Aurtengo udan hamaika albiste iritsi zaizkigu turismoaren inguruan, haietako batzuk Donostian kokatuak. Gaur egungo turismo eredua zalantzan jarri duten ahotsak altxatu dira gurean; erakunde ofizialek eta turismo sektoreko eragileek, berriz, «Tourist go home» bezalako mezuen eta hainbat ekintzen erabilera salatu dute bisitariak uxatuko dituzten beldur.
Beste paraje are turistikoagoetan, berriz, ez daukate horrelako arazorik, ez horixe. Espainiako turismoaren ikono den Benidorm hirian, esaterako, turismoa are gehiago bultzatu nahian dabiltza eta, horretarako, hiria Gizon-Emakume guztien Ondare izendatzeko izapideetan hasita daude. Ekimena, noski, ostalariena izan da. Aditzera emandakoaren arabera, bi argudio erabiliko dituzte izendapena eta ondorengo diru-laguntzak lortzeko: parajean nagusi den mikroklima eta hiria betetzen duen etxe orratz andana. Benidorm da, hain justu, New Yorken ondoren, metro karratuko etxe orratz gehien dituen hiria, baita munduan biztanleko etxe orratz gehien dituen hiria ere. Bistan da Benidormen ez direla txikikerietan ibiltzen. Iturri beraren arabera, azken urteotan gainera, Britainia Handian izugarrizko arrakasta duen Benidorm izeneko telesail bati esker, turista britainiarren presentzia gero eta handiago da, Brexit-ak eragin ditzakeen zailtasunak ere gaindituz.
«Gaur bertan entzun dut irratian Euskadin turismo kopuruaren gorenera iritsi garela aurten, inoizko daturik onenak lortuz. Jaurlaritza eta ostalariak poz-pozik daude»
Ez dugu ahaztu behar Imsersok eta euskaldunok erantzukizun zuzena dugula Benidormen arrakasta turistikoan; horren lekuko da parte zaharrean dagoen Euskaldunen eremua izeneko inguru bat. Beste izendapen tamalgarri bat ere erabili ohi dute aipaturiko kaleak izendatzeko: Calle del coño, (nonbait, bertan elkartzen diren euskaldun gehienak elkarren artean ezagutu eta «¡Coño, que haces tu por aqui!» ahotan daukate etengabe). Aitortuko dut ni ez naizela inoiz Benidormen izan eta informazioa hiria iragartzen duen web batetik aterata dagoela. Horrela dio zehatz-mehatz: «El turista podra disfrutar de un ambiente bullicioso y cosmopolita que le teletransportara a cualquier calle de pintxos de alguna ciudad de Euskadi». Horixe besterik ez genuen behar, Donostiako parte zaharrean giri pintxojale amorratu gutxi ez, eta Benidormekoak ere tele-garraiatzea.
Gaur bertan entzun dut irratian Euskadin turismo kopuruaren gorenera iritsi garela aurten, inoizko daturik onenak lortuz. Jaurlaritza eta ostalariak poz-pozik daude. Gauzak horrela, ni ere Benidorm Gizateriaren Ondare bihurtzearen alde nago eta, bide batez, Donostiatik garraio-zerbitzu azkarra eskaintzea bururatzen zait Donostiako parte zaharra turistez zertxobait arindu eta bakarren batzuk behintzat Benidormera desbideratzeko. Susmoa daukat nire ekimenak ez duela ez erakunde ofizialen ez ostalarien aldetik diru-laguntzarik jasoko.