Goierriko Trail Kopa ligaren bigarren ekitaldia irailaren 10ean bukatuko da, Idiazabalen seigarren eta azken mendi lasterketa jokatuta. Iaz izan zen estreinakoa, lau probarekin. Aurten bi gehiago batu zaizkio, eta mendiko karreren egutegi ia osoa hartu du, urtarriletik irailera. Bi sailkapen bereizi dituzte: trail distantzia luzekoa, eta esprint motzekoa.
Trailean, hasiera-hasieratik lidertzan dira Juanjo Igartzabal zumarragarra eta Elena Calvillo beasaindarra. Lehen postua ziurtatu gabe daukate oraindik, ordea. 50 puntu jasotzen ditu irabazleak probako, eta binaka gutxitzen zaizkie hurrengoei. Bukatzearekin nahikoa daukate, hala ere, bi liderrek.
Jada ebatzita daudenak esprint distantziako txapeldunak dira. Gaizka Romero legazpiarrak bigarren karreran heldu zion lidertzari, eta ez dio jare egin. 88 puntuko aldea ateratzen dio bigarrenari. Nesketan, Nerea Rosado ataundarrak ere esku-eskura du elastiko horia. Lasterketarik ez du irabazi, baina erregulartasunak sarituko du; bost probetan 4. egin du.
Idiazabalgo V. Axari Traila irailaren 10ean jokatuko da, 09:30ean hasita. 25 kilometro luze, eta 1.550 metro desnibel positibo izango ditu. Gehieneko denbora 4,5 ordu da. Axari Trail Txikia ere izango da aukeran, egun eta ordu berean hasita, 16 kilometrokoa (750 metro +). Izena irailaren 5eko gauerdira arte eman liteke (Kirolprobak).