Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio! Oporrak joan zaizkiguk, bero joan ere, bai tenperaturaz, bai gertakariz, zorioneko eta zoritxarreko gertakariz. Gai eta saltsa ugari izan dizkiagu eta asko hitz egin eta idatzi duk komunikabideetan eta lagunarteetan, turistez, asko Kataluniaz, bai atentatu islamistaz, bai autodeterminazio erreferendumaz. Esan ez denik esaten saiatzen bagara ere, ez diagu lortuko, seguru asko, hik eta nik. Ideia, ikuspuntu berririk ez diagu sortuko. Beraz, ondo iruditzen bazaik, umil eta xinple jardungo gaituk.
Turismoaren gaiaz hauxe bakarrik esan nahi diat: oso desberdina dela tabernako barraren alde batean ala bestean egotea, desberdina negozioan parte izatea ala ez izatea, turisten zalapartan bizitzea, bizilagun/haserre-lagun ala urrutiago, haiengandik etekin ekonomikoa lortzea ala xentimorik ez ikustea. Julio Villar mendizale, itsasgizon eta lagun dudanari aspaldian ikasi nioan, lekuak, mendiak, herriak, txokoak, aurkitu zituen bezala uztea zuela helburu, bertatik pasatu izan ez balitz bezala. Irakaspen horri jarraituz, oporretan izan naizen lekuak, ni izan aurretik zeuden bezala geratu badira, arrastorik utzi gabe alde egin badut, konforme nauk. Emozioz eta sentimenduz beteago, jantziago, gustura itzuli nauk gure txokora eta nirekin harremanetan izan direnak ere hala geratu badira beren lekuan, primeran. Horrelako turista izan nahi diat.
Bestalde, udazkena ate joka dugun honetan, Kataluniari begira geratzen nauk, erreferendum garbi eta aberatsa amets, esperantzaz betea.
Inaxio Usarralde
Neuk ere umiltasunetik jardungo dinat, Joxepa, apal-apal. Udak, aurten ere, hamaika gai utzi zizkigun eta aste hauetan irakurritako hainbat ideiarekin lotuko ditinat gai horiek. Egia dun, Kataluniako atentatu yihadistez geroztik, iritzi asko eta askotarikoak entzun ditinagu. Ohar pare bat, labur: lehena, Juan Mari Arregik, Argia-n plazaratutako iritziaren haritik, gogoeta hau: «Asko harritu nau ez egotea egoera hau sortu duten arrazoien muinera iritsi nahian egindako hausnarketarik». Eta norabide horretan, bigarren oharra: guztiz gomendagarria dun Mikel Ayestaran kazetari beasaindarraren Oriente Medio, Oriente roto liburua irakurtzea. Bikaina dun. Izan ere, irakurle batek dioen moduan, «Oriente Medio, esa región que todos conocemos pero que nadie entiende». Bada, hori, irakurri liburua! Liburu hau irakurrita ez du inork gauza bera esango. Ez zaio inori damutuko!
Hori esanda, Katalunia aldean «Ez dut beldurrik» esaten ari diren heinean, nik beldurra badudala esan eta aitortu nahi dinat; gure gizarte hau hartzen ari den jitea ikusita, beldurti kokolo bat naizela, alegia. Izan ere, beste gai bati helduz, biolentzia matxistaren gaiak erraietaraino inarrosten nain! Zertan ari gaitun, Joxepa? Neu gizon izateaz lotsatzen hasteko puntuan nagon. Nola iritsi gaitun egoera honetara? Nik gozamen gune bizi izan dudan festa-lekua arrisku-gune bihurtu behar al dugu gure seme-alabentzat? Ikasturte honetan Gerriko txokoan lantzeko moduko gaiak iruditzen zaizkidan biak ala biak…