2017-2018 ikasturtea hasteko zorian dago. Urko Garmendiak (Legazpi, 2000), beste askok bezala, Legazpin egingo du Batxilergoko bigarren maila. Baina berezia izango da beretzat. Izan ere, iaz Winsconsingo (AEB)?Baldwin herriko Baldwin-Woodville High School-en egin zuen Batxilergoko lehenengo ikasturtea.
Nolatan erabaki zenuen kanpora joan nahi zenuela ikastera?
Hamabost urte nituela hasi nintzen pentsatzen kanpora joan nahi nuela ikastera nire ingeles maila hobetzeko. Lagun katalan bat AEBetan egon zen unibertsitateko ikasturte bat egiten, eta orduan hasi nintzen informazioa bilatzen.
Gurasoek nola hartu zuten zure nahiaren berria?
Hasieran sorpresa izan zen beraientzat, baina gero ados agertu ziren. Nazioarteko ikasketetan espezialduak dauden agentzia ezberdinetan ibili ginen galdezka. Hiru herrialde eman zizkidaten aukeran Ingalaterra, Irlanda eta AEB. Nik garbi nuen Ameriketara joan nahi nuela.
Nolatan Winsconsin?
Niri buruzko txosten bat prestatu behar izan nuen. Agentziak txosten hori AEBetako harrera familien artean banatzen du. Harrera familiak dira aukera egiten dutenak, eta ni Winscosingo familia batek aukeratu ninduen.
Noiz iritsi zinen hara?
Iazko abuztuaren azken aldera, ikasturtea hasi baino hamar bat egun lehenago. Nire ingeles maila egokia zen arren, hasieran zailtasunak izan nituen bertako hizkuntzara egiteko, azentua oso ezberdina dute eta zenbait hitz ez nituen ulertzen.
Segituan egin al zinen bertako bizimodura?
Bai. Ikasturtea hasi aurretik Baldwin-Woodville High School-eko –bertan egin du ikasturtea– futbol taldean eta bandan izena eman nuen, (bateria jotzen du). Hortaz, ikasturtea hasterako lagunak egin nituen.
Zertan ezberdintzen da AEBetako hezkuntza gurearekin?
Batxilergoko lehen ikasturtea egin nuen bertan. Hemen ez bezala, han 50 ikasgairen artean batzuk aukeratu behar dira, ikasturtea osatzeko. Egia esan, hemen baino errazagoak iruditu zitzaizkidan ikasgaiak. Dena erraz gainditu dut azkenean.
Nolakoa da Winsconsin?
Oso paisaia laua dauka, apenas dago mendirik. Ganadu asko dago, hori da bere ekonomiaren oinarria. Neguak hotzak eta udak beroak dira. Herri txikiak dira gehienak, hiriburua Bilboren tamainakoa da.
Zer nolako esperientzia izan da zuretzat?
Oso esperientzia ona izan da. Familia oso jatorra zen, eta lagun on asko egin ditut bertan. Oraindik harremana mantentzen dut beraiekin. Egia esan, berriz itzuliko nintzateke hara.