Aghata Christie, Garcia Lorca, Shakespeare eta beste hainbat eta hainbat autoreren komedia, drama, musikal eta beste mota askotako antzezlan ugari taularatu ditu Ordiziako Urrup antzerki taldeak 25 urteotan. Dena den, antzezlanak taula gainera eramatea baino harago doa talde honen eginkizuna; «lagun taldea, gertutasuna, konfidantza, une politak eta ez hain politak konpartitzeko gunea ere izan da taldeko kideentzat». Horrela definitzen dute taldea Urrupeko aktoreek.
Eta horixe izan daiteke hain zuzen, horrenbeste urtez bizirauteko sekretua; aurten 25. urteurrena iritsi zaie eta ospakizunetarako garaia izateaz gain, atzera begirada bat botatzeko une aproposa da, etorkizuna ahantzi gabe.
Sekretuak sekretu, Goierriko aktore hasi berri eta ez hain berrientzat plataforma garrantzitsua da, izan da eta aurrerantzean ere izaten jarraituko du Urrupek. Eskualdean asko eta asko dira interpretazioaren mundu horretan lehen urratsak Urrupen eman dituztenak; Sara Cozar, Lariz anaiak edota Aitziber Garmendia dira horietako batzuk. Gaur egun Urrup osatzen dutenak harro daude, aipatutako lauak aktore profesional izatera iritsi direlako, baita taldeko beste kide askok ere telesail eta zineman parte hartu dutelako; eta ez hori bakarrik, harro daude entseguz entsegu taldekide bakoitzak ematen dituen aurrerapauso txiki edo handiengatik ere. Antzerkiaren mundura gerturatzeko antzerki eskola eta, horrez gain, harrobi polita da Ordiziako Urrup antzerki taldea.
Ez dago hasiera errazik
Denboran atzera, Oianguren institutuan eman zituen lehen urratsak Urrupek. Garai hartan, Oiangurenen bazen institutuko ikasleek osatutako antzerki talde bat. Fran Garcia zen haien irakaslea eta taldearen zuzendaria. Garciak egindako lanak «garrantzia handia izan zuen», gaur egun Urrup osatzen duten kideen hitzetan, «Garciak erein baitzuen gaur egungo fruituaren lehen hazia».
Baina hastapenak sarri ez dira errazak izaten eta Urrupen kasuan ere hala izan zen; «taldeko hainbat kide unibertsitateko ikasketak zirela medio, denbora batez kanpoan» izan zirela kontatu du Arrate Leundak, eta «antzerkia alde batera» utzi zutela erantsi du. Gauzak horrela, eta une hartara arte egindako lan guztia alde batera utzi ezin zutela pentsatuz, Marisol Caverok taldea berriro ere martxan jartzea proposatu zion herrian gelditutako hainbati. «Taldean aritutako gutxi batzuk baino ez zeuden une hartan Ordizian eta horregatik beste batzuei ere dei egin zigun», argitu du Leunda ordiziarrak. Leunda eta Cavero dira hasiera-hasieratik irauten duten Urrupeko bi aktore bakarrak.
Cavero zuzendari lanetan jarrita, Cuentalo tu que tienes mas gracia antzezlana estreinatu zuten. Madrilgo erdigu-nean kokatutako Castellana-azka Building izeneko hotela zuen eszenatoki, eta hiru prostituta eta beren bezeroen arteko harremanen inguruan aritzen den antzezlana zen, guztia umore giroan.
Barre artean gogoratzen du Leundak Caverok taldearen gidaritza hartu eta aktoreei ezer esan gabe, estreinaldirako eguna hartu eta aktoreen zerrenda osatu zuela. Taldeko inork ezer ere jakin gabe hartu zituen erabakiak garai hartako zuzendariak eta «entsegu egun batean, estreinaldirako eguna jarrita zegoela» esan zien. «Ziurrenik, taldeak martxa hartzeko behar zuen bultzada zen», erantsi du Leundak, «nahiz eta une hartan guztiak jota utzi».
Baina kokildu gabe, aurrera egin zuten. Caveroren erabakiak «entseguak seriotasun gehiagorekin hartzeko» balio izan ziela esan du Leundak. Estreinekoaren egunaren presiopean, «lana gogotik» egin zuten eta «emaitza ere mundiala» izan zela kontatu du Ordiziako aktoreak. «Gehiegi espero gabe, antzokia jendez bete» egin zela gogoratu du Leundak eta «publikoak izandako jarrera oso ona» izan zela.
Urrup antzerki taldeak jendaurrera eramaten zuen lehenengo antzezlana zen eta emaitza ikusita «lanean jarraitzeko indar biziz» bete zituen taldekideak. Horrela sortu zen Urrup antzerki taldea.
Handik urtebetera, gaur egun taldearen zuzendari Rosa Rojo beasaindarrak hartu zuen gidaritza. Antzerki talde baten bila zebilen une hartan Rojo eta Ordiziako taldea, berriz, zuzendari baten bila. «Udaletxera joan nintzen antzerki tailer bat antolatzeko eskaintza egitera eta han, herrian antzerki talde bat zuzendari bila zebilela» aipatu ziotela azaldu du beasaindarrak.
Antzerkiaren munduan esperientzia handia duen emakumea da Rojo. Granadan izan zuen antzerkiarekin bere lehen harremana, aktore lanetan. «Lokala eta eszenatokia genituen eta antzerki klasikoarekin hasi nintzen talde hartan», gehitu du Urrupeko zuzendariak. Sei urte igaro zituen han eta ondoren Madrilera joan zen bizitzera. Interpretazio ikasketak egin zituen han. «Alderantziz» hasi zela aitortu du Rojok; «antzezten, ikasten baino lehenenago, alegia». Baina, gauzak batzutan horrela izaten dira eta halaxe izan zen hain zuzen, Urrupeko zuzendariaren kasuan.
Familia handi bat
Rojok taldearen gidaritza hartu zuenetik 24 urte igaro dira eta ongi ezagutzen ditu taldetik pasatako eta gaur egun taldea osatzen duten aktore eta teknikariak. «Urrupera iritsi orduko sentitutako energia ona eta indarra» nabarmendu ditu: «Hura izan zen gelditzeko eta taldean jarraitzeko ilusioa bizirik mantentzearen arrazoi nagusia».
Taldera iristen azkena Asier Korta segurarra izan da. Antzerkia betidanik izan du gustuko. «Urrupen aritzen zen lagun batek taldea uztekotan zebilela aipatu zidan eta aktore mutilen falta zutela ere esan zidan». Gehiegi pentsatu gabe animatu eta uztailean estreinatu zen taula gainean, Shakespeareren antzezlanean paper garrantzitsu batekin.
Segurakoak «taldera iritsi eta lehenengo egunetik taldekideen aldetik jasotako harrera ona» nabarmentu du. «Guztiek, bat kanpoan utzi gabe, etxean bezala» sentiarazi dutela aitortu du pozik Kortak eta Urrupen hasteko erabakia hartu zuenetik «egun bakar ba-tean damutu ez» dela erantsi du. Ordiziakoa, «antzerki talde soil bat baino askoz ere gehiago» dela adierazi du: «Familia handi bat da».
Shakespeare ospatzeko
Urtero antzezlan berri bat estreinatzen saiatzen da Urrup antzerki taldea. Aurtengoa, gainera, 25. urteurrena izanda, modu berezian ospatu nahi izan dute. Gogor aritu dira lanean, Shakespeareren Zuek nahi bezala antzezlana taula gainera eramateko. Estreinaldia Ordizian egin zuten, uztailaren 20an, Santa Ana festen bezperan. Aipatzekoa da, baita ere, Ordiziako Udalak, urteotako lana saritze aldera, jaietako pregoilari izendatu zituztela.
Estreinaldi batek barru-barruan sortzen dituen «emozioa eta aldi berean urduritasuna ezin askatuta», estreinaldia «bikain» joan zela kontatu du Rojo zuzendariak. Ordiziako antzokia «jendez bete zen» eta publikoaren erantzuna «beste behin ere aparta» izan zela adierazi du beasaindarrak.
Shakespeareren lan bat antzezten duten hirugarren aldia da Urrupekoentzat. Jatorrizko lana moldatu eta euskaratu ondoren, «emaitzarekin oso gustura» dago taldea . Baita Garazi Zabaleta beasaindarrak antzezlanerako sortutako abestiekin ere.
Uztailean Ordiziako Santa Ana jaietako estrenaldiaren ondoren, Beasaingo Usurbe antzokira eramango dute antzezlana, azaroaren 3an.
Horrez guztiaz gain, Urrupen 25 urteak biltzen dituen liburu bat ere prestatzen ari dira eta taldekideek aurreratutakoaren arabera, laster izango da ka-lean. Taldearen historia eta argazkiak bilduko ditu eta datorren urrian aurkeztea espero dute Ordiziako Barrenan.