala.
Zauriak ez dira larriak izan, baina bai sakonak; eta sendatzeko behar zuten denbora eskaintzeak energia dezente kendu dit. Nekatuta bukatu dut. Nekatuta, baina lasai. Lasaitasun honek neke guztiak konpentsatzen dituenez, nekea da orain zaindu behar dudana, eta hortxe dago nire opor beharra.
Idazten ari naizela gurasoekin pasatzen genituen oporrak etorri zaizkit burura. Azken opor haiek, Peñiscolan. Azkeneko irteera Granadara… Ama, irakasleak izanik, egun asko egoten zen oporretan, baina berak zioen bezala, benetako oporrak kanpinean hasten ziren. Hilabete etxetik kanpo, naturaz gozatuz, egun osoa ka-lean… Erlojua kentzen zuen iritsi orduko eta ez zuen azkeneko egunera arte jantziko. Nik garai hartan ez nuen ulertzen nola izan zezakeen hainbesteko tristura etxera bueltatzeko eguna iristen zenean. Ni lagunak (eta mutilen bat edo beste!) ikusteko desiatzen egoten nintzen (ene, nerabezaro ederra), hainbeste gogo izaten nuen bueltatzeko, ez nituela oporraldi haiek behar bezala baloratzen.
Orain, berriz, bai. Oso ondo ulertzen dut ama; nik ere tristura hori zer den sentitu baitut azkeneko oporraldietan. Zein ona den egun batzuetan bada ere deskonektatzea. Gorputza zein burua gauden lekutik beste edonora eramatea. Bakarrik egoteko tarteak hartzea. Irakurri edo pasiatu ahal izatea. Josketa lanak egin edo egunsentiak begietan grabatzea.
Arnasa hartzeko denbora izatea.
Estresatuta dagoen gizarte batean bizi gara, estresatuta gabiltza, lana-etxea-aisia, de-na zurrunbilo batean sartuta balego bezala. Haurrak ere estresatuta ditugu. Zenbat aldiz esan ote dugu denborarik ez dugula hau edo beste egiteko; hau edo beste egingo genukeela, baina…
Kontziente ote gara bizitza aurrera doala gu zurrunbilo horretan sartuta gauden bitartean? Ba ote dakigu geratzen?
Aurtengo ikasturteak erakutsi didan gauzetako bat hori izan da. Gelditzea zein garrantzitsua den. Gelditu, atzera begiratu, nondik gatozen ikusi, non gauden jakin eta nora joan nahi dugun erabaki.
Oporren zain nago, baina ez beraien menpe. Ikasi baitut egunero opor zatitxo batez gozatzen. Egunero niri denbora bat eskaintzen; lagunekin kafetxo bat hartu, paseatu edo lo kuluxka bat egiteko denbora hartzen. Hala ere, ez diet muzin egingo eta eskuzabal hartuko ditut orain datozenak.
Espektatiba gehiegi gabeko oporrak, gero ahaztezinak bi-hurtzen direnak. Horiek bai onak!